Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 1,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Argazkiak »  Hilabete bakoitza »  2007ko uztaila

 ARGAZKIAK

 ORRI HAU...

 

2007ko uztaila, argazkitan

Grafitizaleak lanean

Atzo (igandea) graffiti erakustaldia izan zen Betharramdarretan. Herriko grafitizale taldeak antolatu zuen ekimena eta Udaleko Gazteria Sailak lagundu zuen diruz. Gazte ugari aritu zen graffitiak egiten, eta mota eta kolore askotarikoak egin zituzten. Argazkian, gazteak graffitiak egiten.

Tercerok hartu du kargua Lizartzan

Maiatzaren 27ko udal hauteskundeetan PPtik Azpeitian aurkeztu bazen ere, Julia Tercerok (PP) Lizartzan hartu du zinegotzi kargua, gaur (astelehena). Han EAE-ANV eta PP baizik ez ziren aurkeztu, baina Espainiako auzitegiak baliogabe jo zuten EAE-ANV (186 boto lortu zituen gero). PPk 27 botorekin hartu du Alkatetza gaur, tentsio artean. Argazkian, Tercero bera gaur Lizartzako udaletxean (ezkerrean), eta ondoan Laura Garrido PPren zinegotzia eta Regina Otaola alkatea (PP). ('Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza'). (Informazio gehiago)

Txapeldunari errekonozimendua

Mireia Epelde txirrindulari azpeitiarra Espainiako txapeldun izan berri da 23 urtez azpikoen artean. Asteburuan jokatu zuen Cuencako (Gaztela-Mantxa) lasterketa eta bukaerako sprint baten ostean, garaipena lortu zuen Epeldek. Atzo (astelehena) errekonozimendua egin zioten Azpeitiko Udaleko ordezkariek. Mireia Epelde Tourrean izan zen ekainean eta datorren ostegunean, hilak 5, Italiako Girora abiatuko da. Argazkian, ezkerretik eskuinera, Julian Kortajarena, Iñaki Errazkin, Mireia Epelde eta Manuel Unanue atzo udaletxean egin zuten ekitaldian.

Tute, punttuko eta museko txapeldunak

Atzo (asteartea) banatu zituzten Aitonena I-en aurtengo tuteko, punttuko eta museko sariak. Guztira 27 bikotek hartu dute parte txapelketan eta guztiek jaso dute otordu baterako txartela. Horrez gain, bikote irabazleak kopak, afaria eta txapela jaso zituen. Bigarren gelditu zirenei, berriz, kopak eta afaria eman zizkieten. Sariak banatzen Iñaki Errazkin alkatea, Manuel Unanue zinegotzia eta Aitonenako zuzendaria aritu ziren. Jokalari zaharrenari ere eman zioten saria, 90 urteko Josefa Arriarani. Argazkian, Arriaran saria jasotzen.

Perez Arregi, beste bilgune bat herrian

Bukatu dituzte Perez Arregi plaza hiritartzeko lanak. Azken hilabete hauetan galtzada-harria jartzeko lanetan aritu dira. Orain, plazari azken ukituak ematen ari dira. Eserlekuak, lorak eta zuhaitzak jarri dituzte, eta argiztapen lanekin ari dira. Perez Arregiko lanak bukatuta, Eliz kalean adokina jartzeko lanei ekingo diote. Argazkian, Perez Arregi plaza.

Azpeitian ere entzierroa

Gaur (uztailak 6, ostirala) entzierroa egin dute Azpeitiko parte zaharreko kaleetan. Udaleku irekietako gaztetxoak izan dira 'zezenak' atzetik zituztela entzierroan lasterka egin dutenak. 12:00etan bota dute txupinazoa Sindikatu Zaharreko balkoitik eta segidan abiatu da entzierroa Plaza Txikitik Enparan kalean behera. Argazkian, entzierroa Erdi kalean gora.

Iraurgikoak Llanesen

Iraurgi Saskibaloi Elkarteak bultzatuta Azpeitia inguruko 84 gaztetxo Llanesko (Asturias, Espainia) kanpusean dabiltza. Lehengo igandean abiatu ziren eta, han astebete eginda, bihar (igandea) itzuliko dira etxera. Iraurgikoak Llanesera joan diren bigarren urtea da. Argazkian, Iraurgiko neska jokalari batzuk han, aste honetan. (Jose Luis Zubizarreta).

EAJ, Hazparnen ere bai

EAJk Hazparnen (Lapurdi) ere badu igandetik herriko batzordea. Hain zuzen, orduan aurkeztu zuten, eta han izan zen, besteak beste, Josu Jon Imaz EAJren Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) presidentea. Ipar Euskal Herriko EAJren festa eguna egin zuten. Pierre Broussain (1869-1920) omendu zuten ekitaldian. Broussain Hazparneko alkatea izan zen, eta Ipar Euskal Herriaren ordezkari gisa kontseilari nazionala. Euskara batuaren bultzatzailea ere izan zen eta Euskaltzaindiaren sorrerako hamabi kideetakoa. Azpeitia eta Hazparne senidetuta daude 80ko hamarkadaren erdialdetik. Argazkian, Imaz —eskubian—, igandean Hazparnen.

Ibai Ederren arrainak hilda agertu dira

Atzo (asteartea) goizean arrain ugari hilda agertu ziren Ibai Eder ibaian. Amuko zubiaren parean hasi eta Hartzubiko atzealdera arte ageri ziren arrainak hilda. Loinak eta amoarrainak dira hilda agertu direnak. Arrainak hiltzearen arrazoiak ez dituzte oraindik argitu. Dena dela, Gipuzkoako uren kontsortzioak kasua aztertuko duela jakitera eman du. Gaur goizeko argazkia da goikoa, eta oraindik arrainak hilda ageri ziren ibaian, Hartzubia parean.

Erori arte?

Ospital honetan bizi izan zen Inazio santua hiru hilabetez, 1535. urtean Azpeitira etorri zenean. Erortzear dago eraikina, egun. Erortzen da teila bat, erortzen da bestea... eta arduradunek ez dute entzuten. Hondatuta dago etxea eta martxan honetan erori egingo da, bota gabe. Urola ibaiaren ondoan dago, bai; baita jendea pasatzen den errepide ondoan ere. Argazkian, garai batean ospitala izan zen eraikina teilatua erortzear duela. Uztarriaren azkeneko zenbakian argitaratu da argazkia.

Gaztetxearen II. urteurrena ospatuz

Larunbatean Azpeitiko Gaztetxearen II. urteurrena ospatu zuten Azpeitiko gazteek. Egun horretarako egun osoko egitaraua prestatu zuten eta ekimenei goizean goiz ekin zioten. 11:00etan baltsa jaitsiera egin zuten Urola ibaian. Eguardian bazkaria izan zen gaztetxean bertan eta bazkalostean, bideo emanaldia eta gaztetxeko hainbat gaztek prestatutako showa izan ziren. Ondoren, triki poteoa egin zuten gaztetxetik hasi eta kalean zehar eta gauean kontzertuak izan ziren gaztetxean. Argazkian, baltsa jaitsieran parte hartu zuen neska koadrila, Urola ibaian, zelai luze parean.

"Eraso sexistekin amai dezagun"

Joan den astean jazotako ustezko sexu erasoaren aurrean, kontzentrazioa deitu zuten Bilgune Feministak eta Izarraizpeko Sorginak emakume taldeak. Atzo (uztailak 16, astelehena) egin zuten elkarretaratzea plazan. "Erasotua izan den emakumeari eta isilean erasoak pairatzen dituzten emakumeei elkartasuna" adierazi nahi izan zioten plazan bildutakoek eta "eraso hauek gizartean dugun eredu matxistaren ondorio" direla salatu zuten. Azpeitiko Udalak ere bat egin zuen elkarretaratzearekin. Argazkian, 'Eraso sexistekin amai dezagun' lelopean plazan egin zuten kontzentrazioa. (Informazio gehiago)

Lagun Onakekoak Europako Mendietan

Europako Mendietan (Asturias) izan ziren asteburuan Azpeitiko Lagun Onak Mendi Taldekoak. Hogeita bost laguneko koadrilak burutu zuen ibilaldia. Bulnes eta Naranjo inguruetatik gora eginez, Tesorero mendia igo zuten (2.570 m) gehienek. Eguraldi ederra lagun izan zuten ibilbide guztian. Iluntze aldera, Potes herrira joan ziren eta, izenak dioena moduan, pote batzuk hartu zituzten. Igandean San Vicente de la Barqueran bazkaldu zuten eta zazpiterdiak aldera itzuli ziren Azpeitira. Argazkian, Lagun Onakekoak Tesorero mendiaren gailurrean. (Informazio gehiago)

Argoila bere lekuan da berriro

San Martin estratako argoila batera eta bestera erabili dute azken hilabeteotan. Hala ere, eskegi dute berriro Miserikordi aurrean sokamuturrean zezena lotzeko erabiltzen den uztaia, propio egindako harrizko horman (lehen han zeuden harriak erabili dituzte). San Martin egoitzako lanak zirela-eta, horma bota egin zuten eta argoila kendu. Uztarria aldizkariak ekaineko zenbakian atera zuen argoila obretako barandan lotuta. Argazki nagusian, argoila berriro eskegita ageri da. Ezkerrean goian, Uztarria aldizkariak ateratako argazkia eta behean ezkerrean, sokamutilak zezena argoilan lotzen.

Urtegiaren inguruko bide berria inauguratu dute

Urtegiaren inguruko bidezati berria bukatu zutela hilabete baino gehiago bada ere, atzo (ostirala) egin zuten inaugurazioa. Ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburu Esther Larrañaga arduratu zen zinta ebakitzeaz. Inguruan zituen Iñaki Errazkin alkatea eta Udaleko hainbat alderditako ordezkariak. Guztiek ere inguruaren edertasuna nabarmendu zuten, baita egindako lana ere; landare autoktonoak errespetatuz eta bestelakoak kenduz, pinuak eta akaziak kasu. ('Urola Kostako Hitza')

Baserritarren Eguna giro onean

Atzo (uztailak 22, igandea) ospatu zuten Azpeitian Baserritarren eguna. Ohi bezala, hainbat ekitaldi izan ziren egun osoan zehar. Eskualde mailako ganadu eta gazta lehiaketak ikusmin handia piztu zuen herritarrengan. Plazan izan ziren Gipuzkoa osoko 23 sagardogile ere, elkarren artean lehiatu eta herritarren egarriak asetzen; Lizeagak irabazi zuen. Protagonista, hala ere eta ohi bezala, bezperatik erretako txekorra izan da. Aurten, gainera, hegaluzea ere dastatu ahal izan da txekorraz gain. Arratsaldean, berriz, errekortari txapelketa izan zen zezen-plazan eta jende ugari bildu zen. Egunari Pantxoa eta Peioren kontzertuak eman zion bukaera. Argazkia Leire uztarria.com-eko blogariak zintzilikatu du bere blogean; txekor errea eta jende ugari ageri da plazan. (Informazio gehiago)

Hau erretiratuko al dute?

Lehengo larunbatean ertzainak Azpeitiko prentsa kiosko eta liburudendetatik pasatu ziren ‘El Jueves’ aldizkari satirikoaren orduko zenbakiaren ale denak erretiratzera, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, honen ustez aldizkariak Espainiako erret familia iraindu egin zuela. ‘El Jueves’-ek gaur (asteartea) atera du zenbaki berria eta goikoa da azala. Aurrekoan bezala, Asturiasko printze-printzesak ageri dira, eta testua aldizkarikoena beraiena da, bi haien ahotan jarri gabe. "Zuzenketa. Hau da argitaratu nahi genuen azala", diote. Erretiratuko al dute hau? (Informazio gehiago)

Festa giroan

Atzo (uztailak 25 asteazkena) muntatu zituzten Berdura Plaza atzean San Inazio festetarako txosnak. Aurten, gainera, egitura berria izango dute: eskenatokia atzerago jarri dute eta txosnak forma bilduagoan jarri dituzte. Denera, bederatzi txosna izango dira aurtengo saninazioetan eta Etxeratek beste bat jarriko du urtero bezala bokadiloekin. Larunbatean irekiko dituzte txosnak festarako. Argazkian, atzo, asteazkena, txosnak muntatzen.

Iparragirreri elkartasuna lankide ohiek

Atzo (ostirala) eguerdian Iker Iparragirreren lankide ohiek Sammic lantegiaren atarian elkarretaratzea egin zuten, atxilotuari elkartasuna adierazteko helburuarekin. Iparragirre ostegunean atzeman zuen Frantziako Poliziak, Rodezen, etakidea delakoan. Argazkian, Sammicekoak elkarretaratzean. ('Urola Kostako Hitza') (Informazio gehiago)

Amnistia aldarrikatuz

'Eskubide guztien jabe, euskal presoak Euskal Herrira' lelopean manifestazioa egin zuten atzo (larunbata) Azpeitian, Amnistiaren Egunean. Aste honetan atxilotutako Iker Iparragirre gogoan izan zuten ekitaldietan. Jende asko bildu zen manifestazioan eta afarian. ('Urola Kostako Hitza')

Kale eraso batzuk egin dituzte

Atzo (larunbata) arratsaldean, herriko hainbat zaborrontzi irauli, sua eman eta errepidean gurutzatu zituzten ezezagun batzuek eta, ondorioz, auto ilarak sortu ziren GI-631 errepidean. Gauean Caja Ruralen kutxa automatikoari su eman zioten ezezagunek; kalte arinak izan zituen. Argazkian, zaborrontzi bat lurrean. ('Urola Kostako Hitza'),

Ondo pasatu oporretan

Oporrak hartu behar badituzu abuztuan, ondo pasatu beraietan. Uztarriakook irailean 3ra (astelehena) arte jai izango dugu.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak