Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 1,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Argazkiak »  Hilabete bakoitza »  2007ko maiatza

 ARGAZKIAK

 ORRI HAU...

 

2007ko maiatza, argazkitan

EAJk 100. urteurrena ospatu du

Azkoitiko eta Azpeitiko EAJren kideek ekitaldi bateratua egin zuten igandean. Izan ere, bi herrietan alderdiak eta batzokiek 100 urte bete dituzte. Hori dela eta, ikurrina jarri ekitaldi politikoa egin zuten Azkoitiko batzokian igande goizean. Eguerdian, Loiolan meza izan zuten eta ondoren bazkarai Kirurin. Argazkian Azkoitiko batzokiaren aurrean (Aizbe). (Informazio gehiago)

Zahartzaroan osasuna zaintzeko gomendioak

Julian Bereziartua medikua izan zen atzo (osteguna) San Martin egoitzan. Bereziartuak zahartzaroan osasuna nola landu gomendioak eskaini zizkien egoitzan bildutakoei. Osasuna kaltetzen duten bost faktore nagusi aipatu zituen medikuak: gizentasuna, diabetesa, alkohol gehiegi edatea, erretzea eta presaka bizitzea. Osasuna zaintzeko elikagaiak ere azaldu zizkien. Argazkian Bereziartua medikua San Martin egoitzan.

Euskararen alde

Laugarren Hizkuntza Eskubideen Eguna egin zuten atzo (igandea) Azpeitian, Euskal Herrian Euskarazek (EHE) antolatuta. 500en bat lagunek manifestazioa egin zuten, 'Euskara ofiziala herri guztietan- Euskal Herrian' lelopean. Bazkaltzen 400en bat lagun bildu ziren Azoka Plazan. Ondoren, musika izan zen protagonista, plazan. Argazkian, manifestazioa, Erdi kalean ('Urola Kostako Hitza'. (Informazio gehiago)

Aurtengo Takolo Beka jaso dute

2007ko Joxe Takolo beka Kepa Eskribano eta Fernando Ferreras mendizaleek jaso zuten joan den larunbatean. 'Mendi Bira 2007: escaladas de alta dificultad alrededor del mundo' proiektua gauzatu ahal izateko 4.200 euroko diru laguntza jaso dute bekari esker. Maiatzean bertan ekingo diote espedizioari eta, munduan zehar, bost kontinentetan ibiliko dira, 9 hilabetez. Argazkian, ezkerretik hasita, udaletxean larunbatean Julian Eizmendi alkatea eta Kandido Mitxelena Kirol batzordeburua, eta bi mendizaleak, ezkerrekoa Eskribano eta Ferreras eskuinekoa (Informazio gehiago)

Urbieta eta Gorostola zesta puntan txapeldun

Aitor Gorostola azpeitiarra eta Iñaki Urbieta zumaiarra txapeldun atera ziren asteburuan jokatu zuten zesta-puntako GRAVN txapelketako finalean. Txapelketa hau, Gipuzkoa, Errioxa, Araba, Bizkaia eta Nafarroako selekzioek jokatzen dute. Gorostola eta Urbieta jubenil gazteek Gipuzkoako selekzioa ordezkatu zuten larunbatean Gasteizko Ogeta pilotalekuan eta Bizkaiari 35-32 irabaztea lortu zuten. Argazkian, Gorostola eta Urbieta bikotea txapelketa irabazi ostean. Ezkerrekoa da azpeitiarra.

