|
|
|
2008ko urtarrila, argazkitan
|
Presoen eskubideen alde, urte berria mendian hasi zuten herritar askok
Lagun Onak Mendi Bazkunako kideek joan den urtea mendian bukatu eta berria halaxe abiatu dute. Urte Zahar egunean Aizkorrira (1.524 metro) egin zuten ibilaldia. "Izotz galanta" eta "eguraldi ederra" izan zituztela adierazi dute mendizaleek. Urte Berrian, berriz, Erlora (1.026 metro) antolatu zuten txangoa. Azpeitiko hainbat mendizalek urtero egin ohi dute ibilaldi hori euskal presoen eskubideen alde. 09:00etan atera ziren plazatik eta 10:30ak aldera iritsi ziren tontorrera. Turroia jan eta xanpaina edan zituzten gailurrean. Mendizaleek adierazi dutenez, "jende ugari" bildu zen Erlon eta "urtetik urtera gero eta indar handiagoa hartzen ari da presoen aldeko ekimena". Argazkian, urtarrilaren 1ean Erloko tontorrean bildu ziren mendizaleak.
|
|
Iraurgi Ikastetxekoen jaiotzak erakusgai
Urteroko ohiturari jarraituz, aurten ere
Iraurgi Ikastetxeko ikasleek jaiotzak egin dituzte eta erakusketa jarri dute, udaletxe azpiko erakusketa aretoan. Bertan kolore eta material askotako jaiotzak ikusi daitezke. Erakusketak gaur, ostirala, du azken eguna eta 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik. Argazkian, bi ikasle ageri dira beraiek egindako jaiotzaren aurrean ('Urola Kostako Hitza').
|
|
Erregeen karamelu gozoak
Larunbatean egin zuten urtero bezala Errege Magoen kabalgata herriko kaleetan zehar. Arratsaldean iritsi ziren erregeak Azpeitira. Trenez egin zuten Azpeitirainoko bidaia. Ondoren, igerileku aurretik, abiatu zuten kabalgata. Plazan egin zioten umeek harrera erregeei. Handik, San Martin egoitzara joan ziren eta han eman zioten bukaera aurtengo kabalgatari. Argazkian, erregeak trenaren estaziora iritsi berritan eta gaztetxoek, zorro eta guzti, gozokiak jasotzeko prest.
|
|
Saharar herriaren alde, ekimen ugari
Hitzaldi batek eman zion hasiera atzo, astelehena, Sahararen Aldeko Asteari. "Saharako proiektuak" hizpide izan ziren atzoko hitzaldian hainbat herritarren jakin minerako. Hitzaldiarekin batera, atzo abiatu zuten Saharako herriaren egoera erakusten duten argazkiekin osatutako erakusketa ere. Aste osoan zehar, Betharramdarretan egongo dira argazkiak ikusgai. Hilaren 12an, larunbata, emango zaio bukaera asteari eta egun horretarako "Sahara eguna" antolatu dute. Larunbatera bitarte, hala ere, ekimen gehiago ere izango dira. Argazkian, Saharako herriaren egoera erakusten duen argazki erakusketa Betharramdarretan ('Urola Kostako Hitza').
(Informazio gehiago)
|
|
Balkoiak mozorrotuta karnabaletan
Iaz Azpeitiko danborrdak 50 urte bete zituela-eta, Udalak bandera txiki batzuk atera zituen jendeak sansebastianetan balkoietan jartzeko, eta asko ikusi ziren. Inauteriak gainean dira -aurten otsailaren 3an izango da igande karnabala-, eta zergatik ez orduan ere etxeak jantzi? Iaz Errebaleko bizilagun batek mozorrotu zuen bere balkoia karnabaletan, trapu eta globo batzuk jarrita (argazkian). Tolosako inauterietan halako asko ikusten da. Azpeitian ere ekimena hartzea litzateke, festak kolore eta grazi handiagoa izateko. Argazkia, Uztarria herri aldizkariaren urtarrileko zenbakian argitaratu da.
|
|
Uztarriaren urtarrileko agenda argitaratu berri da
Uztarria Kultur Koordinakundeak, hilero egin ohi duen moduan, argitara eman berri du urtarrileko agenda. Sahararen aldeko astea, Betharramdarretako zine eskaintza, San Sebastian jaiak, Zine Foruma eta beste hainbat ekitaldiren berri ematen du hil honetako agendak. Argazkian, urtarrileko agendaren azala.
|
|
'Urola Kostako Hitza'-k Iraurgi Ikastetxearekin hitzarmena
'Urola Kostako Hitza' egunkariak eta Azpeitiko Iraurgi Ikastetxeak lankidetza hitzarmena sinatu zuten joan den astean. Euskararen normalizazioan eragiteko helburua sendotzea eta, horretarako, harpidedun gehiago lortzea izan dira elkarlanean aritzeko erabakiak. Argazkian, 'Urola Kostako Hitza'-ko zuzendari Amaia Mendizabal eta Iraurgiko zuzendari Mamen Iriarte agertzen dira, ikastetxeko haur eskolan.
|
|
Haurrak ere hasi dira entseatzen
Atzo (urtarrilak 14, astelehena) hasi ziren haurren danborradarako entseguak, Izarraitz pilotalekuan. Danbor-jotzaileen hamar talde aterako dira San Sebastian Eguneko danborradan. Eņaut Frantzesenak zuzenduta serio eta gogoz jardun ziren atzo ikastetxeetakoak. Gaur, bihar eta etzi ere entseguak izango dituzte, 16:00etan, Izarraitz pilotalekuan. Argazkian, haurren danborradako entsegua, Izarraitz pilotalekuan ('Urola Kostako Hitza').
|
|
Sansebastianak girotzen
Egun gutxi falta dira danbor hotsak herriko kaleetan zehar entzuteko eta jada nabarmentzen hasi da festa giroa. Aste honetan, herriko hainbat balkoietan Sansebastianetako zapiak zintzilikaturik ikus daitezke. Udaletik jakinarazi dutenez, urtarrilaren 17an eta 18an jarriko dituzte zapiak salgai udaletxeko arkupetan, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Zapiez gain, danborradako CDa ere erosi ahal izango da egun eta toki berean 15 euroren truke. Argazkian, Sansebastianetako zapi bat eta apaingarri txuri-urdinak.
|
|
"Presoen eskubideen aldeko" deia
Helduen danborradako hamasei elkartetako kide banak sansebastianetan "pegatinak jarrita, euskal preso politikoen eskubideen aldeko aldarria soinean eramateko" eskatu dute 'Euskal presoak Euskal Herrira! Dagozkien eskubideen jabe' lelopean egindako agerraldi batean. Argazkian, eskaera egin duten danbor-jotzaileak ikus daitezke, euren elkarteko jantziarekin.
|
|
Kioskoa danborrada hartzeko prest
Egun hauetan udaletxeko langileak herriko plazako kioskoa jaietarako prestatzen jardun dute; margotu ere egin dute, baita egurrarekin zabalago jarri ere. Urtero bezalaxe, aurten ere Udalak kioskoaren egoera kaskarraz oharra kaleratu du: "Plazan dagoen kioskoa egoera txarrean dago, eta ezin diola pertsonen zamari eutsi". Zerbait gertatuz gero, "Udala ez dela erantzule" egingo azaldu du. Argazkian, kioskoa sansebastian giroz apainduta ('Urola Kostako Hitza').
|
|
Sokamuturrerako hesiak jarrita
Aurtengo sansebastianetan bi egunetan izango da sokamuturrean ibiltzeko aukera. San Sebastian Egunean eguerdian eta 16:30etik aurrera, eta astelehenean, jai izango denez, 16:30etik aurrera. Egun hauetan sokamuturrerako hesiak jartzen ari dira udaletxeko langileak. Argazkian, Enparan kalean hesiak jarrita ('Urola Kostako Hitza').
(Informazio gehiago)
|
|
'Hitza'-k Uztarorekin ere hitzarmena sinatu du
Euskararen normalizazioan eragiteko hasierako helburuei eutsiz, harpidedun gehiago lortu nahi du 'Urola Kostako Hitza' egunkariak. Horretarako, eskualdeko gizarte eragileekin lankidetza hitzarmenak egiten ari dira. Uztaro Haurreskolarekin sinatu du hitzarmena, besteak beste. Argazkian, 'Urola Kostako Hitza'-ko zuzendari Amaia Mendizabal eta Uztaroko zuzendari Miren Gartzia.
|
|
Haurren eta helduen danborradetako argazkiak bilduman jasota
Sansebastian festen biharamunean, argazki bilduma egin du Uztarriak webean. Haurren zein helduen danborradetako argazkiak daude bilduman jasota. Argazkian, San Sebastian bezperan egin zen helduen danborrada, plazan.
(Informazio gehiago)
|
|
Erakundeen politika salatuz
ELA sindikatuak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur (urtarrilak 25, ostirala), 12:00etan, Azpeitiko Landetako biribilgunean. 'Eurotuta daude, mutuak ere negozioaren parte' lelopean, 50 lagun inguru bildu dira elkarretaratzean. ELAren arabera, gizarte ereduari lotutako gaietan "atzera" egin dugu eta, hori dela eta, gizarte ereduari buruzko eztabaida lantegietara eraman nahi du. Otsailaren 15era bitartean kanpaina bat jarriko du martxan fiskaltasuna, osasuna, gizarte zerbitzuak eta etxebizitzaren inguruko eztabaida langileen artean sustatzeko, besteak beste. Argazkian, gaur, ostirala, Landetako biribilgunean egin duten kontzentrazioa.
|
|
Kaldereroen kalejira, kolore eta doinuz jantzita
Urteroko ohiturei jarraiki, joan den asteburuan iragarri zituzten kaldereroek karnabalak. Larunbatean, hilak 25, egin zuten kaldereroen kalejira Azpeitiko kaleetan zehar. Zartagin eta kutxarak eskuan hartuta, hainbat gaztetxo zein helduk parte hartu zuten konpartsan. 19:30ean abiatu ziren Plaza Txikitik eta Udal Musika Banda, Juan Antxieta Musika Eskola eta ludotekako begiraleak izan zituzten lagun kalderero gazteek. Argazkian, kaldereroen kalejira ('Urola Kostako Hitza').
|
|
San Martin egoitzan karnabalak prestatzen
San Martin egoitzan hasi dira dagoeneko karnabalak prestatzen. Datorren ostegunean, ostegun gizena, merienda berezia egingo dute 16:00retan eta torradak eta txokolatea banatuko dituzte denentzako. Ondoren, Laja eta Pixpirekin dantzaldia egingo dute. Argazkian, aurreko urteko karnabaletako irudia.
|
|
Ondo babestuta
Aurtengo karnabaletan ere sokamuturra ez da faltako Azpeitiko kaleetan. Hori horrela, sokamuturra izango den zenbait kaletan hesi eta taulez babesten dituzte eraikin eta lokalak. Argazkian, Azpeitiko karrera bat karnabaletako sokamuturretik babesteko prestatuta.
|
|
Flamenkoa, Gaztetxean
Azpeitiko Gaztetxean flamenkoa ikasteko saioak antolatu dituzte. Joan den asteartean hasi ziren klaseak eta ikastaroan parte hartzen ari direnen arabera, "arrakasta" izan du. 20 bat lagunek eman dute izena. Baina nahi duen orok parte hartu dezake eta doan da. Saioak asteartetan izango dira, Gaztetxean, 19:00etatik 20:30era. Bestalde, gitarra ikastaroa ere aurrera doa Gaztetxean. Hori ere asteartetan izaten da, 19:00etan. Argazkian, joan den asteartean egin zuten saioa, Gaztetxean.
(Informazio gehiago)
|
|
'Urola Kostako Hitza'-k Erniarraitzekin hitzarmena
'Urola Kostako Hitza' egunkariak eta Erniarraitz Bertsozale Elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute. Euskararen normalizazioan eragiteko helburua sendotzea eta, horretarako, harpidedun gehiago lortzea izan dira elkarlanean aritzeko erabakiak. Argazkian, 'Urola Kostako Hitza'-ko zuzendari Amaia Mendizabal eta Erniarraitz Bertsozale Elkarteko kide Laxaro Axkune agertzen dira, Erniarraitzen egoitzan.
(Informazio gehiago)
|
|