|
|
|
Azpeitiko efemerideak
Urtarrilaren 24a
- 1997. Herriko udalak, egin nahi den saihesbidearen bi alternatiba jasotzen zituen maketa jarri zuen ikusgai.
- 1985. Lurgintza Nekazari Elkarteak, bere etxe nagusia inauguratu zuen.
- 1981. Patxi Altuna euskaltzain izendatu zuten, Azpeitiko udaletxean egin zen ekitaldian. Besteak beste, Luis Villasante euskaltzainburua, Koldo Mitxelena eta Luziano Lazkano orduko alkatea izan ziren ekitaldian.
- 1967. Eskuzta zelaian errekin geltoki bat jartzeko lehiaketa antolatzea erabaki zen.
- 1949. Urrestillan jaio zen Juan Joxe Uranga Segurola, euskal idazlea. Bidez eta Yakin aldizkarietan idatzi zuen eta Irun Hiriko Saria irabazi zuen Ibaia ta itxasoa: Kantauri ta Bidasoa olerkiarekin.
- 1935. Herriko erlijio eta antzeko elkarte zibilek eginiko eskaera aztertu zuten agintariek. Enparantza nagusian eta beste zenbait tokitan dantza debekatzea eta kalejirak ere, berriz, ohitura ez bihurtzea eskatzen zen. San Inazio jaietan ere, hiru gauetan bakarrik musika jartzea eta Musika Bandak dantzarako doinuak jotzen zituenean, vals baten ondoren solteko hiru pieza jotzea, era horretan txandatuz, eskatzen zen. Margaritas deitutako elkarteak ere bat egin zuen eskaera horrekin beste idatzi baten bidez. Alkateak, batzarra inolako erabakirik hartu gabe moztu zuen, baina zinegotzi batek adierazi eta gero, Musika Bandaren arautegia aldatuko zela, garbi utziz dantza heldua ez zuela udalak herrian sartu.
- 1932. Jesusen Lagundia ezerezean uzten zuen dekretuaren aurka manifestaldia egin zen.
- 1910. Joxe Inazio Zudupek San Agustingo arkupean jarri nahi zuen kioskoaren planoa onartu zen.
- 1867. Frantzisko Alberdi Baltasar pilotaria jaio zen. Mardura puntistarekin batera agertu zen frontoietan eta harekin bat eginda, ia menperatu ezinezko bikotea osatu zuten. Nahiko gazterik hil zen, ordea, Baltasar.
- 1859. Enparantza nagusitik parrokira bitarteko espaloia jendetzarik gehien ibili ohi zen tokietako bat zela jakinik Ñfrontoiaren aurrean igarotzen baitzenÑ egokitzea erabaki zen.
- 1853. Matxinbentarako zirujaua izendatzeko onartuz, gobernadorearen gutunaren berri eman zen.
- 1786. Herritar guztien ongarri izan zitekeela irudituta, olioa, bakailaoa eta koipea, askatasun osoan saltzeko baimena eman zen; alegia, nahi zuenak salmenta egiteko baimena.
- 1779. Irudituta gehiegizko iraupena zutela, Inazio donearen feriak zazpi egunekoa izan beharko zuela erabaki zen, santuaren egunean dendak zabaltzea debekatuz, eta Santo Tomas inguruko feriari egun horretatik Gabon bezpera bitarteko iraupena emanez.
- 1719. Diputazioaren eskaerari erantzunez, jatorrizko herritarren eta biztanleen zerrenda egitea erabaki zen.
- 1698. Antonio Sarria eskribauari agindu zitzaion udaletxean izan zen urtebeteko erabaki guztiak liburuan idazteko, eta bitartean etxetik irten gabe egongo zela gainera, kartzelan igaro nahi ez bazuen behintzat denboraldi luzea.
- 1698. Konturatuta herriz kanpoko errotetara eramateko zatika gariak ateratzen zirela, gertatzen zena zaintzen ahalegintzea erabaki zen.
- 1656. Ikusita herrian izango ziren batzar nagusietara zetozen musikari batzuk herritarrek bere etxeetan ez zituztela hartu nahi, fidelari haientzat ostatua aurkitzeko agindu zitzaion, herriak ordainduz.
- 1531. Juan Alzagak testamentua egin zuen, parrokian bere abizeneko kapera sortuz.
- 1399. Santa Maria de Pelayosen erregeak emandako zedula baten bidez, ordainketa batzuk egitera herria salbuestu zen.
|