|
|
|
Azpeitiko efemerideak
Urtarrilaren 27a
- 2004. Joseba Albizu txirrindulariak Euskaltel-Euskadirekin bi denboraldirako kontratua sinatu zuen.
- 1972. Herriak erositako Beloki ingurua urbanizatzea erabaki zen, horretarako Amuko zubiaren inguruan hasi eta bertaratzen zen ubidea estaliz.
- 1908. Enparantza nagusian zezenak ibiltzearen aurka agertu ziren Joxe Uranga eta Frantzisko Mari Alberdi; bertan bizi ziren biak. Agintariek handik aurrera, Sebastian donearen egunean, Inauterietan eta gainontzeko egunetan, zezenak Santiago kalean ibiltzea erabaki zuten.
- 1903. Zezen-plazako obrak zatika ordaintzeko egin zen aurrekontu berezia onartu zen.
- 1902. Julian Ortizek eginiko proposamena onartu zen. Otsailaren 2rako Musika Banda osatuko zela, eta egun berean eta Inauterietan kaleratuko zela zioen proposamenak.
- 1902. Ramon Nazabali, Urrestillako biztanleen etxeetara elektrika argia eramateko baimena eman zitzaion.
- 1897. Urrestillako frontoian konponketa lanak egitea onartu zen.
- 1868. Urrestillan, lehen ikasketa osoak egiteko mailako umeen eskola berri bat eraikitzea erabaki zen.
- 1868. Frantziskanen komentuko lekaimeek eginiko eskaera ontzat hartu zen; hau da, Zelailuzen ez zitezela inoiz zuhaitz handi eta luzeak izan.
- 1758. Edozein ibaitan edo errekatan aurki zitekeen ahate edo antzar, akabatu eta askatasun osoz etxera eramateko baimena eman zuen herriak.
- 1719. Legazpi eta beste zenbait herrirekin osatutako elkartearen berri eman zen, zerbait gertatzen zenean laguntza aurkitu nahian. Fidelari ahalmena eman zitzaion une horietarako 80 gizonezko armatu prestaturik izan zitzan.
- 1709. Sagardoa saltzeko txanda zozketa egin zen. Hiru saltzaile bakarrik agertu ziren sagardo hutsa zutenak eta hamabi urarekin nahastuta zutenak. Denak herriko sagarrarekin eginak ziren. Kanpoko eta herriko sagarrarekin eginiko sagardoa zutenak, berriz, sei saltzaile ziren.
- 1690. Parroki atzeko iturriaren inguruan Frantziskanek zituzten etxeak eta labea hondamenean zirela jabetuta, eta jende asko nolako arriskuan zen ikusteko eta jakiteko, maisu zurgin batzuk izendatzea erabaki zen.
- 1674. Landeta etxearen aurrean zen San Pedro ermitan eginiko konponketak ordaindu ziren.
- 1673. Ostiralean, herri aginduak seinalatuta zuen orduan, udalbatzarrera agintari guztiak agertzea aipatu zen, eta horrela egiten ez zutenei isuna jarri zitzaien.
- 1668. Errege egunean agerraldi edo alardera agertu ez zirenei isuna jartzea erabaki zen. Jatorrizko herritarren eta haien semeei mila marai, eta biztanleei eta semeei, berriz, 500 marai.
- 1629. Batzar Nagusia egiteko, Juan Arandiari hain zuzen bere etxean gela handi bat egokitu zezan eskatu zitzaion.
- 1629. Gipuzkoako Batzar Nagusiak ospatzen zirenean, Juan Goitiarekin hitz egitea erabaki zen, korrejidorea bere etxean har zezan.
- 1520. Kristobal Marigorta maisuari parrokiko Zurbano kaperarako egin zuen burdinsare handia ordaindu zitzaion.
|