|
|
|
Azpeitiko efemerideak
Urtarrilaren 14a
- 2006. Iraurgi Saskibaloi Taldeko kadete mailako Caldereria Zaher taldekoek Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuten, Cafes Aitonaren kontra.
- 2004. Iraurgi Saskibaloi Elkarteak Azkoitia eta Azpeitirako kirol-proiektu ekonomikoa aurkeztu zuen Soreasun.
- 2003. Azkoitiko eta Bergarako herriek antolatu ohi zuten Organo Erromantikoen Nazioarteko Ziklora batu zen Azpeitia, eta horrela zikloaren IV. edizioan bi kontzertu eskaini ziren Basilikan. Kontzertuak Willibald Guggenmosek, Municheko Katedraleko organista nagusiak eta Esteban Elizondok, Donostiako Kontsebatorioko Organo Katedradunak eskaini zituzten.
- 2000. Segabathor musika taldeak, Baionako Gazte Leiho maketa lehiaketako hirugarren saria jaso zuen.
- 1957. Errege bezperako Kabalgatarako Oargi taldeak aurkeztu zuen 1.800 pezetako aurrekontua ontzat hartu zuen udalak.
- 1895. Idi dema apustuetarako orduan zegoen harria baino txikiagoa inguratzeko agindu zitzaion alkateari.
- 1855. Ohiko jaialdiak enparantzan egiteko
- 1846. Alkateak, Santo Domingo komentuan Guardia Zibilari tokia prestatzeko eginiko lanak jakinarazi zituen.
- 1777. Olioa, lihoa, xaboi, almendra eta alondegian sartzen ziren antzeko generoak erostea debekatu zitzaien bersaltzaileei, bakoitzaren bandoa eman eta lau ordu igaro bitartean. Ondoren ere fidelaren baimena beharko zuten, edo, bestela, zigorra jasoko zuten.
- 1742. Juanelarro deituriko tokitik hasi eta Loiolako Etxe Santuraren aurrera bitartean bide egoki, zabal eta eder bat egitea erabaki zen.
- 1682. Diputazioak bidalitako gutuna irakurri ondoren, lehen iganderako 18 urtetik 60 urte bitarteko herritarrei eta biztanleei deitzea erabaki zen. Arma eta munizioak zituztenak, haiekin agertu beharko zuten herriko enparantzan Sebastian donearen egunez, 500 maraiko isuna jaso nahi ez bazuten behintzat.
- 1682. Diputazioaren deialdi bat jaso ostean frantziarren aurka joatea ere erabaki zen. 300 soldaduko taldeak irten zuen herritik, beharrezko ofizialekin, eta hauen artean Juan Antonio Agirre kapitain (Inazio Agirre Ibarluze zahartuta zegoelako) eta Martin Eleizalde teniente izendatu ziren. Sarjentuak ere izendatu ziren, Sebastian donearen egunean 300 laguneko taldea osatzeko aukeraketa egingo zela adieraziz.
- 1678. Martin Garatetxea maisuari albistea pasatzea erabaki zen, koruko ganga margotzea kobraturik zuenez lana egiteko eskatuz.
- 1678. Eskuztako zelaian zuhaitz gazteak landatzea ez ezik, zeharkatzen zuen paretak egokitu eta iturri bat jartzea erabaki zen.
- 1678. Parrokiko atarirako egin ziren eserlekuak ordaintzea erabaki zen.
- 1674. Apirilean Gipuzkoako Batzar Nagusia herrian izango zenez, denak txukun irten zezan agintariak erabakiak hartzen saiatu ziren.
- 1667. Herriak izendatutako batzordeak, bere iritziz, zuhaitz landaketak nortzuk egin zitzaketen ezagutzera eman zuen: Gorostortzuko maizterrak 4.000 oinkada; Arangurenekoak 4.000; Etxenagusikoak 4.000; Otzaka-handikoak 2.000; Gomuntzokoak Erdoizta aldean 4.000; Largaratekoak 4.000. Guztira, 22.000 oinkada.
- 1667. Orduan fidela zen Frantzisko Latenta, bere etxean preso zegoen alkatearen aginduz. Herriak, gertatzen zena aztertzeko Sebastian donearen egunez, arratsaldean, udalbatzar nagusi bat egitea erabaki zuen, Latentak bere egoera nolabait eteteko herriaren laguntza eskatu baitzuen. Era guztietako iritziak sortu ziren agintarien artean, baina azkenean aipaturiko egun horretan batzar nagusia egitea onartu zen, gehiengo baten iritzia hori izan baitzen.
- 1592. Prozesio nagusietan herriko Soresuko Sebastian donearen parrokira etortzeko zuten betebeharra gogoraztea erabaki zen urrestildarrei.
- 1568. Adreilua jartzen ari ziren Elolaren kaperan, eta erretaula nahiko hondatuta zegoenez, ahalik eta azkarren egokitzea erabaki zen.
|