|
|
|
Azpeitiko efemerideak
Urtarrilaren 29a
- 2007. Urola Ikastolaren eraikin berria zabaldu zuten, Perdillegin.
- 1974. Ibaieder eta Urola ibaiek bat egiten zuten tokia estaltzeko proiektua ordaindu zuen herriak.
- 1964. Julian Elorza hil zen Donostian. Gipuzkoako Diputazioa eta Eusko Ikaskuntza, bi erakunde hauek zerbitzen eraman zituen bere bizitzako urterik gehienak. Diputazioan hamabost urte egin zituen eta hiru alditan buru izan zen, gainera. Eusko Ikaskuntzan, berriz, sortu zen unetik gerratera bitartean izan zen lehendakaritzan.
- 1951. Luzio Martinez zoriontzea erabaki zuen udalak, herriko erretoretzarako izendatua izan baitzen.
- 1951. Kale garbitzaileentzat uniformeak erostea erabaki zen.
- 1951. Erdi Heziketa eta Profesional Ikasketarako Zuzendaritza Nagusiari, herrian Nekazari eta Hazkuntza Ikastetxe bat zabaltzeko eskaria egitea erabaki zen, konpromisoa hartuz beharrezko ziren lurrak Espainiako estatuari emateko Eskuztan edo beste toki batean.
- 1940. Astegunetan ez ezik, igande eta jai egunetan ere gaueko hamaika eta erditan herriko tabernak ixtea erabaki zen.
- 1912. Udalak, Musika Akademia eta Herri Musika Bandaren barne arautegia onartzea erabaki zuen.
- 1866. Nuarbe auzoko biztanleek eginiko eskaera onartu eta herriak bertako ermita handitzea erabaki zuen.
- 1814. Utzitako haurrak hazten zituzten inudeen egoera larria salatu eta Diputazioari jakinaraztea erabaki zen, herriari ezinezkoa egiten baitzitzaion beraien lana behar bezala ordaintzea.
- 1800. Herriaren argikuntza lanetarako tratua egin zuen herriak Joxe Inazio Otaņorekin. 1.900 erreal ordaindu zitzaizkion.
- 1800. San Agustingo paretak behar bezala txukuntzea erabaki zen.
- 1734. Pedro Salsamendi jaunak, aurrez eskrituratan zuen baldintza beraiekin, haragi horniketan jarraitzeko proposamena agertu zuen. Baina iraila eta urrian larrabehia saltzeko eta aurrez egin bezala urte osoan, ostegunero, idisko bat edo behia hiltzeko baimena eskatuz. Egindako proposamenari buruzko erabakia hartzeko, igandean, meza ondoren, herritarrei udalbatzarrera deitzea erabaki zen .
- 1649. Domingo Aranguren eta Juan Arzadun apaizak egindako eskaera kontuan izanik, herriak Elolaren kaperako kaperau izendatu zituen.
- 1613. Gaztelako Kontseilu Errealak parrokiko apaizei beraien soldata altxatzea agindu zuen eta eginiko eskaria egokitzat hartu zen.
- 1592. Kalagorriko apezpikuaren eskuetan zela gaia, San Agustin komentuaren fundazioa bizkortzeko ahaleginak egitea erabaki zen .
|