|
|
|
2008ko uztaila, argazkitan
|
Iraurgi Saskibaloi taldekoek denboraldia elkarrekin afalduz bukatu dute
Iraurgi Saskibaloi Elkartekoek 2007-2008 denboraldia afalduz agurtu zuten joan den ostiralean. Hotel Loiolan egin zituzten ospakizunak eta sei taldetako jokalaririk onenei sariak banatu zizkieten. Entrenatzaile onenaren saria, berriz, Iurgi Caminosi eman zioten. Horrez gain, Garikoitz Iparragirre, Josu Arozena, Andoni Lazkano, Mikel Lekaroz, German Cea eta HOtel Loiolako nagusiek eskainitako laguntza eskertu zuten Iraurgikoek. 'Cheer leader' taldekoen lanari aipamen berezia ere egin zieten Iraurgikoek, baita sari berezia eman ere. Argazkian, Iraurgiko sarituak Hotel Loiolan.
(Informazio gehiago)
|
|
Lagun Onakekoen afaria denboraldia bukatzeko
Lagun Onak Futbol Klubekoek afaria egin zuten joan den ostiralean igaro den denboraldiari bukaera emateko. Kiruri jatetxean egin zuten afaria eta afalostean hamar taldeetako jokalari onenen artean sariak banatu zituzten. Baita ere, Vitoriano Sanchezi, Joxe Recondori eta Juan Ignacio Madinari sari berezia eman zieten. Argazkian, Lagun Onakeko sarituak Kirurin.
|
|
Udalekuak, jolastuz ikasteko
Astelehenean hasi zen Udaleko Gazteria Sailekoek antolatutako udaleku irekietako lehen txanda. Gaur, asteazkena, Damaso Azkue auzoan izan da udalekuetako talde bat eta marakak egiten aritu dira han. Ekimen ugari egingo dituzte gaztetxoek bateko eta besteko udalekuetan aste hauetan. Datorren astelehenean, esaterako, urtero bezala, entzierro txikia egingo dute Alde Zaharrean. Argazkian, Damaso Azkuen gaur udalekuetako gaztetxoak marakak egiten.
|
|
Kirola egin eta tenisean jokatzen ikasi
Tenis ikastaroa ari dira egiten Garmendipeko kirol gunean 9 eta 12 urte bitarteko gaztetxoak. Joan den astelehenean hasi ziren ikastaroarekin eta uztailaren 25, ostiralera bitartean horretan arituko dira. Denera, 30 gaztetxo apuntatu dira tenisera. Kirola egin eta tenisean jokatzen ikasiko dute uda honetan. Argazkian, tenis ikastaroan gaur, ostirala, goizean.
|
|
Ezagutza Guneak Kudeaketa Topaketak egin ditu
Ezagutza Guneko 6. Kudeaketa Topaketak egin dituzte, Azkoitiko Insaustin. Innobasque erakundeko lehendakari Pedro Luis Uriarte gonbidatu dute, bigarren eraldaketa ekonomikoaren erronka eta behar berriak eta berrikuntzaren gaitasuna aztertzeko. Azpeitiko eta Azkoitiko alkateek, enpresek, ikastetxeetako eta garapen agentzietako ordezkariek, eta Aldundiak eta Merkataritza Ganbarak hartu dute parte topaketetan. Argazkian, Ezagutza Guneko 6. Kudeaketa Topaketako irudi bat.
|
|
Eskualdeko errepresaliatuak omendu zituzten Xoxoten
Eskualdeko errepresaliatuak omendu zituzten atzo, igandea, Xoxoten. Eguraldiak asko lagundu ez bazuen ere animoak ez zitzaizkien falta izan mendira igo eta ekimenean parte hartu zutenei. 13:00etan egin zuten ekitaldian txalaparta, eta errepresaliatuen aldeko bertsoak eta aurreskua izan ziren, besteak beste. Baita ere, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren kontrako epaiketa salatu zuten. Gero, Xoxoten bertan bazkaldu zuten, Argazkian, eskualdeko errepresaliatuen alde Xoxoten egin zuten ekitaldia.
|
|
Eskola Ibiltaria bukatu dute
Hilaren 3an hasi eta larunbat iluntzean bukatu zuten Ikasle Abertzaleek Eskola Ibiltaria. Bergaran abiatu zuten eta Azkoititik barrena pasatuz, Azpeitian bukatu zuten. 'Euskal Herria eta negoziazio prozesuak: Txibertatik Loiolara' izenburua jarri diote aurtengo gai nagusiari. Argazkian, Azpeitiko Gaztetxean egin zuten Eskola Ibiltariko azken eskola ('Urola Kostako Hitza').
|
|
Lainoa lagun Lakoran
Joan den asteburuan Lagun Onak Mendi Bazkunakoek Zuberoa eta Nafarroa arteko mendi zeharkaldia egin zuten. Larunbat goizean irten ziren Zuberoako Santa Engrazi herrirantz handik Lakora mendia igotzeko, baina eguraldi txarra zela eta ez zuten gailurra egiterik izan eta Belagoako aterpera jeitsi ziren bazkaltzera. Arratsaldean Isabara joan ziren, bertan bait zuten aterpea hartuta gaua pasatzeko. Igandean ere eguraldiak laguntzen ez zuenez, autobusez Kakuetako arroilak eta Holtzarteko zubia ikusteko aprobetxatu zuten eta eguardian Iratiko basoetatik eta Donibane Garazitik zehar etxealdera ekin zioten. Uztailaren 19 eta 20rako Picos de Europara antolatu dute irteera eta horrekin emango diote Lagun Onak Mendi Bazkunakoek bukaera opor aurreko denboraldiari. Argazkian, joan den asteburuko mendi zeharkaldian.
|
|
Bukatu bai urte amaierarako?
Soreasuko eraikinaren kanpoko egitura osoa aurten bukatzea aurreikusita dute Udalekoek eta horretan ari dira bertan lanean dabiltzan langileak. Kulturgunearen bi eraikinak ari dira egiten orain: bata auditorioa izango da, eta beste eraikinak lokalak hartuko ditu. 5.003.080 euro kostatutako da lehen fasea: bi eraikinen egitura edota kanpoaldea. Argazkian, gaur, osteguna, Soreasun kulturguneko lanak.
(Informazio gehiago)
|
|
Sami herriko emakumeen begirada
Atzo osteguna, uztailaren 17an, emakume Samiak izan ziren hitzaldia ematen Aitonenan. Soineko koloretsu tipikoak jantzita etorri ziren eta kantuan hasi zuten emanaldia.
Artikoko jatorria duen herri hau Finlandia, Suedia, Norvegia eta Errusiako lurretan banatuta dago.
Beraien kultura, bizimodua, erlijioa eta abar ezagutzeko parada polita izan zen. Eguneroko bizian dituzten arazo eta desafioez hitzegin zuten eta munduko indigenen elkar hartzearen aldeko aldarria egin zuten. Argazkian, hitzaldiko une bat.
|
|
Bigarren txandari ekiteko prest
Joan den ostiralean Udaleko udaleku irekietan parte hartu dutenek lehen txandari bukaera eman zioten, Frontoi Txikin egindako jaialdiarekin. Aurrenengo txandan 400 haurretik gora ibili da. Gaur, astelehena, bigarren txandari ekin diote bertan izena eman duten 243 haurrek eta gazteek. Ikasberri Azpeitiko Ikastolak antolatutako udalekuetan ere jolasak ez dira falta. 72 haur dabiltza udaleku horietan eta hilaren 24ra bitartean, mota guztietako jolasak egingo dituzte. Argazkian, Udaleko udaleku irekietako haurrek ostiralean egin zuten jaialdia.
|
|
Nagore Laffageren hilketa salatu dute
Azpeitian ere elkarretaratzea egin zuten Nagore Laffage gaztearen hilketa salatzeko. Laffage joan den astean hil zuten, eta gizonezko bat atxilotu dute lotura duelakoan. Hori salatzeko, joan den ostiral iluntzean elkarretaratzeak deitu zituen Bilgune Feministak. Azpeitian 40 lagun inguru bildu ziren. Argazkian, joan den ostiralean Azpeitiko plazan egin zuten elkarretaratzea ('Bilgune Feminista').
|
|
Nuarben erretiratuen bazkaria
Igandean, Nuarbeko erretiratuek bazkaria egin zuten eta 30 lagun inguru elkartu ziren bertan. Bazkaldu aurretik meza izan zuten eta hori bukatzean, hamaiketakoa. Beraz, jan-edan faltaren aitzakiarik ez zuten izan, behintzat. Argazkian, Nuarbeko erretiratuak bazkaltze, igandean ('Urola Kostako Hitza').
|
|
'Busti zaitez' kanpaina astearteroko azokan
Azpeitian atzo, astertea, Esklerosi Anizkoitza dutenak babesteko antolatutako Busti zaitez kanpainaren baitan, informazioa zabaltzeko mahai bat jarri zuten udaletxeko arkupetan, astearteroko azokaren baitan. Kanpaina "jendea sentsibilizatzeko eta dirua biltzeko" antolatzen du Esklereosi Anizkoitza Fundazioak ADEMGI elkartearen laguntzarekin, Gipuzkoan. Argazkian, udaletxeko arkupetan jarri zuten mahaia.
(Informazio gehiago)
|
|
Epaitegia koloretan pintatuta
Azpeitiko epaitegi berria egiteko lanak joan den urteko otsailean hasi zituzten. Aurreikuspenen arabera, hemezortzi hilabeteko epea jarri zuten egoitza berria eraikitzeko. Kontuak aterata, uztailean bukatuta beharko zuten lanek. Dagoeneko altxatu dute eraikin berria eta hiru koloretan pintatu diote fatxada. Lanek 2,7 milioi euro inguruko aurrekontua dute. Eraikin berria egin bitartean, eskualdeko epaitegiak Izarraitz pilotalekuko lehen bi solairuetan du egoitza. Argazkian, epaitegiko lanak.
(Informazio gehiago)
|
|
Herriko txokoak festarako prestatzen
Saninazioak gain-gainean daude dagoeneko eta herriko hainbat eremu ari dira festarako prestatzen. Gaur, ostirala, hasi dira barrakak muntatzen Betharramistetan. Festek irauten duten bitartean, haur ugari ibiliko da barraketako joko desberdinetan. Argazkian, Betharramistetan barrakak muntatzen, gaur.
|
|
'Go!azen' filma grabatzen hasi dira
Pausoka eta Euskal Telebista hasi dira Go!azen euskarazko film musikala grabatzen, Esklabetako komentuan. Lau astetan zehar grabatuko dituzte filmeko eszenak eta, aurreratu dutenez, udazkenean emango dute filma telebistaz. Ramon Agirre eta Mikel Losada aktore profesionalez gain, zortzi gazte dira filmeko aktore nagusiak, horien artean, Beņat protagonistaren papera beteko duen Iņigo Azpitarte zarauztarra. Argazkian, 'Go!azen' filman parte hartzen ari diren gazteak ('Urola Kostako Hitza').
|
|
Pilotalekuan, zezen-plaza txikia
Santiago kaleko edo pilotalekuko autoen aparkalekuan hasi dira saninazioetarako zezen-plaza txikia muntatzen. Lurrean zuloak egin eta sokamuturrean jartzen diren bezalako hesiekin inguratu dute aparkalekua udal langileak. Zezenbeltz elkarteak saninazioetan antolatu dituen entzierro txikiak bukatuko dira zezen-plaza txiki horretan. Gainera, leku horretan San Inazio bezperan eta San Inazio bigarrenean zezenekin jolasak antolatu dituzte, 18:00etan. Argazkian, Santiago kalean muntatu duten zezen-plaza txikia.
(Informazio gehiago)
|
|
Gorka Agirre txirrindularia hirugarrena Bergaran
Lagun Onak Txirrindulari Elkartean dabiltzan jubenil mailako Lan Mobel taldeko txirrindulariek lan ona egin dute beste behin ere. Larunbatean Bergarako XXVII. Santa Marina Sarian izan ziren. Gorka Agirrek hirugarren egin du, Mikel Elorzak bederatzigarren eta Jakes Goenagak hamargarren. Taldeka, Lan Mobel bigarren sailkatu da Bergarako lasterketan. Argazkian, Gorka Agirre Bergarako lasterketan ('Urola Kostako Hitza').
|
|
59 auto izan dira Klasikoen Rallyan
Azpeitiko Auto Klasikoen V. Rallya jokatu da asteburuan. 59 autok parte hartu dute 400 kilometroko lehiaketan. 25 urte baino gehiagoko autoak izan diren lasterketan, Carlos eta Bianca Padillak gidatzen duten 1975 urteko Toyota Trueno GTa izan da irabazlea. Argazkian auto klasikoak epaitegi ondoko aparkalekuan ('Urola Kostako Hitza').
|
|
Mendizaleak Europako Mendietan
Lagun Onak Mendi Bazkunako mendizaleak joan den asteburuan Europako Mendietan ibili dira (Asturias, Espainia). Larunbatean, Poncebos herritik abiatu, Horcados Rojos (2.508 metro) mendia igo eta Fuente Dera jaitsi ziren. Igandean, eguraldi kaskarra izan zuten eta batzuk Potesen ibili ziren eta beste batzuk mendira joan ziren. Ibilaldi honekin uda aurreko mendi irteerekin bukatu dute Lagun Onak elkarteak. Goiko argazkia, Horcados Rojos mendiaren tontorrean ateratakoa da. Argazkian, Lagun Onakekoak Europako Mendietan asteburuan.
|
|
Erretiratuen Xoxoteko Eguna
Joan den larunbatean erretiratuek Xoxoteko Eguna ospatu zuten. Goizean, autoz Xoxotera igo eta bertan meza eta hamaiketakoa izan zituzten. Ondoren, eguerdi aldera berriro ere autoz menditik jaitsi eta Sanjuandegiko Bagera II-n bazkaldu egin zuten. Argazkian, erretiratuak bazkaltzen ageri dira ('Urola Kostako Hitza').
|
|
Hurrengo urtera arte, adio udalekuei
Gaur, osteguna, bukatu dituzte herriko gaztetxoenek udalekuak. Ikasberri Azpeitiko Ikastolan eta Udalak antolatutako udalekuetan jolas ugari egin dute uztailean zehar. Udaleko udalekuei bukaera emateko jaialdia egin dute gaur Frontoi Txikin. Denera, 650 haur eta gaztetxo ibili dira udaleku horietan. Argazkian, Frontoi Txikin gaur egin duten jaialdia.
|
|
Pepe Perez gogoan, erakusketa
Azpeitiko Argazki Elkarteak, Udal Festa Batzordearen babesarekin eta Kinttela Zezen Elkarteak lagunduta, saninazioetako zezenketetako argazkiekin eta saninazioen inguruko Julen Agirreren marrazkiekin erakusketa zabaldu du, Kinttela Zezen Elkarteko lehendakari izan zen Pepe Perez zenaren omenez. Betharramdarretan dago ikusgai abuztuaren 2a arte, astegunetan 18:00etatik 20:00etara eta larunbat eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00ak arte. Argazkian, Betharramdarretan zabaldu duten erakusketa ('Urola Kostako Hitza').
|
|
Amnistia egunean, aldarrikapena eta festa
Saninazio festen baitan, Amnistia eguna izan zen larunbatean eta ohi bezala, aldarrikapenak eta festa bat egin zuten. Arratsaldean, ehunka lagunek hartu zuten parte Euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko egindako manifestazioan. Ondoren, 400 lagun inguruk afaldu zuten azoka plazako herri afarian. Egunari bukaera herriko hiru musika talderen kontzertuak eman zion: Karkaba, Mondokane eta Inductions taldeek jo zuten plazan. Argazkian, Amnistia eguneko manifestazioa ('Urola Kostako Hitza').
|
|
Ondo pasatu oporretan
Oporrak hartu behar badituzu abuztuan, ondo pasatu beraietan. Uztarriakook irailaren 1era (astelehena) arte jai izango dugu.
|
|