Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 4,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Argazkiak »  Hilabete bakoitza »  2007ko azaroa

 ARGAZKIAK

 ORRI HAU...

 

2007ko azaroa, argazkitan

Balkoiak atera dizkiete

Ez da oso ohikoa izaten etxeei gerora balkoiak ateratzea. Enparan kaleko 30.eko etxebizitzei atera dizkiete, ordea. Balkoi handiak atera ere. Lanetan jardun dute azkeneko hilabeteetan, eta azken ukituak ari dira ematen egunotan; eraikina bera ere margotu dute. Argazkia gaur (ostirala, azaroak 2) ateratakoa da.

Hasi da San Martin Astea

Atzo, astelehena, hasi zen San Martin Astea San Martin egoitzan. Asteari hasiera emateko Iņaki Errazkin, Xanet Esnaola eta Manuel Unanue udal ordezkariak egoitzara hurbildu ziren eta Joxe Agirrek eta Joxe Lizasok bertso batzuk kantatu zituzten. Egoiliarrek ere pare bat kantu abestu zituzten. Argazkian, Joxe Lizaso eta Joxe Agirre bertsotan San Martin egoitzan, atzo, astelehena. (Informazio gehiago)

Bertako produktuen azoka izan da Lasaon

Asteburuan San Martin jaiak ospatuko dituzte Lasao auzoan. Izatez ostiralean hasiko dira auzoko jaiak, baina joan den igandean ere festa izan zen nagusi Azpeitia eta Zestoa artean dagoen auzoan. Goizean goiz, Idiakaitz Txistulari Taldekoak aritu ziren auzoko giroa alaitzen eta, ondoren, eguerdira arte, bertako baserrietako produktuen erakusketa egin zuten. Baserrietako barazkiez gain, abereak, ogia eta eztia ere izan ziren salgai. Argazkian, joan den igandean Lasaon bertako baserrietako produktuekin egin zuten erakusketa. (Informazio gehiago)

Oinezkoentzako bidea zein da?

Garmendipetik Loiola aldera doan bidegorrian oinezkoak alderatuta utzi dituztela dirudi. Izan ere, oinezkoaren zeinu azpian egindako marrazkiak ez du zalantzarako lekurik uzten: bizikletak ezkerrean eta patinetedunak eskubian. Itxura denez, zenbait herritarrek bizitza gurpil gainean irudikatzen dute... Argazkian, zalantzaren aurrean erditik joatea erabaki duen herritarra ageri da. Argazkia, Uztarria Herri Aldizkariaren azaroko zenbakian argitaratua da.

ONCEko kupoia Azpeitiari

Joan den asteleheneko ONCEko kupoian Azpeitia izan zen protagonista. Kupoiak Azpeitiko udaletxearen irudia zekarren, batetik, eta herriari buruzko datuak, bestetik. ONCEren eguneroko kupoiak 1,5 euro balio du eta honako sariak ditu: 35.000euroko 50sari; 500 euroko 50 sari; 500 euroko 50 sari; eta azken zenbakiak kontuan hartuta, sari gehiago banatzen ditu. Azpeitiari buruzko kupoiak ere bateren bat sarituko zuen. Argazkian, Azpeitiari eskainitako ONCEko asteleheneko kupoia.

Ordutegi elektronikoak

Azpeitiko autobus geltokietan panel elektronikoak jarri berri dituzte. Oraindik ez daude panelak erabilgarri argindarra pasatzea falta delako. Baina behin martxan jarri ostean, autobusen ordutegia, kaleko tenperatura eta ordua adieraziko dira paneletan. Lurraldebusetik azaldu dutenez, "aurrerago publizitatea" ere sartzeko intentzioa dute. Argazkian, anbulatorio aurreko geltokian jarri duten panela.

Izarra Hotela bota dute

Izarra Hotela bota dute gaur (azaroak 9, ostirala) arratsaldean, Loiolako hiribidean. Ikusmin handia eragin du paseatzera ateratako herritarren artean eraikinaren amilketak. Gaur egun, etxebizitzak eraikitzeko lurzorua ari dira egokitzen hotelaren ingurunean.

Zezenketetako irabazien zati bat Miserikordirako

Larunbatean, azaroak 10, Zezenzale Batzordeak 2007ko San Inazio jaietako zezenketetan izan diren irabazien zati bat banatu zuten San Martin Egoitzan. Ekitaldian, egoitzako egoilariez gain, Karitaseko kidea den Alberto Bereziartua, Mariaren Sierbetako Anjeles Vega ama nagusia, Karitateko Alaben Lucia Garmendia ama nagusia eta Jesusen Alabek zuzentzen duten 'Laguntza Solidarioa Fundazioa' GKE-ko Rosa Espinosa izan ziren. Mikel Ibarzabal Udaleko festa batzordeburua eta Joxin Iriarte Zezenzaleen Batzordeko lehendakaria ere ekitaldian bertan izan ziren irabaziak banatzen.Karitasek, Mariaren Sierbek eta Karitateko Alabek, 5.000 euroko txekea jaso zuten. Argazkian, larunbateko ekitaldia.

Sokamuturrik ezean, zezen mekanikoa

Bustinzuriko Errebalean sanmartinak ospatu zituzten larunbatean. Goizean goizetik kalea txistulariek girotu zuten. 'Mingain urdina'ren gaitza dela-eta sokamuturrik ez zen izan sanmartinetan. Horrek ordez, haur eta gaztetxoentzako puzgarriak eta zezen mekanikoa antolatu zituzten Jai Batzordekoek. Argazkian, gaztetxo bat zezen mekanikoaren gainean larunbatean.

Lan Baldintza hobeagoen alde

Gaur (azaroak 15, osteguna) hiru orduko lanuztea egin dute Anbulatorioko langileek. Zortzietan hasi eta hamaikak arte, urgentziak bakarrik artatu dituzte. Greba deitu dutenek azaldu dutenez, erizainek, erizain laguntzaileek, administrazioko langileek, harrerakoek eta fisioek egin dute greba; medikuek konbenioa sinatuta dutenez, lan egin dute. Grebak izan duen jarraipenarekin "gustura" agertu dira. Lanuztearen arrazoiak joan den urriaren 10ean Osakidetzak Medikuen Sindikatuarekin sinatutako hitzarmenean daude. Hitzarmen horren ondotik, medikuek garapen profesionalean hainbat hobekuntza lortu dituzte. Lanuztera deitu duten langileek, ordea, "hobekuntza guztiak langile guztientzako izatea" eskatu dute. Greba Euskal Autonomi Erkidego osoan Osakidetzak dituen osasun etxe zentraletan zegoen deituta. Argazkian, 9:30ean Azpeitiko Anbulatorio aurrean egin duten kontzentrazioa. (Informazio gehiago)

Txotxongiloen mundua ikusgai

Azpeitiko XXV. Euskal Antzerki Topaketen barnean, aurten ere, txotxongilo erakusketa antolatu dute. Corrado Masacci italiarrak espreski Azpeitirako prestatutakoa da 'Txotxongiloak, mundu bat' izeneko erakusketa. Azaroaren 12an zabaldu zituen ateak eta hilaren 25era arte ikusgai egongo da Udaletxeko beheko aretoan. Lanegunetan 17:00etatik 18:30era, larunbatetan 17:00etatik 19:00etara eta igandeetan 12:00etatik 14:00etara egongo da zabalik erakusketa. Argazkian, Masacci ageri da herritarrei txotxongiloak erakusten, atzo, osteguna.

Eskola Antzerkia, etorkizuna lantzen

Azpeitiko XXV. Euskal Antzerki Topaketetan, urtero bezalaxe, Eskola Antzerkiak bere tokia izan du. Hilaren 8an hasi eta atzo artean, zazpi antzerki lan ikusteko aukera izan da, Izarraitz pilotalekuan. Ikastolako eta ikastetxeetako ikasleek landutako obrak eta antzerki profesionala izan dira txikienei zuzendutako ikus-entzunezkoaren artean. Atzo, osteguna, Donostiako Zurriola Ikastolako ikasleek Xagutranpa antzezlana eskaini zuten eta horrekin itxi zuten aurtengo Eskola Antzerkiaren edizioa. Argazkian, Zurriola Ikastolako Ikasleak antzezten, atzo, osteguna.

