|
|
|
2008ko ekaina, argazkitan
|
Jon Ibarguren hirugarren aurresku txapelketan
Jon Ibarguren dantzari azpeitiarra hirugarrena izan da larunbatean Pasai Donibanen jokatu zuten Euskadiko XXVIII. Gipuzkoar Aurresku Txapelketan. Ibon Huarte errenteriarrak lortu zuen lehen postua eta bigarren Aritz Iglesias tolosarra sailkatu zen. Ibargurenekin batera, beste zortzi aurreskularik hartu zuten parte txapelketan eta horietatik sei pasatu ziren finalera. Finalisten arteko lehia saltokako zortziko banarekin erabaki zen eta azpeitiarrak hirugarren postua lortu zuen. Argazkian, aurreskulari denak txapelketa ostean. Ibarguren goian, ezkerretik hasita hirugarrena da.
|
|
Oskorri Banda Band eta herriko musikari gazteak
Larunbatean, maiatzak 31, kontzertua eskaini zuen Oskorrik Izarraitz pilotalekuan. Oskorrirekin batera, ordea, Udal Musika Bandakoek eta Juan Antxieta Musika Eskolako abesbatzako gaztetxoek ere parte hartu zuten emanaldian. Musika Bandakoek eta Oskorrik kontzertu osoa elkarrekin jo zuten, eta Juan Antxieta abesbatzako gaztetxoek bi kanta abestu zituzten. Jende ugari hurbildu zen Izarraitz pilotalekura emanaldia entzutera. Argazkian, kontzertuko une bat, larunbatean.
|
|
Elkartasun Eguneko argazkiak bilduman jasota
Joan den larunbatean izan zen Azpeitian euskal preso eta iheslarien aldeko Elkartasun Eguna. 'Urola Kostako Hitza'-k webgunean egun horretako argazkiak ipini ditu. Argazkian, elkartasun kroseko irudi bat.
(Informazio gehiago)
|
|
Sanjuandegin festetan murgilduta
Sanjuandegi auzoan bete-betean dabiltza festekin. Bihar, ostirala, botako dute festei ofizialki hasiera emango dion txupinazoa baina astean zehar ere ekimenak ez dira falta izan auzoan. Gaur, osteguna, mus txapelketa egingo dute Ongi-Etorri jatetxean, 21:00etan hasita. Bihar, berriz, saloiko dantzen emanaldia izango da eta larunbatean, hainbat ekitaldiren artean, bertso saioa eta musika kontzertuak eskainiko dituzte. Argazkian, joan den astelehenean, Sanjuandegiko Atseden tabernan J.M. Karrerek eskaini zuen monologoa (Sanjuandegiko Festa Batzordea).
(Informazio gehiago)
|
|
'Berria'-ren bost urteak ospatzeko eskualdeko ekitaldia
'Berria' egunkariak bost urte beteko ditu ekainaren 21ean, eta urteurrena ospatzeko Urola Kosta mailako ekitaldia egin zuten atzo (asteazkena) gauean Zarautzen. 'Berria'-k eskerrak eman zizkien herritarrei eta eragileei 2003an Espainiako Estatuak 'Egunkaria' itxi zuenean emandako laguntzagatik eta egindako lanagatik. Atzoko ekitaldian izan ziren azpeitiarrak ere: Imanol Lazkano bertsolaria, Laxaro Azkune kazetaria... Argazkian, Martxelo Otamendi 'Berria'-ko zuzendaria, atzo. ('Urola Kostako Hitza').
(Informazio gehiago)
|
|
Konposta egiteko materiala jasotzeko azken eguna larunbata
Atzo, osteguna, abiatu ziren gai organikoak bildu eta konposta egin nahi duten herritarrei informazioa eta materiala banatzeko saioak. Larunbata izango da materiala jasotzeko azken eguna. Enparan Dorretxeko lehen solairuko bilera gelan ari dira banatzen materiala. Gaur, arratsaldean, ere 16:00retatik 19:00etara bitartean horretarako aukera izango da, baina baita bihar 09:30etik 13:00etarako tartean ere. Argazkian, etxean gai organikoak biltzeko herritarrei banatzen ari diren edukiontziak.
(Informazio gehiago)
|
|
Urrezko Odol Tanta eman diote Azpeitiko herriari
Gipuzkoako Odol Emaileak Gipuzkoako Odol Emaileek 33 herriri Urrezko Odol Tanta eman diote. Ostiralean Azpeitiko herriari eman zioten, mila biztanletik 50 odol emate izatera iritsi delako. Iaz, Azpeitian 1.041 aldiz eman zuten odola, "batez beste odola emateko deialdi bakoitzean 80 herritarrek eman zuten odola. 2006 urteko kopurua gainditu genuen", zioen Odol Emaileen elkarteko Pedro Bereziartuak. Aurten, orain arteko odola emateko hitzorduetan iazko kopurua gainditu dute. Azpeitiko Odol Emaileen nahia jende gaztea odola ematera joatea da. Argazkian, Iņaki Errazkin alkatea (erdian) Urrezko Odol Tantarekin eta Odol Emaileetako Pedro Bereziartua (ezkerrean) eta Ramon Etxeberria (eskubian).
|
|
Auto ilarak gasolindegietan, garraiolarien grebagatik
Garraiolarien greba eraginak izaten ari da Azpeitian ere, hainbat gasolindegitan auto ilarak sortu dira. Guitransek eta Egasek bat egin dute erregaien garestitzeak eragindako kalteak salatzeko lanuztearekin. Hiruk ez du greba egingo, baina kamioien elkarretaratzea antolatu du Gasteizen, Jaurlaritzaren aurrean. Argazkian, Eskusta pareko gasolindegirako auto ilarak atzo, astelehena ('Urola Kostako Hitza').
|
|
Ikasberrikoen denboraldi bukaera
Ikasberri Kirol Elkartekoek denboraldi bukaerako afaria egin zuten joan den ostiralean, Uranga jatetxean. Afaldu ondoren, futbolean jolasten duten hiru mailetako jokalarien artean sariak banatu zituzten. Kadeteetan, golik gehien sartu duena Jagoba Orbegozo izan da, eta jokalaririk erregularrena, berriz, Luken Galarraga. Jubeniletan, golegile nagusia Haritz Martinez da eta jokalari erregularrena, berriz, Aitor Aierbe. Erregionaletako taldean, berriz, golegilearen saria Jon Berasategiri eman diote, eta jokalari erregularrarena Joseba Esnaolari. Eneko Izagirre ere saritu zuten taldekideek, "denboraldian lesio ugari izan eta futbola uztea erabaki duelako". Futbol Federazioak kadeteetako Ikasberri taldeari "erakutsi duen joko garbiarengatik" saria emango dio ('Ikasberri Kirol Elkartea').
|
|
Euskal Bizikleta Azpeitian barrena
Igande eguerdian igaro zen Azpeititik Euskal Bizikleta. Azken etapa zen igandekoa eta Eibarren hasi eta Arraten bukatu zen. Saunier Duval taldeko Eros Capecchi txirrindulari italiarrak irabazi zuen lasterketa eta garaipen horri esker Euskal Bizikletako txapelduna izan da. Argazkian, Euskal Bizikletako tropela Loiolabideko biribilgunera sartzen, igandean.
|
|
Ibai-Eder husten ibili dira bi egunez
Nuarbeko Ibai-Eder urtegia %100 beteta zegoen joan den astelehenean, eta husten jardun dira bi egunez. Ekainaren 9ko datuen arabera, 223,36 kota eta 11.300.000 litroko edukia izatera iritsi zen urtegia egun horretan. 65.000 biztanle inguru hornitzen dituen urtegia kudeatzen duen Gipuzkoako Ur Kontsortzioak oraindik ez du eman hustu ondorengo daturik. Argazkian, ibai-eder urtegia atzo, asteazkena ('Urola Kostako Hitza').
|
|
Antzerki topaketetarako kartelak ikusgai Betharramdarretan
Aurtengo Antzerki Topaketak iragartzeko kartel lehiaketara 44 kartel aurkeztu dituzte. Orain, kartel guztiak Betharramdarretan jarri dituzte ikusgai. Erakusketara hurbiltzen direnek, gainera, kartel gustukoenari botoa emateko aukera izango dute. Erakusketa hilaren 18ra arte egongo da zabalik honako ordutegian: astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara eta asteburuetan 12:00etatik 14:00etara. Argazkian, aurkeztutako zenbait lan Betharramdarretan ('Urola Kostako Hitza').
|
|
Azpeitia Uemako kide da ofizialki
Uema (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) Eguna ospatzen ari dira gaur (larunbata) goizetik Azpeitian, 'Sustraiak galtzen ez utzi, euskarari eutsi' lelopean, eta udaletxean hamarretan hasita egin duten batzarrean ofizialki onartu dute Uemako kide bezala Azpeitia. Baita Atxondo, Otxandio eta Mallabia (Bizkaia) eta Areso (Nafarroa) ere. Argazkian, Ueman sartu diren udaletako ordezkariak eta mankomunitateko arduradunak gaur, Azpeitiko udaletxean, batzarraren ondoren. ('Urola Kostako Hitza')
(Informazio gehiago)
|
|
Karmelo Etxagarai eta Urola, ikasturte bukaerako festan
Joan den ostiralean egin zuten Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraik eta Urola Ikastolak ikasturte bukaerako jaialdia. Kiroldegian bildu ziren bi ikastetxe horietako maila desberdinetako gazteak, harmailetan bilduta ziren guraso eta lagunei ikuskizuna eskaintzeko. Argazkian, ostiraleko jaialdia.
|
|
Erlojupekoan Lan Mobel taldekoak 4. eta 5
Joan den asteburuan jokatu zuten Ordizian Taldekako Erlojupeko Gipuzkoako Txapelketa. Denera, 14 taldek hartu zuten parte lehian eta Azpeitiko Lan Mobel A eta B taldeek 4. eta 5. postuak eskuratu zituzten. Andoaingo taldeak irabazi zuen proba, 46 minutu eta 14 segundoko denbora eginda. Azpeitiko taldeek, 48 minutu eta 17 segundo, eta 48 minutu eta 45 segundoko denborak egin zituzten. Argazkian, Lan Mobel A taldeko txirrindulariak Ordizian: Agirre, Elorza, Madinabeitia, Mendia eta Zaldibia.
|
|
Kanpoko igerilekua ireki dute
Udal Kirol Patronatuak ireki du kanpoko igerilekua; larunbatetik dago zabalik. Eguraldia ez da ederra bainua hartzeko, baina larunbatean eta igandean jendea ibili da igerilekuan (goiko argazkia igande eguerdikoa da). Igandean, 18 gradotan zegoen ura. Argazkian, igande eguerdian, jendea kanpoko igerilekuan ('Urola Kostako Hitza').
|
|
Kartelak ikusteko azken aukera
XXVI. Euskal Antzerki Topaketetako kartel lehiaketako erakusketa zabalik dago Betharramdarretako erakusketa aretoan; gaur, asteazkena, da erakusketaren azken eguna, eta 18:00etatik 20:00etara egongo da irekita. Bertan 44 lan daude ikusgai. Udalak izendatutako epaimahaiak uztailean jakinaraziko du zein den lehiaketako irabazlea. Argazkian, lehiaketara aurkeztutako lan batzuk Betharramdarretan ('Urola Kostako Hitza').
|
|
Agirre eta Unanue Euskadiko txapeldun
Ikasberri Azpeitiko Ikastolako ikasle Ander Agirre eta Eritz Unanue Eskolarteko Euskadiko Pala Txapelketako txapeldunak izan dira. Bi ikasleek Gipuzkoa ordezkatuz jokatu dute pala txapelketako finala Arabakoen kontra eta 25-2 irabazi dute.
Argazkian, Ander Agirre eta Eritz Unanue txapeldunak.
|
|
Emakumeen Futbol Txapelketako lehen golak
Larunbatean abiatu zuten Emakumeen Futbol Txapelketa. Aurtengoa hirugarren edizioa da eta 16 taldek izena eman dute lehiaketan. Larunbatean jokatu zituzten aurreneko partidak Garmendipeko zelai artifizialean. Hurrengo norgehiagokak datorren larunbatean jokatuko dituzte eta han sailkatzen direnek, uztailaren 5ean final-erdiak eta finalak jokatuko dituzte. Argazkian, Emakumeen Futbol Txapelketako larunbateko partida bat.
(Informazio gehiago)
|
|
Ikasturteari bukaera jai giroan
Ikasberri Azpeitiko Ikastolan ikasturteari bukaera egun guztiko jaiarekin eman zioten, joan den larunbatean. Jaialdian hainbat ekitaldi egin zuten ikasle, guraso eta irakasleek. Erretiroa hartu duten bi irakasleri agurra ere egin zioten Ikastolan: Arantxa Etxanizi eta Karmele Ugarteri, hain zuzen ere. Argazkian ikastolako jaialdian Etxaniz eta Ugarte agurtzen ('Urola Kostako Hitza').
|
|
Musika ikasleen jaialdi handia
Juan Antxieta Musika Eskolakoek ikasturte bukaerako jaialdia egin zuten larunbatean, Izarraitz pilotalekuan. Era berean, 25. urteurreneko jaialdi nagusia ere egin zuten. Emanaldian, gaur egungo ikasleekin batera, musika irakasleek eta ikasle ohiek parte hartu zuten. Argazkian, jaialdiko une bat.
|
|
San Juan egunean, loreak bedeinkatzera
Aspaldiko ohiturekin segituz, ume dezente elkartu da gaur (ekainak 24, asteartea) goizean Azpeitiko Parrokian. Izan ere, gaur San Juan eguna da eta hainbat urtetan egin izan den bezala orain ere umeak Parrokira joaten dira loreak eskuan, gero, apaizak bedeinkatzeko. Argazkian, goizean Parrokian egin duten loreen bedeinkapena.
|
|
Antzerki Topaketen iragarlea
Jakinarazi dute aurtengo Euskal Antzerki Topaketak iragarriko dituen kartela zein izango den. Erakusketako ikusleek eta epaimahaiak hala erabakita, Maialen Azkue Zarauztarrak egindako lanak irabazi du aurtengo kartel lehiaketa. Azkuek Arte Ederrak ikasita ditu eta egun Diseinu Grafikoa ari da ikasten. "Gustura" agertu da bere kartela aukeratu izanagatik, hala ere, "ez zuela espero" esan du. Argazkian, Maialen Azkue kartel irabazlea eskuetan duela ('Urola Kostako Hitza').
|
|
Izarraitz Igeri Elkartekoak Landetan
Azpeitiko Izarraitz Igeri Elkartean ibili diren gaztetxoek entrenatu beharrean, jolasteko aukera izan dute oraingoan. Izan ere, elkartean ibili diren adin ezberdinetako 57 haur eta gazte Landetako (Frantzia) Atlantic parkean izan dira. Egun osoko irteera egin zuten, guraso eta entrenatzaileek lagunduta. Igerilari zein laguntzaile, denak "gustura" ibili zirela jakitera eman dute igeri elkartetik. Denboraldiari bukaera emateko, berriz, uztailaren 5ean berriro elkartuko dira, Sanjoandegi auzoko Aitonena jatetxean elkarrekin bazkaltzeko. Argazkian Landetara egindako ibilaldiko une bat.
|
|
Film musikala prestatzeko kastinga egiten ari dira azpeitiarrak
Euskal Telebistak eta Pausoka ekoiztetxeak Go!azen film musikala prestatzeri ekin diote. Azpeitia inguruan grabatuko dituzte filmaren hainbat eszena, uztailaren 14tik abuztuaren 8a bitartean.Filmeko protagonistak dagoeneko aukeratuta dituzten arren, gainontzeko aktoreak aukeratzeko kasting-ak ari dira egiten gaur, ostirala, Iraurgi Ikastetxean. Argazkian, kastingera aurkeztu diren herritarretako batzuk gaur goizean ('Urola Kostako').
(Informazio gehiago)
|
|
Parte-hartze handia Damason
Auzoa txikia da Damaso Azkue, baina larunbatean, hango festa egunean, haur eta heldu ugarik parte hartu zuen. Eguerdia bitartean bizikleta eta korrika lasterketak egin zituzten. Argazkian, larunbat eguerdian jende ugari Damason ('Urola Kostako Hitza').
|
|
Askatasun sexuala aldarri Loiolan
Larunbatean ospatu zuten Gay eta Lesbianen Nazioarteko Eguna, eta horren harira, Urola Kostako Koordinadora Feministak hainbat ekitaldia antolatu zuen Azpeitiko Loiola auzoan eta Zarautzen. Loiolako basilika aurrean 'Zabaldu askatasun sexualaren eremuak' lelopean elkarretaratzea egin zuten, batukada saio eta guzti. Elkarretaratzea amaitzean, hantxe, basilikaren aurrean, hamaiketakoa ere egin zuten, aldarrikapenaz gain festa kutsua emateko ekainaren 28ari. Argazkian, Loiolako basilika aurrean egin zuten elkarretaratzea, larunbatean.
|
|