|
|
|
Azpeitiko efemerideak
Urtarrilaren 4a
- 1984. Herriak, aurrez kuartela izandako etxean, lokalak utzi zizkion Arte eta Diseinu Eskolari.
- 1984. Udalak txostenaren eraikuntza eskubideak erosi zizkion Joxe Luis Bastarrikari.
- 1909. Probintziari lokal bat eskaintzea erabaki zen, herrian telefono zentral bat jar zezan.
- 1909. Agintariek zezen-plaza berriro enkantean jartzean, udalaren inguruko lurralde zati bat enkantetik kentzea erabaki zuten errukietxeari eskaintzeko, honek zabor tokitzat ibil zezan.
- 1904. Sebastian donearen eguneko eta Inauterietarako zezenak ez ezik, tarteko igandeetarako ere zezenak aukeratu eta tratua egiteko batzorde bat izendatu zen.
- 1900. Diputazioaren eskaerari erantzunez, herriko udalak Frantzisko Tejeriarentzat erregeari indultua eskatzea erabaki zuen.
- 1847. Akilino Amezua jaio zen.
- 1835. Gerra pil-pilean zen... Ezinezkoa zen udala osatzea aukeratutako agintariekin, herritar asko eta asko kanpoan baitziren. Baina ezinezkoa zen herria agintaririk gabe uztea, eta urtarrilerako bakar batzuk izendatu zituzten. Beste batzuk ondoren, otsailerako...
- 1814. Azpeitiar agintariek Diputazioari beraien sorpresa aurkeztea erabaki zuten: Urrestillako hiriskak izendatu zuenarekin batera, herriaren ordezkari maisu bat izendatu zutela Ņinolako kontsultarik egin gabeŅ elkarren arteko mugak seinalatzeko.
- 1711. Martin Zaldua maisuak eginiko eskaerari erantzunez, berak parrokian egin zuen bataioko kapera ikusi eta ordainketa egitea erabaki zen.
- 1711. Zumaian ospatutako Probintziko Batzar Nagusiak hartutako erabakiarekin bat egin eta herritarrak batzar nagusian bildurik, haien eta biztanle guztien izenean, zin egin zuten Loiolako Inazio deunaren egun bezperan barau egitea, eta betirako onartzea erabaki zuten.
- 1656. Joan Ansola maisuari udalbatzarrera sartzeko baimena eman zitzaion, eta honek adierazi zuen parrokiko lanak egiteko eskritura sinatzeko asmoan etorri zela. 1.000 erreal eskatu zituen bere etxebizitza herrian egokiturik izan zezan martxoaren aurrenerako. Eskribauari berehala paper guztiak presta zitzan agindu zitzaion, hurrengo egunean bertan egin zezan.
- 1656. Maiatzean herrian ospatuko ziren Gipuzkoako Batzar Nagusietarako guztia prestatuta eduki nahian, herriak elizkizunetarako predikariak aukeratu zituen: Frantzisko Zelaiaran lizentziatua eta erretorea Andre Mariaren sermoia egiteko; Miguel Otaola fraide herritarra, Felipe eta Santiago deunen sermoirako; hirugarren egunean, Gurutze eguna ospatzeko, herriko Santo Domingo komentuko Juan Troconiz fraidea; eta azken egunerako, San Inazioren ospakizunerako, Domingo Goiaz fraide herritarra.
- 1656. Bostehun maraiko multa jarri zioten Nuarbeko tabernaria zen Martin Etxanizi, aurrez agintarien aldetik ikusi eta salneurria jarri gabeko ardoa saldu zuelako. Gainera, debekatu egin zioten aurrerantzean berdin jokatzea.
- 1656. Herriak parrokiko obra handia egiteko hitzarmena egina zuen Joan Ansola maisuarekin. Eibarren eta Elgoibarren iritziak jaso ondoren, ezagutzera eman zen Ansolak lanerako zuen trebetasuna. Ondoren, maisuarekin eskritura egitea erabaki zuten agintariek.
- 1644. Sagardoa saltzen jarri aurretik egiten zen zozketarako orduan, hogeita zazpi saltzaile bakarrik agertu ziren.
|