Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 7,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Efemerideak »  Urtarrila »  Urtarrilaren 15a

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Azpeitiko efemerideak

Urtarrilaren 15a

  • 2007. Antxieta Etxea ireki zuten, eraberritze lanak bukatu ondoren, adimen urritasuna duten eskualdeko pertsonentzako egoitza bezala.
  • 2004. Andoni Aranaga txirrindulariak profesionaletara saltoa eman zuen Belgikako Chocolade Jacques taldearekin.
  • 2002. Eusko Gobernuko Batzordeak, Patxi Goenaga azpeitiarra, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sailburuorde izendatu zuen.
  • 1988. Eusko Gobernuak Urola trenari buruz Ineco etxeak eginiko ikerketa aurkeztu zuen Gasteizen.
  • 1977. Mariano Haro lasterkalariak 10.000 metro egin zituen zezen-plazan, 29'52'' denboran.
  • 1967. Santos Iriarte Errekartetxo eta Joakin Alberdi neurtu ziren, bi enbor 54 ontzakoak ebaki eta bi kilometro lasterka egiteko. Errekartetxok irabazi zuen proba; 83 minutu egin zituen bere lanean, Alberdi erretiratu egin zen lana amaitu aurretik, 70'30'' egin ondoren.
  • 1912. Zumaiako Udalak bidaltzen zuen gutunaren berri eman zen: Inazio donearen eguna jai hartzeko eskaria.
  • 1906. Akilino Izagirre Amenabar jaio zen Azpeitian. Errezilgo Zepai baserrian hazi zen eta deitura hori hartuko zuen bertsolari handiak.
  • 1890. Auzolanean Enparan eta Estradako-erreka bitartean zen bidea egokitzen ari ziren langileei 200 zatiko ematea erabaki zen, ogia eta ardoa.
  • 1740. Bere ohiko txanda betetzera berehala Korrejidorea herriratzekoa zen. Udaletxean inolako konponketarik egin behar zen begiratzea erabaki zen, Korrejidoreak bertan egon behar baitzuen.
  • 1707. Abokatuen iritziak jaso ondoren, egun honetatik aurrera eta urtea amaitu bitartean, ardoari sei maraiko zerga ezartzea erabaki zen. Esaten zen 1658ko urriaren 16an eman ziola herriari baimena erregeak taberna guztietan saltzen zen pitxar ardoari zerga hori ezartzeko eta ordura bitartean 20.000 dukat jaso zirela, herriaren zorrak ordaintzeko, zuhaitz landaketak egiteko, eta abar. Zerga horretaz gainera, beste zortziko txiki bat ere ezarri zitzaion aurretik izandako ohitura bati jarraituz. Nahiz eta zerga horren bidez diru laguntza handia eskuratu, herriak orduan, gutxi gorabehera, zilarrezko 12.000 dukat zituen zorretan, 7.000 dukat ordainketarako ziren eta beste 5.000 dukati ezin erantzunda aurkitzen zen, eta ondorengo urteetan, berriz, urteko 6.000 dukaten zorrak sortuko zirela adierazten zen. Kontuak horrela, erregeari zerga horiek zerbait altxatzeko eskaera egitea erabakita zuela adierazten zen.
  • 1706. Gipuzkoako Batzar Nagusiak izango ziren herrian eta erabakiak hartu ziren dena prestatzeko. Tartean batzarkideek ostatu izango zituzten etxeak. Inazio Beriztain zirujauarenean, Donostia, Errenteria, Usurbil eta Zarauzkoak; Pedro Zelaiaran jaunarenean, Hondarribia, Oiartzun, Asteasu eta Andoaingoak; Frantzisko Morenorenean, Azkoitia, Orio eta Hernanikoak; Maria Sustaetarenean, Arrasate, Bergara, Gatzaga bailara, Zizurkil, Zumaia eta Saiaz; Antonio Olazareginean, Segura, Zegamako batasuna, Areriko batasuna, Bozue handia batasuna eta Ataun; Katalina Urteagarenean, Deba, Mutriku, Getaria, Urretxu eta Legazpi; Katalina Mendizabalenean, Elgoibar, Eibar, Soraluze, Aizpurua batasuna eta Agisano batasuna; eta Arzadun jaunarenean, Urnieta, Berastegi, Elduaien, Astigarraga eta Zubiberria batasunakoak.
  • 1692. Elizaren bidez deialdiak egin arren, herriko artxibategian falta ziren paper bakar baten berri ematera ere inor ez zela agertu ikusita, agintariek Nuntzioari eskomikua edo Paulina deiturikoa eskatzea erabaki zuten.
  • 1671. Herritar Domingo Gaztañaondo apaiza agertu zen udalbatzarrean, Frantzisko Zelaiaran batxilerra ondoren zuela. Zelaiaran lehen meza emateko prest zela eta, herriak baimena eman eta horretarako eguna izenda zezan eskaera egin zuen. Kandelaria eguna izendatuko zioten meza berria emateko.
  • 1651. Gonbidapen, eskaintza eta osperik gabe Meza Berriak ematea erabaki zen.
  • 1573. Garizumako egun batzuetan, Zuola batxilerrari erromantze erako sermoiak egitea eskatzea erabaki zen.
  • 1431. Lope Garcia Lazkanok bere testamentua egin zuen Azpeitian.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak