Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 1,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Argazkiak »  Hilabete bakoitza »  2007ko apirila

 ARGAZKIAK

 ORRI HAU...

 

2007ko apirila, argazkitan

Gazte Martxara joateko deia

Joan den ostiralean, Gaztetxean, aurtengo Gazte Martxa aurkeztu zuten. Oraingoan, Arabako lurrak hartuko ditu Aste Santuko oporraldian egiten den gazteen martxak. Apirilaren 6an abiatuko da Untzagan eta apirilaren 8an bukatuko da Laudion. Gazteek oinez egingo dute Untzagatik Laudiorako bidea. Tartean hitzaldiak, ikus entzunezkoak, olinpiadak, berbena eta beste hainbat ekitaldi izango dituzte gozatzeko. Antolatzaileek azaldu dute independentzia dela gazteon eskubideak modu askean garatzea bermatuko duen proiektu politiko bakarra. "Ilusioz, errebeldiaz, eta gure izarra topatuko dugunaren ziurtasunarekin, motxilak hartu eta bertan parte hartzeko deia" luzatu diote euskal gazte guztiei. Argazkian, Gazte Martxaren aurkezpena Gaztetxean.

'Urola Kostako Hitza'-k bi asteko oporrak

'Urola Kostako Hitza' egunkariak bi asteko oporrak hartu ditu, Aste Santuak aprobetxatuz. Apirilaren 3tik 15era ez da argitaratuko; 17an izango da berriro kalean.

Bidea mozteko eskailera

Loiolabide azpiko pasabidetik Correos aldera igotzeko eskailerak ia bukatu dituzte. Baranda falta da jartzea, baina eskailerak zabalik daude eta jendea ibili daiteke bertatik. Orain arte bidea mozteko jardinetik ibili da jendea, eta atze-aurreak bidezidorra eginda zuen. Leku horretan bertan jarri dute eskailera.

500 sinaduren bila

Ezker abertzalea hautes elkartea sortzeko sinadura biltzen ari da herrian. 500 sinadura behar ditu Azpeitiko Abertzale Sozialistak-ek udal hauteskundeetan parte hartzeko. Sinadurak udaletxean eta Notaritzan (apirilaren 16tik 20ra) eman daitezke . Udaletxean dagoeneko 110 sinadura bildu dituzte. Apirilaren 22a da sinatzeko azkeneko eguna. Argazkian, herritar bat gaur (osteguna), udaletxean sinatzen. (Informazio gehiago)

'Hitza' itzuli da oporretatik

Bi asteko oporrak izan ondoren, itzuli dira 'Urola Kostako Hitza'-ko langileak lanera. Bihartik (asteartea) aurrera kalean izango da berriro euskarazko egunkaria.

Sinadurekin aurrera

Ezker abertzaleak hautes elkartea sortzeko sinadura biltzen jarraitzen du herrian. Dagoeneko 670 sinadura bildu ditu udaletxean udal hauteskundeetan parte hartzeko; batzar orokorretarako, berriz, 650 jaso dituzte. Harzubia kaleko Notaritzan astelehenean hasi ziren sinadurak jasotzen eta ordutik hona 22 sinadura jaso dituzte. Denera 500 sinadura behar ditu Azpeitiko Abertzale Sozialistak-ek udal hauteskundeetan parte hartzeko, eta behar adina sinadura lortu dituzte, beraz. Sinadurak jasotzen jarraituko dute udaletxean (21a arte) eta Notaritzan (20ra arte). Argazkian, herritar bat joan den ostegunean, udaletxean sinatzen. (Informazio gehiago)

Lgun Onakekoak Santa Engrazira joango dira igandean

Santa Engraziko eguna ospatuko da datorren igandean, apirilak 22, Santa Engraziko ermitan. Meza eta umeentzako jolasak antolatu dituzte egun horretarako eta hori aitzakia hartuta, Lagun Onak Mendi Elkarteak mendi irteera antolatu du gaztetxoenei zuzenduta. Azpeititik autobusez joango dira Zestoaraino. Zestoatik oinez abiatuko dira eta behin Aizarnatik igarota ermitara igoko dira. Ermitatik berriro Aizarnara jaitsiz bukatuko dute ibilbidea. Gaur da azkeneko eguna izena emateko. Horretarako Mendi Zale tabernara joan beharko da. Argazkian, Santa Engraziko ermita, Aizarnan. Argazkia Luistxo Fernandezek utzitakoa da.

Loiola loretan

Joan den hil bukaeran sartu ginen udaberrian. Poliki-poliki eguzkia indarra hartzen ari da eta zelaiak lorez betetzen hasi zaizkigu. Argazkian, Loiolako belardia margaritaz josita gaur goizean.