Alkategaiekin elkarrizketa digitalak ostiraletik; Arellanorekin aurrena

Maiatzaren 27ko hauteskundeetan Azpeitiko Udalerako alkategaiei elkarrizketa on-line egiteko eta bideoan mezua helarazteko aukera emango die uztarria.com-ek, denei. Lehen elkarrizketa Juan Karlos Arellano Aralar-EB/Berdeak koalizioko zerrendaburuarekin izango da, gaur (ostirala), 17:00-18:00ak bitartean. Koalizioak herrirako dituen asmoez eta proposamenez galdetzeko aukera duzu orain uztarria.com-en. Argazkian, Arellano. (Informazio gehiago)

Baliogabetzeak salatzeko

Abertzale Sozialista hautesle elkarteen baliogabetzeekin "akordioari ezetz" esan diotela azaldu zuen atzo (asteazkena) ezker abertzaleak Olazko Amaren plazan egindako elkarretaratzean. "PSOE, EAJren laguntzarekin, eztabaida eta negoziaketa politikoa atzeratu nahian" dabilela salatu zuten. Baliogabetzeekin hauteskunde demokratikoak eta herritar orok proiektu politiko guztien artean aukeratzeko duen eskubidea ukatu dutela gaineratu zuten. Horrez gain, "gatazka gainditzeko ezker abertzaleak egindako proposamenei ezezkoa eman diote". Argazkian, Olazko Amaren plazan atzo egindako elkarretaratzea.

Bidezko merkataritzaren azoka

Bidezko merkataritzaren azoka egin dute gaur (larunbata) eguerdian Azpeitian, plazan. "Bidezko merkataritza, ohiko merkataritzaren aurrean alternatiba bat da. Irizpide ekonomiko soilen aurrean bestelako balore etikoak ere kontuan hartzen ditu, gizarte eta ingurumen esparruak lotuz", dio Eli Aginagaldek, Azpeitiko misio taldearen izenean. Argazkian, azokako zenbait produktu eta antolatzaileak, udaletxeko arkupeetan gaur. (Informazio gehiago)

Gaztetxean eskalada, presoen alde

Azpeitiko Topaguneak antolatuta, 'Euskal presoak euskal harrietara' lelopean eskalada da nagusi Gaztetxean, atzotik (ostirala). Atzo diapositiba emanaldia antolatu zuten, eta gaur txapelketa egiten ari dira; gauean Dirua, Cohen eta Instep taldeen kontzertuak izango dira, 22:30etik. Argazkian, eskalatzaileak gaur, Gaztetxean. (Informazio gehiago)

Aralar etxebizitza politika salatuz

Joan zen larunbatean Aralar-ek Udalaren etxebizitza politika salatu zuen Loiolan egindako ekintzaren bidez. Etxebeltz–Izarra ingurunean egiten ari diren lanetan 'Astakeria hau, beharrezkoa da?' eta 'Txikizioa stop' zioten pankartak jarri zituzten. Aralarrek adierazi du ez dela beharrezkoa hainbeste etxebizitza egitea eta ohartarazi du "etxez jositako herria" utziko dietela ondorengoei. Lanak bertan behera utzi ditzaten eskatu dute eta badirela beste bide batzuk alde zaharra biziberritzeko. Aralarrek jakinarazi zuen larunbatean bertan 17:00etarako pankartak kenduta zeudela jarritako lekutik. Argazkian, Aralarrek Etxebeltz-Izarran jarriko pankartak.

Azpeitar txistulari gazteak

Hernaniko Sandiusterri aretoan ospatu berri dute III. Txistulari Gazteen Txapelketa. Bertan izan dira Azpeitiko lau txistulari gazte. Unai Montori, Alain Sorazu, Ander Uranga eta Iñaki Azpeitia izan dira Azpeitiko Juan Antxieta musika eskola txistulari txapelketan ordezkatuko duten gazteak. 13 urtez beherakoen mailan lehiatu ziren laurak eta Alain Sorazuk bakarkako lehiaketako bigarren saria eskuratu zuen. Juan Antxieta musika eskolan 13 urte azpiko 11 ikasle ari dira txistua praktikatzen. Musika eskola harrobia egiten ari da etorkizunean igandeetako goiz eresirako txistulari faltarik ez izateko. Argazkian, txapelketan parte hartu zuten azpeitiarrak. Ezkerretik eskuinera, Unai Montori, Alain Sorazu eta Iñaki Azpeitia.

"Urrats bat haratago egitea beharrezkoa"

Mikel Balentziaga Kontseiluko kidea izan zen atzo (asteazkena) Sindikatu Zaharrean hitzaldia ematen, Uztarriak antolatuta. Kontseiluak aurrera eramandako Udalen hizkuntz politika izan zuen hizpide eta Azpeitiko Udalak emaitzarik onena (6,827 puntu) lortu izanaz ere mintzatu zen. Azpeitiak, besteekin alderatuta, "egoera hobea" bizi badu ere, "urrats bat haratago egin eta Udala eragile bihur dadin" eskatu zuen Balentziagak. Ildo beretik, jakinarazi zuen neurketa ondoren "zenbait udalerri neurriak hartzen hasi direla" baina, oro har, "hizkuntz politikak motel" doazela. Kontseiluko kideak "herriz herri aldarrikapen taulak osatzea" proposatu zuen. Taula horretan neurtuko lirateke hizkuntza eskubideen bermea, normalizaziorako hartu beharreko erabaki estrategikoak, eta ordenantza eta erabakien betetzea. Uztarriaren 24. hitzaldia izan da. Argazkian, Balentziaga, hitzaldia ematen. (Informazio gehiago)

Historia, ondarea eta oroimena berreskuratuz

Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Udalbide Elkarlan Elkarteak Azpeitiko udaletxean lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur (osteguna) eguerdian. Hitzarmenarekin UEUk eta Aranzadik antolatutako 'Historia, ondarea eta oroimena' ikastaro telematiko eta praktikoak diruz lagunduko ditu Udalbidek. Argazkian, Udalbideren Zuzendaritza Batzordearen lehendakari eta Azpeitiko alkate Julian Eizmendi eta Aranzadi Zientzia Elkarteko lehendakari Jose Miguel Larrañaga, sinadura ekitaldian. (Informazio gehiago)

Pianoa bertsotan aritu zen

Ostiral gauean Iraurgi Saskibaloi Taldearen tabernan eskaini zuten 'Piano bat bertsotan' emanaldia. Bertara bildu zirenek proposatutako kantak jo zituzten musikariek. Kantariekin batera, publikoa ere eukal kantak abesten aritu zen. Argazkian, ostiralean eskaini zuten 'Piano bat bertsotan' emanaldia, Iraurgi Saskibaloi Taldearen tabernan.

Sanjuandegi festa usainaz

Ostiralean (ekainak 1) jaurtiko dute Sanjuandegi auzoko festei hasiera emateko txupinazoa. Hala ere, aste honetarako ere hainbat ekimen antolatu dituzte auzotarrak festa giroan murgiltzeko. Ekimenek igandera arte iraungo dute. Urtero bezala, barrakek euren lekua izango dute. Dagoeneko jarri dituzte ohiko lekuan. Argazkian, Sanjuandegi auzoan barrakak. (Informazio gehiago)

Matematikan sasoiko

Urola Ikastola BHIk Espainiar Estatu mailako Cedro matematika saria irabazi berri du. Lehenengo aldia da lehiaketa hau antolatzen dutela eta 347 lan jaso ditu. Guztien artetik, azpeitiarrak gailendu dira, Urola Ikastola BHIko Eider Bereziartua, Itsasne Zabaleta, Ainara Epelde eta Iñaki Bastidaren lanak jaso dute aurtengo Cedro saria. Maiatzaren 18an izan ziren Madrileko Casa de America egoitzan saria jasotzen eta eskuak ederki beteta itzuli ziren: Ikastetxeak 600 euroko txekea jaso zuen, ikasle bakoitzak eta irakasle arduradunek, berriz, ordenadore portatil bana eta motxila eta liburuak erosteko txekeak. Bestalde, Cedro sariaren antolatzaileek saritutako lana interneten eskegi dute edota ikastetxeko web orrian ere ikus daiteke. Argazkian, ikasle sarituak Madrileko sari banaketa ekitaldian. (Informazio gehiago)

300 lagun pasa Elkartasun Eguneko krosean

Jende askok hartu du gaur (larunbata) goizean presoen alde Elkartasun Eguneko krosean; 300 lagunek baino gehiagok. Enekoitz Aizpuruk irabazi du gizonezkoetan, Sara Rodriguezek emakumezkoetan. Arratsaldean, umeen jolasak, sokamuturra eta manifestazioa egongo dira. Gauez, kontzertuak. Argazkian, kroseko partaide batzuk presoen kartelekin, gaur, Erdi kalean. ('Urola Kostako Hitza'). (Informazio gehiago)

Xoxoteko egunarekin itxi zen mendi astea

Eguraldi eguzkitsuarekin argitu bazuen ere eguna zeharo petraldu zuen arratsalderako. Hala ere, Lagun Onak mendi bazkunak antolaturiko egitaraua bere osotasunean errespetatu zen. Txistulariak eta trikitilariak, meza nagusia, lore eskaintza, domina banaketa... Ez zuen askoz gehiagorako eman eguraldiak, bazkalorduan hasi zen euri-jasak amaierarik ez zuen izan iluntzera arte. Ahal zuenak ahal zuen moduan egin zuen beheranzko bidea. Horrela bukatuko zen Lagun Onak mendi bazkunak antolatutako mendi astea, Zarauzko Pagoeta mendi taldearen mendi asteari txanda emanez. (Informazio gehiago)

Azpeitiarrak aurrera bertsotan

Joan den ostiral gauean bertso saioa izan zen Korrale tabernan. GR-12 herrien arteko bertso txapelketako kanporaketa zen eta Azpeitia Lasarteren aurka lehiatu zen. Azpeitiko taldea Jokin Urangak, Beñat Lizasok eta Haritz Etxeberria 'Ministrok' osatu zuten, eta Lasartekoa, berriz, Amaia Agirre, Andoni Ontamendik eta Unai Muñoak osatu zuten. Ostiraleko saioaren ostean, eta entzuleek erabakita, azpeitiarrek egingo dute aurrera. Argazkian, azpeitiarren taldea bertsotan Korrale tabernan.

Gaur ez da 'Hitza' argitaratu

Gaur (asteazkena) ez da 'Urola Kostako Hitza' egunkaria argitaratu. Izan ere, igandean izan ziren udal eta foru hauteskundeak zirela-eta, astelehenean zenbaki berezia kaleratu zuen eskualdeko egunkariak. Hala, atzo (asteartea) jaieguna izan zuen erredakzioak eta gaur ez da 'Hitza'-rik banatuko.

Azpeitiarrek aurrera bertsotan

Joan den ostiral gauean bertso saioa izan zen Korrale tabernan. GR-12 herrien arteko bertso txapelketako kanporaketa zen eta Azpeitia Lasarteren aurka lehiatu zen. Azpeitiko taldea Jokin Urangak, Beñat Lizasok eta Haritz Etxeberria 'Ministrok' osatu zuten, eta Lasartekoa, berriz, Amaia Agirre, Andoni Ontamendik eta Unai Muñoak osatu zuten. Ostiraleko saioaren ostean, eta entzuleek erabakita, azpeitiarrek egingo dute aurrera. Argazkian, azpeitiarren taldea bertsotan Korrale tabernan. (Informazio gehiago)

Perez Arregiko lanak bukatzear

hasi ziren lanak Perez Arregi plazan. Lur azpiko egitura eta zoladura berritzen aritu dira ordutik hona. Adokina ere jarri dute lurrean. Oraindik lana bukatu gabe dagoen arren, dagoeneko hasi dira plazatxoan landareak eta antzerakoak landatzen. Perez Arregi plazako obra, alde zaharra eraberritzeko bigarren pausoa izan da. Hurren, Eliz kalea berritzea aurreikusten dute. Argazkian, Perez Arregi plaza gaur (osteguna)

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak