|
San Blas opilak salgai herriko gozotegietan
Bihar, larunbata, San Blas eguna da. Ondorioz, herriko gozotegietan hasi dira dagoeneko San Blas opilak saltzen. Bihar, ohiturak dioen legez, opilez gain, San Blas ogiak ere egongo dira salgai. Bestalde, igandean, Santa Ageda bezpera, santa eskean arituko dira herriko zenbait talde.
|
|
Matxinbentan jolasleku berria dute haurrek
Bikario etxearen aurrean duela 24 urte jarritako jolasleku zaharra pasa den astean kendu zuten. Orain, jolasleku berria dute Matxinbentako haurrek lehengoaren lekuan. Argazkian, jolasleku berria.
|
|
Amaitu dira Matxinbentako festak
Pasa den ostiralean bota zituzten festei hasiera emateko suziriak Matxinbentan. Egun hauetarako hainbat ekitaldi antolatuta zituzten matxinbentarrek: mus txapelketa, artisau azoka, bertso saioak, erromeria, meza, santa eskea eta herri kirolak izan dira, besteak beste, jaietako ekitaldiak. Atzo, astelehenean, izan zen festen azken eguna. Argazkian, joan den igandeko aritsau azoka, Matxinbentan.
(Informazio gehiago)
|
|
Inauterietako CD berria aurkeztuko dute igandean
Inauterietako doinuak jasotzen dituen CDa aurkeztuko du Azpeitiko Udalak datorren igandean. 12:30etan izango da aurkezpen ekitaldia Udal areto nagusian. 13:00ean, Enparantza nagusian, Udal Musika Banda eta Barrenetxea eta Musika Eskolako Abesbatzek CD berriaren kontzertua eskainiko dute. Behin aurkezpena eginda, CDa Udaletxeko arkupetan egongo da salgai. Argazkian, inauterietako CD berriaren azala.
|
|
Aparra agertu da Arlizetako errekan
Aratz Erreka bidean, Arlizetako errekan agertu da gaur apar zuria. Oraingoz aparra zerk eragin duen ez dakigun arren, goiz partean Aratz Errekan izan dira Gipuzkoako Urakeko, Eusko Jaurlaritzako eta Udaletxeko langileak arazoa aztertzeko. Argazkian, Arlizeta inguruko errekan agertutako aparra, Aratz Errekan.
|
|
Trapu ! trapu zaharrak!
Larunbatean izan genituen kaldereroak herrian, inauteriak iragartzen. Asto eta gurdiekin kalejira egin zuten 'trapu! trapu zaharrak!' kantatuz. Baina jai zuten. Izan ere, ederki gordeta ditugu trapuak mozorroetarako. Astindu ganbara eta armairuak! Gutxi falta da mozorroak jazteko eta, astebete eskaz! Eta igandean aurkeztutako CDa ere hor dugu, karnabaletako abestiekin girotzen hasteko.
(Informazio gehiago)
|
|
"Hizkuntza txikien bila"
Bethan Gwanas eta Rhisiart Arwel galesek Europako hainbat herri bisitatu dituzte "hizkuntza txikien bila". Biak dira BBC etxeak duen irrati bateko langileak eta "hizkuntza txikien" egoera, baliabideak, normalizazioari lotutako proiektuak eta asmoak aztertzen dihardute. Oraingoan, euskarazko komunikabideak ezagutzen izan dira. Joan den larunbatean ezagutu zuten Urola Kostako Hitza. Uztarria ere Urola Kostako Hitzaren bazkidea da. Argazkian, Bethan Gwanas eta Rhisiart Arwell galesak Urola Kostako Hitzaren egoitzan, Zarautzen.
|
|
Horra Lolita
"Horra Lolita Azpeitiko neska polita,
horra Lolita inauteri pitxiz jantzita...". J.I. Aldalur musikari azkoitiarrak egina da 'Lolita' abestia. Merkatari elkarteak gogora ekarri nahi izan du Lolita eta haren omenez jarri du panpina elkarteak Erdi kalean duen erakusleihoan. Argazkian, Lolita irudikatzen duen panpina.
|
|
'Urola Kostako Hitza'-k hiru urte
Hiru urte bete zituen atzo (asteartea) 'Urola Kostako Hitza' euskarazko egunkariak (Uztarria sortzaileetakoa eta bazkidea da). Gero eta proiektu zabalagoa eta onartuagoa da. Erreferentzialagoa. Hirugarren urteurrena ospatzeko, zapatu honetan afaria antolatu du Itziarko Txindurri sagardotegian. Azpeititik autobusak 19:40an irtengo du. Argazkian, 'Urola Kostako Hitza'-ren ale bat ageri da, beste sei Hitzen ale banarekin batera (Tolosaldea eta Leitzaldea, Oarsoaldea, Lea-Artibai eta Mutriku, Goierri, Irutxulo-Donostia, eta Busturialdea); familia handituz doa. (Argazkia: Gari Berasaluze).