Abertzaletasunaren 100 urteen erakusketa

Azpeitiko Batzokiak 100 urte beteko ditu aurten, abenduaren 1ean, Azkoitikoak ere bai aurten, eta bi herrietako EAJk ekitaldi sorta bateratua antolatu du. Hala, Azpeitian gaur (ostirala) erakusketa ireki dute herriotan abertzaletasunaren 100 urteez, udaletxe azpiko aretoan. Maiatzaren 6ra arte egongo zabalik. Garai bateko argazkiak, ikurrin zaharrak, hainbat erakunderen irudiak... daude bertan. Argazkian, herritarrak erakusketa ikusten. (Informazio gehiago)

Errezildarrak nagusi Ikasberri Rallysprintean

Gorka Apalantza errezildarrak irabazi zuen joan den larunbatean egin zen VIII. Ikasberri Rallysprinta. Bigarren sailkatu zen bere aita, Ramon Apalantza. Hirugarrena izan zen Santi Artetxe eta laugarrena Iņaki Alberdi azpeitiarra. Eguraldia lagun izan zen lasterketa egunean eta jendetza bildu zen Azpeititik Errezilerainoko errepide inguruan. Argazkian, beste azpeitiar bat: Joxe Labaka. Azpeitiar gidariak ez zuen lasterketa bukatzerik izan, bere mitsubishi Evo V-aren motorra apurtu egin baitzitzaion. (Informazio gehiago)

Genero indarkeriaren aurka

Joan den ostiralean, apirilak 20, Tuteran bikotekideak hildako emakumearen heriotza salatzeko kontzentrazioa egin zuten hainbat herritarrek, atzo arratsaldean, udaletxe aurrean. Bilgune Feministako kideek jakinarazi zuten genero indarkeria kasu berri bat gertatu eta 48 ordura egingo direla elkarretaratzeak hiriburu eta herrietan. (Informazio gehiago)

Lan istripuen aurrean

Datorren ostiralean, apirilaren 27an (Lan Osasunaren Nazioarteko Egunaren bezpera), lanuztera deitu du LAB sindikatuak. Lan istripuak salatzea izango da lanuztearen aldarria eta ordu betekoa izango da, 12:00etatik 13:00era. Aurten 40 langile hil dira lan istripuen ondorioz Euskal Herrian. Iaz, aldiz, 129 langile hil ziren eta 530 larri zauritu. Lanuztera dei egiteko egin zuten joan den ostiralean, apirilak 20, kontzentrazioa Landetan. Argazkian, joan den ostiralean egindako kontzentrazioa, Landetako biribilgunean.

Liburuaren eguna ospatuz

Igaro berri den astelehenean, apirilak 23, izan zen liburuaren nazioarteko eguna. Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko hainbat ikaslek ere izan zuten eguna ospatzeko aukera. Udal liburutegira joan ziren, batetik, liburu artean murgiltzera. Bestetik, Joxan Ormazabal Zegamako idazlearen bisita izan zuten eta haur literatura landu zuten. Argazkian, Joxan Ormazabal idazlea haurrei azalpenak ematen Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain.

Lagun Onakekoak Santa Engrazin

Igandean izan zen Santa Engraziko eguna. Hori aitzakia hartuta antolatu zuten Lagun Onak Mendi Bazkunakoek gaztetxoentzako ibilaldia. Udaberriko eguraldia lagun zutela egin zuten ibilbide osoa. Argazkian, Lagun Onakekoak Santa Engraziko ermitan. (Informazio gehiago)

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraik Kalitatea Hezkuntzan ziurtagiria jaso du

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Kalitatea Hezkuntzan ziurtagiria eman zion Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarairi, Gasteizen, Europa Jauregian atzo (apirilak 25). Irakaskuntza-ikaskuntza prozesua hobetzeko eta bertan kalitatea bermatzeko egiten duen saiakera eta lana goraipatu da ziurtagiri horrekin. Kalitatea Kudeateko Sistema programan parte hartu eta Hezkuntza Ikuskaritzak egindako auditoria gainditzearen ondorio da aitorpena. Argazkian, ikastetxeko arduradunak, Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakaria eta Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkariak.

Ikasberri Azpeitiko Ikastolakoak Laudion danborra joz

Ostiralean (apirilak 27) Ikasberri Azpeitiko Ikastolako LH4 eta LH5eko ikasleak Laudioko (Araba) danborradan parte hartu zuten, San Prudentzio jaietan. Donostiako Axular Ikastolakoekin batera, Laudioko haurrei danborra jotzen lagundu zieten. Argazkian, Ikasberrikoak Laudion.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak