Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 4,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Argazkiak »  Hilabete bakoitza »  2008ko apirila

 ARGAZKIAK

 ORRI HAU...

 

2008ko apirila, argazkitan

Maratoi erdia argazkitan

Joan den larunbatean ospatu zen Diego Garciaren oroimenezko maratoi erdiaren XV.edizioa. Chebor eta Atudonyang izan ziren garaile. Eguraldi ederrarekin, 1.165 korrikalarik hartu zuten parte. Uztarriak larunbateko irudiekin argazki bilduma osatu du. Goiko argazkian, Nerea Etxeberria atleta azpeitiarra ageri da beste korrikalari batzuen artean. (Informazio gehiago)

Boletoa zeini tokatuko...

Apirilaren 4an zozkatuko dira Etxebeltz-Izarrako babes ofizialeko 154 etxebizitza eta horren harira, Gaztetxeko Gazte Problematikako lantaldea hainbat ekimen burutzen ari da. Joan den larunbatean, esaterako, eskubideak zozketan jartzearen kontrako parodia egin zuten kaleetan zehar. Jendeari lanpostuen, ikasketen eta osasun edo zaintze eskubidearen boletoak banatu zizkieten eta gero, eskubide horien zozketa egin zuten anbulatorio aurrean. Gazteek "eskubideak ez direla zozketatzen" aldarrikatu zuten ekimenarekin. Argazkian, eskubideak zozketatzearen kontrako parodiako une batean. (Informazio gehiago)

Futbito txapelketako lehen golak

Aurten ere ez du hutsik egin futbito txapelketak. Astelehenean (martxoak 31) hasi zen herriko gazteen arteko lehiaketa. Ekainaren 7a arte iraungo du eta egun horretan izango dira finalak. Aurreko astean, berriz, Gazte Astea antolatuko dute gazteen inguruko arazoak eta beharrak aldarrikatzeko. Bitartean, astelehenetik ostiralera egunero jokatuko dituzte partidak, 19:00etatik 21:00etara bitartean. Argazkian, atzo, asteazkena, iluntzean herriko bi gazte koadrila -Pilotariak eta Korralekoak- partida jokatzen. Pilotariek irabazi zuten partida. (Informazio gehiago)

Eskulanen erakusketa ikusteko aukera

Udaleko Parekidetasun Batzordeak antolatuta, eskulan tailer eta ikastaroetan egindako lanak ikusgai egon dira joan den astean Betharramdarretan. Erakusketan Marian Alberdi, Rosario Ibaeta, Maite Ostra, Arantxa Sistiaga eta Esther eta Belen irakasleek emandako ikastaroetan egindako lanak jarri dituzte. Atzo, igandea, itxi zituen ateak erakusketak. Argazkian, larunbatean herritarrak eskulanei begira.

Eskulan ikastaroetako lanak ikusgai egon dira

Udaleko Parekidetasun Batzordeak antolatuta, eskulan tailer eta ikastaroetan egindako lanak ikusgai egon dira joan den astean Betharramdarretan. Erakusketan Marian Alberdi, Rosario Ibaeta, Maite Ostra, Arantxa Sistiaga eta Esther eta Belen irakasleek emandako ikastaroetan egindako lanak jarri dituzte. Atzo, igandea, itxi zituen ateak erakusketak. Argazkian, larunbatean herritarrak eskulanei begira.

Eskolen artean igerian

Joan den larunbatean jokatu zuten eskolen arteko igeriketa txapelketa Azpeitiko igerilekuan. Ikastetxe eta adin desberdinetako gaztetxoek hartu zuten parte lehiaketan eta batzuk sari eta guzti itzuli ziren etxera. Argazkian, Lehen Hezkuntza 3. mailatik hasi eta 6. maila bitarteko gaztetxoak garaikurrekin (Izarraitz Igeriketa Elkartea).

Asteburu oparoa txirrindularientzat

Amaikak-Bat Sarian parte hartu dute asteburuan, eta, Lan Mobel txirrindularitza taldetik aurrena Gorka Agirre izan zen, lasterketa bosgarrenamaituta. Bederatzigarren talde bereko Mikel Madinabeitia helmugaratu zen, eta 17. Imanol Arizmendi . Gainera, Jon Iparragirrek (33.) tropelean lan bikaina egin zuen; argazkian, tropela. Kadeteek, XXVII. Amelio Mendijurren Oroimenezkoa korritu zuten eta Corrugados taldeko Jon Dominguezek zortzigarren egin zuen. Argazkian, tropela joan den asteburuko lasterketan ('Urola Kostako Hitza').

Eñaut Elorrietaren ibilbidea hizpide Ikasberri Azpeitiko Ikastola

Ken Zazpi musika taldeko Eñaut Elorrieta abeslari gernikarrak Ikasberri Azpeitiko Ikastolara bisita egin du. Bere ibilbide profesionalaz hitzaldia eskaini die Batxilergoko ikasleei gaur, ostirala. Ken Zazpik egin duen ibilbide guztia euskaraz egin duela, hori azpimarratu die Elorrietak ikasleei: "euskarak, nortasun, identitate eta magiaz betetako mundua eskaintzen digu eta gure erronka mundu hori erakargarri aurkeztea da". Gustura agertu da abeslaria taldeak egin duen ibilbidearekin. "Musikaren mundua oso gorabeheratsua dela jakitun gara eta, beraz, momentua aprobetxatzen saiatu gara. Eta zortea izan dugu gustuko dugunean esfortzua egin eta emaitza onak lortu ditugulako". "Musikatik baino musikarekin" bizi direla gaineratu du. Argazkian, Elorrieta ikasleekin Ikasberri Azpeitiko Ikastolan. (Informazio gehiago)

"Karrera gogorra" Larraitzen gora

Atzo, igandea, jokatu zuten Legorretan Jubenilen Txirrindulari Proba eta bertan izan ziren Lan Mobel taldeko txirrindulariak. "Karrera gogorra" izan zela azaldu dute Lan Mobel taldekoek, izan ere, Larraitz bi aldiz igo behar izan zuten. Hori gutxi balitz, eguraldi oso txarra egin zuen atzo eta horrek are gogorragoa egin zuen lasterketa: “haizea izan zen karrera guztian zehar eta euria egin zuen azken 20 kilometrotan”. Dena dela, Mikel Elorza, Jakes Goenaga eta Jon Iriartek burututako lana nabarmendu dute Lan Mobeleko ordezkariek: 9, 15 eta 16. postuak lortu zituzten, hurrenez hurren. Datorren asteburuan, Eibarren izango dute lasterketa kadeteek. Jubenilak, berriz, Gipuzkoako Klasikan lehiatuko dira. Argazkian, Jakes Goenaga Larraitz igotzen, atzo.

Presoen aldeko argazkia

Urola Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Pausoz Pauso ekimena antolatu du hilaren 26rako, eta lehengo larunbatean Azpeitian presoen aldeko argazkia atera zuten bertako hainbat lagunek. Hilaren 26an Azpeitira 17:45ean iritsiko da Pausoz Pauso, eta Azkoitian bukatuko da. Aurreko egunean Izarraitz pilotalekuan bertso saioa egingo dute, 22:30etik. Argazkian, larunbateko argazki saioko une bat, Enparan Dorretxearen atzealdean. (Informazio gehiago)

Bigarren Errepublika gogoan

Atzo, apirilaren 14, Espainiako Bigarren Errepublikaren urteurrena izan zen eta bandera errepublikar hau ikusi genuen balkoi batean. Errepublikarrek, 1931.urtean hauteskundeak irabazi ondoren, Alfontso XIIIa erregeak atzerrira aldegin behar izan zuen. Hor hasi zen Bigarren Errepublika eta gerra zibila bukatu ondoren (1939)Franko jeneralak deuseztu zuen. Argazkian, Errepublikako bandera Goiko Kaleko balkoi batean

Lan Mobel aurrea konpontzen

Landetan, Lan Mobel enpresaren aurreko errepidea konpontzeko lanak egiten ari dira, eta bitartean errepide horretan ezin da autoarekin ibili. Udaleko ordezkariek azaldu dutenez, Lan Mobel arduratuko da errepide hori hiritartzeko lanetaz eta gastuak enpresak berak ordainduko ditu. Argazkian, Lan Mobel aurreko errepidea konpontzeko lanak.

Etorkizuneko komunikatzaileak

Ikasberri Azpeitiko Ikastolako ikasleek Uztarria Komunikazio Taldearen eta 'Urola Kostako Hitza' egunkariaren egoitza bisitatu zuten atzo, asteartea. Ikasleek 'Hitza' eta Uztarriaren lan egiteko modua eta erabiltzen dituzten bitartekoak nola kudeatzen dituzten ikusi zuten. Argazkian, Ikasberri Azpeitiko Ikastolako ikasleak Uztarria eta 'Hitza'-ren egoitzan.

Ibai Eder urtegia gainezka dago

Nuarbeko Ibai Eder urtegia %100 beteta dago, gainezka. Urtegiaren arduradunak oraindik ez dira husten hasi. Argazkia, gaur (osteguna) eguerdian ateratakoa da.

Klasikan Lan Mobelekoak 10

Asteburuan jubenilen Gipuzkoako Klasika txirrindularitza proba izan da Donostian, Egian. Lagun Onak Txirrindulari Elkarteko Lan Mobel taldeak 10. egin zuen. Lan Mobeleko txirrindularien artean helmugara heltzen aurrena Mikel Elorza (19., argazkian eskuinetik bigarrena) izan zen; "maila handiko lasterketa izan zen eta Espainiako estatuko selekzio onenak parte hartu zuten". Bestalde, Lagun Onak-eko kadeteek, Corrugados-ekoek, Eibarren Otxoaren Oroimezko XXVII. lasterketa izan zuten igandean; Corrugadoseko Iker Zabala laugarren izan zen. Argazkian, Lan Mobeleko A taldea Klasikarako aurkezpena egiten.

Idazle ezagunak ikastolan

Laura Mintegi Lakarra eta Mikel Elustondo Ikasberri Azpeitiko Ikastolan izan dira azken egunotan. Hainbat eleberriren idazle eta Euskal PEN klubeko lehendakari den Mintegi DBH 2ko ikasleekin izan zen eta bere esperientzia zein klubaren izaeraz solasean aritu ziren. Astelehenean, hilak 21, izan zen hori eta joan den ostiralean, berriz, Mikel Elustondo idazle azpeitiarrak eskaini zien DBH 4ko ikasleei hitzaldia. Idazle baten egitekoa zein den azaldu zien ikasleei. Argazkian, Laura Mintegi ikastolan.

'Hitza' hartzeko, egin harpidedun

'Couching' dela eta ez dela, jakin-min handia sortu zuen atzo (asteazkena) 'Urola Kostako Hitza'-k, gaiari buruzko elkarrizketa zekarrelako. Eta 'Hitza'-n harpidedun ez diren asko etxepeko buzoietatik egunkaria hartzen aritu ziren. Harpidedun ez bazara eta euskarazko egunkari hori jaso nahi baduzu, eman izena. Hona deitu: 902 82 02 01.

Herriko buzoi zaharrena izorratuta

Itxi egin dute herriko plaza nagusian Correos-ek duen buzoia. Horiek adierazi dutenez, barruko atea izorratuta dauka buzoiak eta hori dela-eta itxi dute. Correosen arabera, herriko buzoi zaharrena eta garrantzitsuena da izorratuta dagoena, eta zentralari arazoa konpontzeko eskaria egin diote dagoeneko. Orain, zentralekoen erantzunaren zain daude. Bitartean, buzoia itxita egongo da. Argazkian, plazako buzoia, itxita.

Banatu dute Joxe Takolo beka

Leire Agirre azpeitiarra kiden den taldeari eman diote aurten Joxe Takolo beka eta, hain zuzen, gaur (larunbata) banatu dute beka, udaletxean. Marokon, Tratarat-eko horman, 'Joxe Takolo' izeneko 500 metroko bidea irekitzen saiatuko dira, eta 1.680 euroko laguntza jaso dute. Maiatzaren erdian abiatuko dira hara, pare bat asterako. Argazkian, Manuel Unanue Udaleko zinegotzia, Agirre, Juan Carlos Vieira Euskal Goi Mendiko zuzendaria eta David Gancedo taldeko kidea gaur, udaletxean. (Informazio gehiago)

Pasatu da Pausoz pauso

Gaur (larunbata) izan da Urola Kosta eskualdean Pausoz pauso ekimena, presoen alde, eta Azpeititik 18:15ean pasatu dira. Jende askok hartu du parte. Zarautzen hasi dute ibilaldia, eta Azkoitian bukatu dute 19:00ak aldera. 21:00etan txotxa izan da han, eta 23:00etan kontzertua. Argazkian, Pausoz pauso gaur Azpeitira heldu denean, Perez Arregi plazan sartzear. (Informazio gehiago)

Lan ezbeharrak salatzeko bilduta

Lan ezbeharrak salatzeko eta hildako langileekiko elkartasuna adierazteko, LAB sindikatuak deituta ordubeteko lanuzteak egin zituzten atzo, astelehena, hainbat enpresatan. Gainera, elkarretaratzeak egin zituzten: Azpeitian, Landetako biribilgunean 80 lagun inguru bildu ziren (argazkian); Azkoitian, Eroskiko biribilgunean, 60 pertsona; Zestoan herriko plazan, 50 lagun inguru; eta Zumaian, Zubi Txikian, 45 inguru. Argazkian, Landetako biribilgunean egin zuten elkarretaratzea.

San Inazioren bidea egin dute oinez

Erromes talde batek Donostiatik Loiolarainoko ibilaldia egin zuen igandean, San Inazioren bidetik. Guztira, 13 ordu inguru behar izan zuten oinez XV. Loiolarako Erromesaldia osatzeko. Kostako bidetik abiatu zen taldea, geroago Azpeitiko santuak egindako ibilbidean barrena ibiltzeko. Erromesak 20:00ak aldera iritsi ziren Loiolara. Argazkian, erromesaldia Azpeitiko kaleetan, igandean.

Pausoz pauso argazkitan

Joan den larunbatean ospatu zen euskal preso eta iheslarien aldeko Pausoz Pauso ekimena. Zarauztik abiatu eta Azkoitiaraino, jende ugarik hartu zuen parte ibilbidean. Azpeitiko koadrila eta elkarteek Lasaon hartu zieten lekukoa zestoarrei. Azpeitiarren argazkiak bilduma honetan jasota daude. (Informazio gehiago)

Mendizaleak Tologorri-n

Lagun Onak Mendi Bazkunakoek Tologorirra (Orduña) igoera agin zuten joan den igandean, apirilaren 27an. Goiuriko ur jaiziak ikusteko geldialditxoa egin ondoren, eguraldi ederrarekin hasi zuten igoera Senda Negra izeneko bidetik. 1066 metro ditu Tologorrik eta tontorrera bi orduz azpitik iritsi ziren, ondoren Ungino (1094 m) tontorrera abiatzeko. Eguardi alderako bi tontorrak eginak zituzten eta bertako sai eta bela artean bazkaldu ondoren pixkanaka jeitsierari ekin zioten. 14 mendizaleak herrian ziren bueltan iluntze alderako. Argazkian, Tologorri eta Unginoko Igoera egin zuten mendizaleak

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak