Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 1,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Argazkiak »  Hilabete bakoitza »  2007ko iraila

 ARGAZKIAK

 ORRI HAU...

 

2007ko iraila, argazkitan

Eliz kalean hasi dira adokina jartzen

Abuztuko oporren ostean indarrak hartuta, ekin diote berriz ere Alde Zaharra hiritartzeko planaren baitako hurrengo faseari. Orain, Eliz kalean hasi dira adokina edo galtzada harria jartzen. Plaza Txikian, Enparan kalean eta Perez Arregi plazan dagoeneko adokina jarrita dago eta behin Eliz kaleko lanak amaituta, Erdi kaleari ekingo diote. Dena dela, Eliz kalean hasi besterik ez dira egin lanekin eta itxaron egin beharko. Argazkian, Eliz kaleko lanak.

Asfaltatu dute

Uztarriaren aurtengo abuztuko aldizkarian Miren J. Larraņaga bazkideak zioen Conil de la Fronteran (Cadiz, Espainia) izan zela iaz oporretan eta han badela 'San Ignacio de Loyola' izeneko kalea, eta hura dela Conilgo 441 kaleen artetik asfaltatu gabe zegoen bakarretakoa (argazki txikikoa). Aldatu dira gauzak. Izan ere, beste bazkide batek jakinarazi berri du aurten Conilen kale horretan izan dela eta dagoeneko asfaltatuta dagoela; argazki hauxe bidali du Uztarriara, froga gisa.

Ikasturte berrirako prestatzen

Ikasturte berriaren atarian gaude. Oporrez gozatu ostean hurrengo astean hasiko dira haur eta gazte asko eskolan. Dena den, urtero bezala, ikasturte berrirako prestatu egin beharko dute lehendabizi eta hori ez da izaten zeregin merkea gurasoentzat. Seme-alabentzako liburu eta ikasmateriala erosten ari dira dagoeneko gurasoak. Argazkian, ikasturte berrirako ikasmateriala salgai herriko saltoki batean.

Lau buruko onddoa

Uda amaitzear dela, hasi da perretxikoen garaia. Zaletu asko joan ohi da mendira udazkeneko lore deitutakoen bila. Azkeneko asteetan onddo ugari aurkitu du jendeak bazterretan. Hori bai, isilean gorde ohi dira uzta oparoenak ematen dituzten belardi eta arbolarteak hurrengo sasoian berriro norberak bila ditzan. Edorta Azkune azpeitiarrak onddo zeharo bitxia aurkitu zuen joan den asteartean. Lau buru ditu onddoak eta Azpeitia inguruan aurkitu zuen. Onddoaren argazkia Eitbren eguraldi blogean aurkitu dugu. (Informazio gehiago)

Berriro eskolara

Gaur (irailak 10, astelehena) hasi dute ikasturte berria herriko haur eta gazte askok. Oporren ondoren indarberrituta, berriro eskolara bueltatu dira ikasleak. Aste honetan bertan hasiko dute gainontzeko haur eta gazteek kurtso berria herriko ikastetxeetan. Gaur, dagoeneko ikastetxeetako patioak haur eta gaztez beteta ikusi ditugu. Argazkian, eskola-umeak jolas orduan.

Itsasikoak Ukrainan izan dira abuztuan

Itsasi dantza taldekoak Ukrainako Rivne hirian izan dira joan den abuztuan. VII. Folklore Jaialdia ospatu dute hiri horretan eta Azpeitiko dantza taldekoek bertan parte hartu dute. "Euskal dantzek arrakasta" izan dutela adierazi dute Itsasikoek, hangoek hala esan diotela eurei behitzat. Gainontzeko parte-hartzaileak Polonia, Lituania, Turkia, Georgia, Errusia eta Ukraina bertakoak ziren. Itsasiren ordezkaritza 30 lagunek osatu zuten eta jaialdiaren aitzakiak, turismoa egiteko ere balio izan die. Ukrainaz gain, Berna, Munich, Krakovia, Praga eta beste hainbat lurralde ezagutu dituzte. Argazkian, dantza taldeko musikariak Ukrainan.

Donostiako gertakariak salatzeko

Amnistiaren aldeko mugimenduak elkarretaratzeak egin zituen atzo, osteguna, Euskal Herriko hainbat batzokiren aurrean. Elkarretaratzeekin joan den igandean Donostian Ertzaintzak azaldu zuen "jarrera erasokorra" salatu nahi izan dute eta EAJri leporatu diote gertatutakoa. Azpeitian ere, 'PNV espainiar errepresioaren morroi' lemapean hainbat lagun bildu ziren Batzokiaren aurrean. Amnistiaren aldeko mugimenduko kideek "ekintza errepresibo guztien gainetik" erakundeak bere lanean jarraituko duela adierazi zuten. Argazkian, Azpeitiko elkarretaratzea Batzoki aurrean, Olazko Amaren plazan.

Igerileku irekia igandean itxiko dute

Igande honetan, hilak 16, itxiko dute igerileku irekia. Ekainaren 3an zabaldu zuten eta hiru hilabete eta erdian egon da irekita. Iraila heldu da eta uda amaitzear dela itxi ohi dute igerileku irekia urtero. Estalitako igerilekuak, berriz, ohiko ordutegian jarraituko du zabalik: astelehenetan 14:00etatik 21:00etara; asteartetik ostiralera 07:00etatik 21:00etara; larunbatetan 09:00etatik 13:00etara eta 16:00retatik 20:00etara; eta igandeetan 09:00etatik 13:00etara. Argazkian, estali gabeko igerilekua.

Jolastoki berria Santutxon

Santutxo auzoan aurrera doaz lurzoruan galtzada-harria edo adokina jartzeko lanak. Goiko kalean jarri dute dagoeneko adokina eta orain, erdiko kaleko lanak bukatzen ari dira. Erdiko kaleko lanekin bukatzean hasiko dira beheko kalean. Galtzada harriarekin batera, jolastoki berria eraiki dute Santutxoko haurrentzat. Argazkian, jolastoki berria eta langileak atzeko paretan harria jartzen.

Hasi dira etxebizitzak eraikitzen Julian Elorzan

Hasi dituzte Julian Elorza hiribidean udal sustapeneko etxebizitzen eraikitze lanak. Azpeitia Lantzen-en bidez, 20 etxebizitza eta bi apartamentu egingo dituzte. Kuartel zaharra zegoen tokian eraikiko dituzte. Oraingoz, lurra egokitzen ari dira, eta inguruko aparkaleku batzuetan, behintzat, ezingo da aparkatu denbora batez. Argazkian, udal sustapeneko etxeak eraikiko dituzten tokia, Julian Elorza hiribidean.

Lagun Onakekoak Artzamendin izan ziren asteburuan

Oporren bueltan berriro ere asteburuko ibilaldiei jarraipena eman zion Lagun Onak mendizale taldeak. Joan den asteburuan, eguraldia lagun zutela, Lapurdiko mendirik garaienera egin zuten ibilaldia; Artzamendira. Hileko azken igandean egingo dute iraileko bigarren ibilaldia. Gaztetxoei zuzenduta egongo da eta Erniotik barrena egingo dute ibilaldia. Argazkian, Lagun Onakekoak Artzamendira egin zuten ibilaldian. (Informazio gehiago)

Udazkena iritsi da

Gaur (irailak 21, ostirala) sartu gara udazkenean. Urtaro honek udako beroak atzean utzi ohi ditu eta haize freskoak ekarri. Zuhaitzek ere kolorez aldatzen dute eta hostoak lurrera erortzen hasten dira. Goenako zuhaitz artean ere hosto batzuk lurrean ageri ziren gaur goizean; ez gehiegi, hala ere. Argazkian, Goenako arbola artea.

Azpeitiarrak Zegama-Aizkorri mendi maratoian

Atzo (irailak 23, igandea) jokatu zen Zegama-Aizkorri mendi maratoia. Munduko koparako puntuagarria zen atzoko froga eta nazioarteko parte-hartzaile ugari izan zen lasterka. Tartean, hala ere, azpeitiarrak ere agertu ziren. Horietako bat, Xabier Korta; bera izan zen lehen azpeitiarra. Argazkia Urbian ateratakoa da, lasterketa bukatzeko 12 kilometro falta direla, Korta ageri da ikusleen animoak jasotzen.

'Hala bazan eta ez bazan'..

Atzo, astelehena, Pello Aņorga izan zen Azpeitiko liburutegian. Ipuin kontalaria da hura, eta lau eta bost urteko gaztetxoak izan zituen entzule. Saioa bukatzean 'izarren hautsa' oparitu zien gaztetxoei, zorte ona izan zezaten. Argazkian, Pello Aņorga haurrei ipuina kontatzen Azpeitiko liburutegian, atzo arratsaldean.

Euriteen ondoren, adar eta zikinkeriak pilatuta

Atzo, asteartea, eta gaur goizean euri jasa handiak izan dira Azpeitian eta inguruetan. Euriteen ondoren, ibaiak zekartzan adar eta zikinkeriak pilatuta gelditu ohi dira zubi edota erreka bazterretan. Urola ibaian ere, Enparango zubian, halaxe gertatu da. Argazkian, Enparango zubian urak ekarritako zikinkeria pilatuta.

Hainbat ikaslek gudariekin bat

Gaur (irailak 27, osteguna) gudari eguna dela-eta, irakaskuntzan ordubeteko etena egin dute goizean. Ikasleek bideo emanaldi bat ikusi eta plazan kontzentrazioa egin dute 'Ikasleok ere goazen gudariekin bat...askatasunera!' lelopean. Ildo beretik, arratsaldeko 19:30ean, gudarien aldeko manifestazioa egingo da plazatik abiatuta. Larunbatean, berriz, Nuarbera martxa abiatuko da goizeko hamarretan eta han ekitaldia egingo dute. Nuarbekoa zen Anjel Otaegi, frankismoak fusilatu zuen ETAko militantea. Argazkian, goizean ikasleek egin duten kontzentrazioa plazan.

Kaleak erdi aroz apainduta

Asteburuan, hilak 29-30, egingo da Azpeitian Erdi Aroko azoka eta dagoeneko kaleak apaindu dituzte zapiekin. Bihar, larunbata, 12:00etan irekiko ditu ateak azokak eta era guztietako postuak eta animazioak ikusi ahal izango dira. Aurten, lehen aldiz, herriko hainbat saltokik ere postuak jarriko dituzte eta atzera gelditutako arropa eta oinetakoak salgai jarriko dituzte. Igandean, iluntzeko zortziak arte egongo da azoka irekita. Argazkian, Erdi kalea zapiez apainduta. (Informazio gehiago)

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak