|
|
|
Azpeitiko efemerideak
Urtarrilaren 10a
- 1985. Jose Mari Bastidak hartu zuen ofizialki herriko alkatetza, Imanol Elias Odriozolak dimititu ondoren.
- 1979. Udalbatzarra bertan behera utzi zen, behar hainbat zinegotzi ez zirelako agertu.
- 1965. Inazio Ibarhuren eta Agustin Lazkano neurtu ziren 112'5 kiloko harri zilindrikoarekin. Ibarhurenek 158 bider altxatu zuen eta Lazkanok, berriz, 148 bider.
- 1961. Erregeen kabalgata eta danborradak kaleratu ondoren, udalak Oargi taldeari 2.500 pezeta ematea erabaki zuen.
- 1892. Martin Oiarzabal jaio zen. Orduñako Jesuiten Ikastetxean batxilergoa ikasi eta Comillasen (Espainia) egin zituen ondoren apaiz ikasketak. Zerurako bidea, Jesukristo gure Jaun eta Jainkoaren Bizitza eta Berri Ona, Santuen bizitza laburrak, El lenguaje vasco y Lati izkuntzaren joskera dira haren lan batzuk. Orixerekin batera laguntzailea izan zen E. Gogoa aldizkarian.
- 1883. Ontzat hartu zen Madalena auzunerako behar zen harria atera, landu eta garraiatzearen kontua.
- 1883. Kexak azaldu zituzten bidaiariak eta merkantziak garraiatzen zituztenek, Artetxe ostatuaren inguruan eta herriaren barreneko sarreran bidea egoera txarrean zegoelako.
- 1763. Herriak 66 baratza zituela jakinarazi zen. Guztiak, zerbait ordainduz, alokatuta zituen.
- 1739. Larunbatetan Tolosatik kartak ekartzen zituen Domingo Arzamendi azkoitiarrari 153 erreal ordaindu zitzaizkion, eta beste hainbeste ordaindu beharko zion Azkoitiko Udalak.
- 1711. Martin Zaldua maisuak, parrokian egin zuen bataio kaperako lana kobratu nahian, bigarren eskaera egin zuen, baina aurrez udalak maisuen aldetik bera aztertzeko gogoa agertu zuen.
- 1711. San Agustin komentuko obrak jarraitzeko, herriaren aldetik laguntza bereziagoa eskatu zuen Pedro Frantzisko Garaitondo fraideak.
- 1654. Maisu harginekin harremanak izan ondoren, Parrokian egin behar ziren obra handiak enkantean jartzea erabaki zen. Hamabost egunean behin egingo zen enkantea Bazko eguna bitartean, esanez langintza hartzen zuenak sei urteren barruan amaitu beharko zuela: lehen unean 1.000 dukat emango zitzaizkion eta beste 500, urtean. Herriko parrokian ez ezik, Urrestillakoan ere langintza honen berri adieraztea erabaki zen, eta Gipuzkoako beste zenbait herrietara albisteak bidali ziren, maisuek jakin zezaten.
- 1642. Korrejidorearen idatzi baten aurrean, herritar eta biztanle guztiei zituzten armen berri herriko eskribauaren aurrean aitor zezaten dei egitea erabaki zen, agindua betetzen ez zutenak bizia galtzeko arriskuarekin. Ohikoa zen bezala, agindua elizaren bidez Ñbai herriko parrokian eta bai UrrestillakoanÑ jakinaraztea erabaki zen.
- 1637. Bixente Lertxundi kapitainak idatzitako gutun baten berri eman zen: orduan Frantziarekin zen gerrarako probintziak eskainitako 600 soldaduetako bati ÑPedro AstiazaraniÑ, Azpeitiko herriak ez ziola agindutako soldatarik ematen adieraziz, ihes egin eta herriratu zela esanez. Gaiari buruz hitz egin ondoren, kapitainari erantzutea erabaki zen, esanez erregeak ematen zuen soldata eta probintziak soldadu bakoitzari emandako zilarrezko bi erreal eta libra eta erdi bizkotxo nahiko soldata zela, herriak ezer gehiago eman gabe. Esan zitzaion, era berean, Astiazaran soldadua orduan gaixo eta nahiko gaizki zegoela. Herriak, beteta zuen, beste herriek bezala, bere eginkizuna.
- 1589. Miguel Bikuña, San Agustingo priore berria, herriari eskaini zen, udalbatzarrean lehen aldiz agertuz.
|