|
|
|
Azpeitiko efemerideak
Otsailaren 3a
- 2007. Francisco Garate jaio zela 150. urteurrena ospatu zuten Loiolako Basilikan, Donostiako gotzain izandako Jose Maria Setien zela.
- 2002. Azpeititik Urrakirako errepidearen inguruan gertatu zen sute txiki bat arratsaldeko lehen orduetan, eta denbora batez errepidea itxita izan zen.
- 1946. Azpiroz eta Aiako Txikia neurtu ziren zezen-plazan, 8.000 metro egiteko. Azpirozek irabazi zuen 31'01''4/5 denbora eginez. Aiako Txikia erretiratu egin zen, 4.900 metro egin ondoren (19' 08'').
- 1902. Joxe Frantzisko Etxanizek eginiko eskaera onartuz, Urrestillan elektrika indarra sartzeko egiten ari ziren lanak amaitzeko 20 eguneko luzapena eman zitzaion.
- 1897. Musika Bandaren arautegi berriaren bozketa egin eta onartu gabe gelditu zen.
- 1862. Madriletik idatzi zuen alkateak, esanez ate guztiak jo bazituen ere ezin zuela norbait aurkitu, Santo Domingo komentuan egin nahi ziren aldaketak onartuko zituena. Komentuaren zati bat hartu eta enparantzara zabaltzea zen aldaketa. Azkenean, probintziko Foru Diputazioak zerikusia izan zezakeela zirudien, eta hara idaztea erabaki zuen herriak, Espainiako erreginari bere garaian eginiko eskariaren kopia bidaliz.
- 1857. Errekarte baserrian, Frantzisko Garate Aranguren jaio zen. Jesusen Lagundiko Anaia eta apaltasunaren ispilua izan zen, batez ere, Deustuko Ikastetxe nagusian atezain bezala egin zituen urteetan. Aita santuak, 1985eko urriaren 6an, beatifikatu egin zuen.
- 1835. Rodil jeneralak herriari ezarritako isunari erantzuteko, aurreko urteko irailaren 10an dirua aurreratu zuten biztanleek, ordaintzat alkatearen ordezkariak emandako errezibuak ikusi ondoren, giroa zerbait lasaitu bitartean ezin zitekeela herriari dirua itzuli erabaki zuten agintariek.
- 1824. Udalbatzarrean Inazio Gurrutxaga, Juan Joxe Zubillaga, Joxe Bikendi eta Joxe Antonio Larraņagak eginiko eskaria irakurri zen. Herrian zen tropari laguntza ematean, beraien idi pareak eta gurdiak galdu zituztela adierazi zuten, eta bizia galtzeko zorian izan zirela mendiz mendi ihesi egin behar izan zutelako. Eskarian jakinarazi zuten gainera, euren ordez lan bera egiteko aukera zuten beste zenbait jauntxo lasaitasun osoan gelditu zirela. Herritarren artean eskaera egiten zutenei laguntza emateko diru bilketa bat egitea erabaki zuen udalak.
- 1791. Urrestillako parrokiko erretaula nagusia egiteko eskritura onartu zen.
- 1741. Caracas hirian (Venezuela) bizi zen herriko Inazio Loperenari eta beste zenbait Inazio donearen jarraitzaileei, parrokiko erretaula nagusia urreztatzeko laguntza eskatuz idaztea erabaki zen.
- 1741. Apezpikuak, parrokiko erretaula nagusiko sagrarioa eta nitxo berezia urreztatzeko baimena eman zuen.
- 1708. Hondamen osoan zen Egimendiko San Pedro ermita konpontzea erabaki zen.
- 1708. Biztanleei deituta, Zestoara bitarteko bidea konpontzea erabaki zen, ahalik eta saritu beharreko ofizial gutxien hartuz eta gehienbat eguerdiko ohiko freskagarriarekin konformatuko zirenak izanik hauek.
- 1696. San Martin ospitalean berriztatze lanak egitea erabaki zen.
- 1690. Maisuen iritziak jaso ondoren, Frantziskanen buruari parroki atzean zituzten etxe eta labeak botatzeko agindu zitzaion, erortzeko arriskuan zirelako. Bestela, herriak botako zituela, baina gastu guztiak komentuak ordainduz.
- 1645. Herriak Joanes Arangurenek Sevillatik (Espainia) bidalitako zilarrezko 6.000 erreal zituen, Nikolas Saez Elolaren memoriak sortutako interesak ziren, eta haren kaperako sei apaizen artean banatzea erabaki zen. Berehala deitu zitzaien sei apaizei, hartzeko zutenaren berri eman eta ordainketa egiteko.
- 1570. Olioa hornitzeko gogoa zuenik agertu ez zenez, nahi zuen guztiak herriratu eta saltzeko baimena ematea erabaki zen, aurrez agintariek dastatu eta prezioa jarriz.
|