|
|
Presoen "eskubide urraketa neurrigabea" salatzeko lanuztea
Urtarrilean ekin zion Euskal Preso Politikoen Kolektiboak borrokaldiari. "Euskal Herriaren autodeterminazioa, lurraldetasuna eta amnistia oinarri hartzen dituen prozesuaren beharra inoiz baino ozenkiago" aldarrikatzea da presoen nahia. Presoen borrokaldiarekin bat eginez eta presoan "eskubide urraketa neurrigabea" salatzeko, Etxeratek lanuztera deitu du. Bihar, ostirala, 12:00etatik 13:00etara izango da lanuztea eta herriko plazan elkarretaratzea egingo da. Argazkian, Etxerateko kideak Amatasunaren irudiaren aurrean.
(Informazio gehiago)
|
|
Lan uztea eta elkarretaratzea egin dituzte presoen eskubideen defentsan
Euskal preso politikoen defentsan Etxeratek deitutako lanuztea egin dute gaur, ostirala, 12:00etatik 13:00era hainbat herritarrek. Lanuztearekin batera elkarretaratzea egin dute herriko plazan eta 300 bat herritar izan dira bertan. Argazkian, plazako elkarretaratzea.
(Informazio gehiago)
|
|
Ikasberri kirol elkarteak saria eman du
Getariako Elkano jatetxean lau pertsonentzako bazkaria eta 300 euro zozkatzen zituzten egutegiak saldu zituzten Ikasberri Kirol Elkartekoek. Joan den hilaren 2an atera zen, ONCEko zozketaren arabera, 0231 zenbaki sariduna. Zenbakiaren jabea Xabier Garagorri da eta igandean jaso zuen saria Enparan dorretxeaaren aurrean. Argazkian Ikasberri Kirol Elkarteko Ramon Azkue eta Xabier Garagorri saritua.
|
|
Egaña eta Lizasoren saioarekin hasi da Bertso Astea
Azkoitian Martitteko jatetxeko jangela bete egin zen ostiralean Erniarraitz Bertsozale Elkarteak antolatutako Bertso Astea 2007ko lehen ekitaldian. Afalostean, Andoni Egañaren eta Xebaxtian Lizasoren bertsoak entzuteko aukera izan zen (argazkian, Egaña abesten). Gai librean aritu ziren biak eta gozatu ederra hartu zuten afarira joan zirenek.
(Informazio gehiago)
|
|
Presoen aldeko mus txapelketa jendetsua
Ostiralean Azpeitian Lagun Onak Mendi Bazkuna tabernan 'Preso bat, Gara bat' mus txapelketa izan zen eta, antolatzaileek azaldu dutenez, parte-hartzea "oso handia" izan zen. Txapelketa, Orhantza Alegria eta Haritz Arzallusek irabazi zuten (argazkian). Bigarren postuan, Oier Letamendia eta Aritz Urrestilla geratu ziren.
|
|
Giro ederra 'Hitza'-ren afarian
‘Urola Kostako Hitza’-k hiru urte bete ditu (Uztarria sortzaile eta bazkideetakoa da) eta, hori ospatzeko, lehengo zapatuan afaria egin zuten Itziarren, Txindurri sagardotegian. Ia ehun lagun bildu ziren. Afalostean Agosti Aranburu eta Iker Barrena aritu ziren trikitilari lanetan, eta Iñigo Manzisidor ‘Mantxi’ eta Iñaki Gurrutxaga bertsolari. Giro ederra egon zen. Argazkian, festako une batean (argazkia: ‘Urola Kostako Hitza’).
|
|
"Benetako jendarte parekidea eraikitzearen alde"
Emakumearen nazioarteko eguna iristear dela eta, Urola Kostako Koordinadora feministak prentsaurrekoa eman zuen atzo, asteartea, Zumaian. Emakumeen eskubideen gutuna bukatzear dago eta datozen egunetan gutun horren inguruko hainbat ekimen izango dira. “Gaur egun dagoen berdintasun faltsutik atera eta benetako jendarte parekidea eraikitzearen alde” dihardu lanean Koordinadora Feministak. "Emakumeok elkartuz borrokan jarraitzeko garaia dela”" azaldu zuten atzo agerraldian bildutakoek. Datozen egunetarako hainbat ekimen antolatu dituzte eskualdeko hainbat herritan, tartean Azpeitia. Argazkian, Urola Kostako Koordinadorak atzo, asteartea, Zumaian emandako prentsaurrekoa.
|
|
Hodia lehertuta Perez Arregi plazan
Asteartean, otsailak 27, hodi bat zulatu zen Perez Arregi plazan. Alde Zaharra eraberritzeko lanetan ari dira han eta horretan ari zirela lehertu zen hodia. Hasiera batean ur kantitate handia atera bazen ere, ordubeterako arazoa konponduta zuten.
|