Izotz handia

Izotz handia bota du bart ere (ostiraletik zapatura). Zuritu ditu bazterrak majo. Goizeko zortzietan zero azpitik lau gradu zeuden. Argazkian, Zelai Luzen aparkatuta zegoen auto bat gaur, beirak-eta izoztuta dituela, goizeko hamarretan.

Erakusleihoak, salaketaren leiho

Azpeitiko Euskal Herrian Euskaraz erakundeak urtero, azaroan, Ezabaketa Astea egin ohi du. Aurten ere, beste hainbat urtetan bezalaxe, Azpeitiko EHEk ekimenarekin bat egin du, herriko kale eta errepideetan espainieraz dauden seinaleak ezabatuz. Baina, era berean, herriko hainbat dendetako erakusleihoetako iragarkiak espainieraz daudela salatu dute, eta dendariei "kezka eta haserrea" adierazi diete euskaltzaleek. Argazkian, Informazio seinale bat Euskal Herrian Euskarazek ezabatuta. (Informazio gehiago)

Murumendin Mariren atzetik

Joan den igandean, Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatuta, Murumendin izan ziren Azpeitiko gaztetxoak. Agustin Linazisorok eman zien inguru haiek gordetzen dituzten kultur eta natur ondareen berri. Horrekin batera, Murumendiko hainbat kobazulo bisitatzeko aukera ere izan zuten. Aritz eta Mariren kondairak ere ez ziren falta ibilaldian, biak baitira Murumendin lekua hartu zuten pertsonaia mitologikoak. Goiz partea ingurune natural horretan pasa ostean, bazkaritara etxera itzuli ziren gaztetxoak. Argazkian, gaztetxoak kobazuloetara sartu irtenean. (Argazkia: Aitor Unanue) (Informazio gehiago)

Santutxon jolastoki berria

Santutxo auzoan haurrentzako jolastoki berria jarri berri dute. Auzo horretako Erdiko kalean dago jolastoki berria. Azken hilabeteetan hainbat lan egin dituzte Santutxon: hiru kaleetan adokina jarri dute eta aparkalekuak egokitu dituzte. Haurrentzako jolas parkea izan da auzoari egindako azken ekarpena. Argazkian, jolastoki berria Santutxon, gaur, ostirala.

Ikasleek emakumeen aurkako indarkeria salatu dute

Igandean, hilak 25, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna izango da eta horren harira, kontzentrazioa egin zuten atzo, osteguna, ikastetxeetan hainbat ikaslek. 'Emakumeen kontrako indarkeriarik ez!' lelopean egin zuten ikasleek elkarretaratzea. Igandean, berriz, emakumeen aurkako indarkeria salatzeko kontzentrazioa egingo dute plazan Azpeitiko Bigune Feministak deituta. Udalak igandeko ekimenarekin "bat" egiten duela adierazi du eta herritarrei elkarretaratzean "parte hartu dezaten" eskatu die. Argazkian, ikasleek egindako kontzentrazioa atzo, osteguna. (Informazio gehiago)

Eraso matxistekin bukatzeko deia

Atzo (azaroak 25, igandea) Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko eguna zela eta, elkarretaratzea egin zuten Azpeitiko plazan. 'Emakumeen kontrako indarkeriarik ez!' lemapean, 80 bat lagun bildu ziren Azpeitiko Bilgune Feministak deitutako kontzentraziora. Bilgune Feministaren arabera, "emakumeok eskubidea dugu jendartearen esparru guztietan sufritzen dugun indarkeriarik gabe bizitzeko" eta hori lortzea "denon ardura" dela azaldu zuten. Argazkian, atzo, igandea, egin zuten elkarretaratzea plazan. (Informazio gehiago)

Independentziaren aldarria

Joan den larunbatean, hilak 24, EAE-ANV alderdiak deituta mobilizazioak izan ziren hainbat herritan. 'Guk Euskal Nazioa, Independentzia!' lelopean manifestazioa egin zuten Azpeitian eta 200 lagun inguru bildu ziren bertara. Manifestazioaren ondoren, ekitaldi politikoa egin zuten. Txalaparta, bertsoak eta Iņaki Errazkin alkatearen hitzak entzun ziren. Ezker Abertzaleak "gatazka konpontzeko" mahai gainean jarritako marko demokratikorako proposamena eta "independentziaren aukera" berretsi zituzten ekitaldian. Ildo beretik, 'Guk Euskal Nazioa. Independentzia!' lemapean EAE-ANVk Euskal Herri osorako egin duen manifestuaren inguruko atxikimenduak biltzen datozen asteotan hasiko direla jakinarazi zuten. Argazkian, larunbateko manifestazioaren ondorengo ekitaldi politikoa plazan. (Informazio gehiago)

AHTren kontra

Euskal Herriko Gaztetxeen eta Gazte Asanbladen Koordinadorak AHTren kontrako mobilizazioetan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak. Joan den larunbatean, Azpeitiko Trenaren Euskal Museoan AHTren kontrako ekimena egin zuten. Gazte talde batek trenbidean agerraldia egin zuen, Abiadura Handiko Trenaren kontrako kartelak eskuetan zituztela. Koordinadorak abenduaren 14an herrietan deituko diren mobilizazioetan parte hartzera deitu ditu gazteak; baita Arrasaten abenduaren 15ean, 17:00etan, plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzera ere. "Egun horretan ere ezinbestekoa izango da gazteen parte-hartzea, AHT gelditzera goaz!", adierazi dute. Argazkian, Azpeitiko Trenaren Euskal Museoko trenbidean elkarretaratzea egin zuten gazteak larunbatean.

"Denentzako hobekuntzaren alde"

ELA, SATSE, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, hiru orduko lanuztea egin dute Osakidetzako administrazioko langileek eta erizainek. 8:00etan hasi eta 11:00ak arte iraun du lanuzteak eta 9:30ean Azkoitian eta Azpeitian lan egiten duten Osakidetzako langileek kontzentrazioa egin dute Azpeitiko anbulatorio aurrean. Osakidetzak egindako eskaintzan berrikuntzarik ez dagoela uste dutelako egin dituzte mobilizazioak. Besteak beste, soldata-taulak berriz banatzeko eta jasaten duten karga profesionalari irtenbidea emateko eskatzen dute sindikatuek. Argazkian, gaur, asteazkena, Azpeitiko anbulatorio aurrean egin duten kontzentrazioa. (Informazio gehiago)

Nuarben 'Ximonenekoa' bota dute

Nuarbeko azken taberna zen 'Ximonenekoa' egunotan bota dute. Juan Zabaleta 'Txistu'-k otarrak egiteko erabiltzen zuen eraikina ere bota dute. Bertan etxebizitza berriak egiteko asmoa du Udalak. Argazkian, makina bat ageri da lanean.

Txistularien harrobia

Joan den asteazkenean, azaroak 21, ospatu zuten Juan Antxieta musika eskolakoek Santa Zezilia jaialdia. Asteazkeneko jaialdia ez zen izan, hala ere, Santa Zeziliari lotutako ekimen bakarra. Igandean Izarraitz Txistulari Taldea eta Juan Antxieta Musika Eskolako txistuko ikasleak, elkarrekin atera ziren diana jotzera. Txistulari gazteek "fundamentuz" jo zituzten txistua eta danbolina. Argazkian, txistulariak, zahar eta gazte, guztiak elkarrekin Erdi Kalean gora, igandean.

Kaleak gabon giroz janzten

Abenduaren etorrerarekin, hasi dira herriko kaleak, dendak eta beste hainbat txoko gabon girorako apainketak prestatzen. Kaleetan jarri dituzte dagoeneko gabonetako argiak, oraindik piztu ez badituzte ere. Zenbait dendarik ere gabonak hartu dituzte gaitzat euren erakusleihoak apaintzeko. Damaso auzoko hiru komertziok, esaterako, elkarrekin prestatu dituzte apaingarriak. Hirurak elkarren alboan daude eta Maria, Jose eta Haur Jaioberria irudikatu dituzte erakusleihoetan. Bakoitzak pertsonaia bat hartu du eta bizkarrez jarri dituzten arren, ispilu batean islatuta ageri dira kalera. Argazkian, Mariaren irudia azaltzen duen dendaren erakusleihoa, atzo, osteguna.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak