|
|
|
Azpeitiko efemerideak
Otsailaren 1a
- 1959. Juan Ibarguren Manterola eta Joakin Atxega neurtu ziren 152 kiloko harri kubikoarekin, Atxegak bederatzi altxaldiren aldea zuela. Manterolak 215 eta 82 bider altxatu zuen, eta Atxegak abantailaz zituen bederatzi eta 72 bider hasieran eta 82 bider bigarrenean. Biek ere 15 minutuko bi saioetan egin zituzten altxaldiak.
- 1915. Udaletxeko balkoietako burdin lanak egin zituen Frantzisko Xabier Lapeirari aldaketa batzuk egitea agindu zitzaion.
- 1910. Iņaki Azpiazu jaio zen.
- 1909. Santa Ana enparantzatxoko 6. zenbakia zuen etxearen horman zen Inazio donearen irudi margotua txukuntzea erabaki zen.
- 1886. Errukietxeko juntak bertara ura ekartzeko lanak oraindik ez zirela amaitu adierazi zuen, aurrez garbitoki bat egin behar zelako.
- 1869. Herriaren beheko sarreratik plaza Txikira bitartean harriztatze berria egin eta urak jasotzeko, kalearen erdian hodieria jarri zen. Ondoren, etxeetako jabeei, teilatuko urak jaso ahal izateko eurek kanaleratzeko eta hodieriak jartzeko eskatzea erabaki zen.
- 1869. Inauterietan, igande eta asteartean, zezenkoak jolasteko enparantza nagusian itxitura jartzea erabaki zen.
- 1869. Gasteizko Telegrafo Probintzialeko buruari, telegrafia estazio bat jartzeko behar zen gelak nolakoa izan behar zuen galdetzea erabaki zen.
- 1861. Erdi kaleko harriztatze berriaren likidazioa onartu zen.
- 1858. Udala eta errukietxeko juntak etxea zabaldu eta egokitzeko Elias Mendiolarekin eginiko hitzarmenaren berri eman zen.
- 1849. Probintziako Politiko Buruak eman zuen baimenaren berri adierazi zen: ezabatutako San Agustin komentuko atarian bi arku egitea.
- 1829. Frontoi berri bat eta iturria egiten ari zen herria, baina Simon Bidaurrek inguruan zuen baratza horretarako beharrezkoa zuenez, Bidaurrerekin konponketa batera iritsi bitartean lanak aurrera eramateko ez zen erabakirik hartuko.
- 1815. Probintzian ziren tropak zituzten beharrei erantzuteko, hilean 80.000 erreal behar zirela jakinarazi zuen Diputazioak. Dirutza hori herrien artean banatuz eskura zitekeen. Egoki hartu zuen herriak, bertan zen tropari erantzuteko bi hilabetean beharko zuen olioa, egurra eta lastoa biltzeko gestioak egiten ari baitzen inguruko herriekin bat eginda.
- 1739. Elolaren kaperan egurrezko zoru berria jartzea erabaki zen.
- 1693. Herritar gutxi agertu zirelako bertan behera utzi zen udalbatzarra, berriro iluntzerako deituz eta 500 maraiko isuna izendatuz joaten ez zenarentzat.
- 1653. Probintziak Bidaniko San Bartolome elizan hilaren 17an egin zen batzar berezira deitu zuen, eta herriak Iņigo Alzaga alkatea, Martin Eleizalde eta Saloguen lizentziatua izendatu zituen prokuradore Bidanira joateko. Batzarreko gai nagusia erregeak laguntza eske eginiko deialdia izan zen. Herria, berriz, sekulako larrialdian zen orduan.
|