Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Efemerideak »  Urtarrila »  Urtarrilaren 16a

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Azpeitiko efemerideak

Urtarrilaren 16a

  • 2006. Loiolatxo bota egin zuten. Toki horretan, Gipuzkoako Foru aldundiak autoentzako aparkalekuak egingo ditu. Loiolatxo Elkartekoek tren geltoki ondoan dute egoitza berria.
  • 2003. Frantzian, Bourges herrian, Xabier Etxeberria Jauregi Txapi eta Jabier Agirre Odriozola Jabi ETAko ustezko kideak atxilotu zituzten.
  • 1997. Karmelo Etxegarai Ikastolak 79 ikasle zigortu zituen, Jesus Arkauz ETAko kidea Espainiako agintarien eskuetan jartzearen aurkako manifestaldian parte hartu zutelako egun horretan.
  • 1934. Nuarbe auzora autoarekin eguneroko zerbitzua egiten zuen Pablo Azkueri udalak 500 pezetako diru laguntza ordaindu zion.
  • 1900. Aiako Joxe Tejeria Mugaz urkatu zuten Azpeitian. Urte eta erdi lehenago haren aita hil zuen. Sei bat mila lagun bildu ziren urkatzeko orduan. Urkatu aurretik aita Aizpuru jesuita urka tokitik hitz egiten hasi zen, Ònorbaitzuk aholkua eman eta bere burua garbitzeko asmoz, eta Tejeriak bere aita zenaren ondra zikindu zuela, bere emaztearekin konpontzen zela esanez, baina guztia gezurra zela''. Hitzaldiaren ondoren, borreroak burdin uztaia jarri eta gero, beste apaiz bat Kredoa errezatzen hasi zen, eta halaxe hil zuten Tejeria. Hainbat bertso paper zabaldu ziren Euskal Herrian gertaerari buruz; egun batean, Juan Mari Zubizarreta sei mila bertso paperekin agertu zen Azpeitian, eta guztiak saldu zituen.
  • 1899. Bartole Uzinek, beste batzuekin elkartuta, azoka plaza estali bat eraikitzeko egindako eskaeraren berri eman zen, ezinezkoa iruditzen baizitzaion Azpeitiko Udalari beraiek egitea. Udalak, ordea, asmo berdinak zituen eta proiektu bat eskuartean zuen.
  • 1858. Probintzian barrena ibiliko zen trenaren bidea egiteko herriak 40.000 errealeko diru laguntza ematea erabaki zen.
  • 1830. Azokak nolabait egokitu nahian, enparantzan eserlekuak jartzea erabaki zen, tartean gerturatzen zen jendea ibiltzeko bideak utziz. Udaltzainak zaindu beharko zituen eserlekuak, haietan esertzen zenari txanpon bat edo gehiago kobratuz, baldin eta toki handiagoa betetzen bazuen saltzera emandako generoekin. Bide batez, etxetik emandako aulkiekin, otarrekin eta generoekin bide horiek oztopatzea ere debekatu egin zen.
  • 1830. Elurte handia zen, eta agintariek herritar guztiak bakoitzak bere etxeko teilatuetan zen elurra kentzera gonbidatzea erabaki zuen, horrela era guztietako arriskuak baztertu nahian.
  • 1705. Gragori Sarasuak zazpi urte aurretik Soreasu errota errentan eduki zuela esanez idatzi zuen. Eta hark utzitako tresna batzuk eta orduan jaso nahi zituenak han zeudela adierazi zuen. Udalak, Zuazola erregidoreak eskaerari erantzuna eman zezan agintzea erabaki zuen.
  • 1693. Herriak urte honetan, ardoaren zerga kobratzeko, Jazinto Arsuagarekin zuen eginda eskritura, baina ohiko fidantzak eskainiko zituela agindu bazuen ere bere garaian, ez zuen horrelakorik eginda eta alkateak kartzeleratuta zuen. Arsuaga ezkongabea zenez eta orduan, behintzat, agindutako fidantza emateko ez zuenez ondasunik, berriro enkantean jartzea erabaki zen eta errematea gehien eskaintzen zuenarekin egingo zen.
  • 1693. Domingo Larrondok urtean zehar haragi hornikuntza egiteko eskaintza egin zuen. Gaztela eta Nafarroako ahari libra 28 marairen saltzen zuela, behia 18 marairen harakei izanik San Juan eguna bitartean eta Gabonetatik Garizumara bitartean, eta gainontzean bestelako behia. Zioa, berriz, zortzi laurdenetan eta kandela gaia hamarrean. Bestalde, herriari zilarrezko 40 ezkutu emango zizkion Inazio deunaren festarako Gaztela edo Nafarroako zezen bat erosteko. Eta, gainera, soka bat inguratuko zuen urte guztian zehar kaleratuko ziren idiak kaleratzeko. Ontzat hartu zuen herriak eskaintza eta eskritura egitea erabaki zen.
  • 1693. Ospitaleko etxezainak derrigorrez arropa erosi beharra zutela adierazi zuen, baina horretarako dirurik ez zutela, eta batez ere, maindireak inguratzeko herritarrei eskaera bat egin zitekeela. Ospitaleko etxezainak horretarako baimena eskatu zuen. Agintariek haietako bat eta ospitale kaperauaren laguntzarekin, udaltzain bat ere eurekin zutela, irten zitezela erabaki zuten.
  • 1646. Ospitaleko etxezaina zen Domingo Kortaberriak eginiko eskaerari buruz abokatu batek emandako iritziaren berri adierazi zuen alkateak: 140 dukat ematekoa alegia. 1631ean, enparantza nagusia zabaltzeko lanak ordaintzeko herriko agintariek 200 dukat hartu zituztelako zentsuan ospitaleko kaxatik. Ordaindu aurretik eta gertatzen zenaren berri jakiteko urte horretan agintaritzan zirenekin harremanetan jartzea erabaki zen.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak