|
|
|
Azpeitiko efemerideak
Urtarrilaren 3a
- 2002. Zelaitxo zine aretoa bota zuten, etxebizitzak egiteko.
- 1993. Ehun eta hogeita bost kilo zituen BedaioHarriarekin apustua egin zuten Agustin Arruti Landarbasok eta Juan Miguel Otaegi Beteluk. Hamar minutuko hiru txanda egin zituzten. Landarbasok irabazi zuen, 42 aldiz jasorik; Beteluk 38 aldiz jaso zuen.
- 1986. Ertzaintzak Kaka Flash Irratia itxi zuen.
- 1963. Erregeen Kabalgata kaleratu zuelako, Oargi taldeari 2.500 pezetako laguntza ematea erabaki zuten agintariek.
- 1923. Arregi baserrian sutea izan zenean lanean ahalegindu zirenei emandako ogi eta ardo zatikoak edo errazioak ordaintzea erabaki zuten agintariek.
- 1912. Azkoitiko alkatetzak hartutako erabakiaren berri eman zen; hau da, Azpeitiko herriak hartutako erabakiarekinÑ Erromako aita santuari Loiolako Inazioren eguna jai egun izendatzearen eskaeraÑ, bat egiten zuela jakinarazi zuen.
- 1910. Udal Garbitokiaren berriztatze lanak eta Arkupe deituriko iturburutik garbitokiaren urontzira bitarteko hodieriaren aldaketa adjudikatu ziren.
- 1876. Azken udal karlista osatu zen herrian, Joxe Inazio Beristain alkate zela.
- 1806. Vera Cruz Kofradiako buruak udalari eskaera egin zion, esanez parrokiko erretoreari Loiolan zeuden bi Premostranse sermolariri Garizumako igandeetan pulpitura igotzen uzteko baimena eskatzeko.
- 1794. Loiola eta Urrestillako pasabideetan igarotzen ziren gurdiek kalte handiak egiten zituztela eta, bando bidez neurriak hartzea erabaki zen, bost errealeko isuna jarriz gurdiarekin igarotzen zenari.
- 1698. Inazio Beltran Oiarzabalen alargun Jazinta Oriak eginiko eskaerari erantzunez, 36 erreal hari ematea erabaki zen herriko parrokiari buruzko dokumentu zaharrak aurkitzen egin zuen lan handia kontuan izan ondoren.
- 1698. Sagardo saltzaile asko zirela eta, txandak izendatzeko zozketa egitea erabaki zen, lehentasun osoa emanez herriko sagarrarekin eginikoari eta haren jabeei. Bigarren mailan herrian erositako sagarrrarekin eginiko sagardoa izan zen eta azkenik, berriz, kanpoan erositakoarekin egindako sagardoa. Zozketa egiterako orduan, barrika batzuk dena beteta eta besteak erdizka zeudela ere kontuan izaten zen, azken hauei saltzeko baimena emanez, dena beteta zen bakar bat salgai jartzen zenarekin batera.
- 1681. Ikusita Aste Santuan parrokiko aldare nagusian jarri ohi zen monumentuaren zati batzuk nahiko gaizki zeudela, beste monumentu bat egitea erabaki zen. Aurrez proposamen bat egin zen eta ondoren, berriz, ongi apaindu eta Juan Larrar maisuak pintatu zuen; gehiegizko gasturik egin gabe.
- 1681. Gorputz eguna edo ondorengorako, antzerki erako auto-sakramental bat antolatzea eskatu zitzaion alkateari.
- 1681. Herritarren gozamenerako, Inauteri iganderako zezenketa antolatzea erabaki zuten agintariek. Astelehenean, herriko harakinak idizko bat ibili behar izan zuen kaleetan, eta asteartean sei bigantxarekin egin zen jaialdia.
- 1648. Martin Oronoz arma egileak garbitu eta konpondutako herriko armak gorde ziren ospitaleko gela batean, behar ziren unean behar bezala izan zitezen.
- 1634. Domingo Korteberriak Donostiara, apezpikuarengana egindako bidaiaren berri eman zuen. Bidaiaren asmoa apezpikuari herriak parrokiko elizgizonekin zituen tirabirak jakinaraztea zen: goizeko mezak, San Agustin egunean kanpaiak jotzea eta beste zenbait gairi buruz.
|