|
|
|
Azpeitiko efemerideak
Urtarrilaren 1a
- 2002. Uztarria Kultur Koordinadorak, www.uztarria.com webgunea martxan jarri zuen.
- 1847. Bergarako Konbenioan Espartero, Gorteei foruak eman edo konponketa bat egitera proposatzea konprometitu bazen ere, 1839ko urriaren 25eko legearekin sekulako geldialdia sortu zen. Madrileko kolore desberdinetako agintariek nahi zuten erara irakurri zuten. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Diputazioak, 1876. urtera bitartean, nolabait, autonomia zati bat bada ere eskuetan izaten ahalegindu ziren.
- 1847. Herrian udal kargua izateko gaitasuna zutenen zerrenda osatu zen, eta aukeratuko zen udal berriari baimena ematea erabaki zen, unean aurkeztutako zerrendan agertzen ziren herritar biztanleei agintaritza eskuratzeko ahalmena emateko kaparetasun agiririk eskatu gabe, oraingoz behintzat. Baina Gobernuaren eta Probintziaren artean foruen konponketa egin ondoren, bertan ziren baldintza eta agindu guztiak bete beharko zituzten.
- 1846. Herriko sendagile Joxe Ramon Sagastumek Azkoitian zen izurriteak hango biztanleen artean sortu zituen kalteak aurkeztu zituen, eta zenbait aholku eman zituen gaitza Azpeitira ez zedin zabaldu.
- 1771. Urtean behin herriak diruzain bat izendatzeko baimen erreala lortu zuela adierazi zen.
- 1767. Herriko kontuak eta eginiko diruaren banaketa aurkeztutakoan, Matxinadak sortutako kalte handiak bertan ez zirela agertzen adierazi zen .
- 1756. Aurreko urteko abenduaren 27an izendatutako Joakin Egia alkateak zin egin zuen bere alkatetza, baina egun horretan kanpoan zegoen. Historian zehar askotan gertatu izan da antzeko zerbait, baina aukeratua herriratzen zenean alkatetza hartzera deitu ohi zen .
- 1702. Aurrez Joseph Olanok Ñherriari 1.600 erreal eskainizÑ alondegia bere gain hartuta bazuen ere, Juan Ariznabarreta ondoren, gehiago emateko asmoa agertuz, eskaintza egin zuen, eta herriak ontzat hartu eta berehala enkantean jarri zuen. Azkenean, Ariznabarretak 1.867 erreal eskaini eta alondegiaren kargua hartu zuen.
- 1692. Postari zerbitzua utzi zuen Manuel Etxeberriak. Haren ordez, herriko agintariek, bien artean tratua eginda zutelako, Mikel Arangoiti izendatu zuten, lau urterako.
- 1638. Enparango errota 2.000 errealean Juan Anziari errematatu zitzaionean, Kristobal Eizagirrek 200 erreal gehiago eskaini zituen. Baina ongi eginiko errematea zela kontuan izanda, lehena gelditu zen errotarekin, urte baterako.
- 1570. Tabernariei eskatu eta ordaintzen zieten bezero guztiei ardoa ematera derrigortuak zirela gogoraztea erabaki zuten herriko agintariek.
|