|
Abenduko agenda kalean
Abenduko ekintzak biltzen dituen eskuko kultur agenda kalean da: 8. zenbakia. Aurtengo apiriletik, hilabetero ari da ateratzen Uztarria Kultur Koordinakundea. Hilabetearen hasieratik herrian dauden ekintzen berri ematea du helburu. Guztira, 1.000 aleko tirada du eta taberna eta ohiko toki publikoetan eskura daiteke. Norbaitek bere ekimenen berri eman nahi badu, idatz dezala helbide honetara: kultura@uztarria.com
|
|
Euskararen Eguneko ospakizunak
Igandean (hilak 3), Xabierko Frantzisko Deunaren eguna, Euskararen Eguna ospatzen da. Hori dela eta, herrian gaur egin dituzte hainbat ospakizun. Karmelo Etxegarain esaterako, txikienek herri jolasak izan dituzte.
|
|
Langileak "hitza eta erabakiaren" alde
Azpeitiko 100 langile inguruk "hitzaren eta erabakiaren" alde argazkia atera zuten larunbatean. "Prozesuari bultzada emateko herritarren parte hartzea ezinbestekoa dela aldarrikatzen" dute argazkian ageri direnek. Argazkian agertzen direnek, urtarrilaren 13an 19:00etan plazatik abituko den manifestaziorako deia egiten dute. Kanpaina honen baitan, 100 lagun inguruko hiru argazki erraldoi aterako dituzte. Langileena izan da aurrena: ondoren etorriko dira emakumeena eta gazteena.
|
|
Hipotekarekin ezkondu dira
Gazte talde batek banku batekin ezkontza antzeztu zuen larunbatean (hilak 2), "EAJk daraman etxebizitza politika" eta arazo honetan "banketxeak eta aurrezki kutxak ere eragile aktiboak direla" salatzeko. BBVAko egoitzan sartu eta ezkontza ospakizuna antzeztu zuten, alternatibak badirela aldarrikatuz.
|
|
Afari jendetsua izan da Ikasberrin
Ikasberri Azpeitiko Ikastolak, V. Euskal Eskola Nazioanalaren eguna ospatu zuen ostiralean (hilak 1). Aurten, ikastolaren hamargarren urteurrena bete da eta hainbat ekitaldi izan da ikastolan urtemuga hori ospatzeko. Ostiralean, afaria izan zen ikastolako kiroldegian eta ekitaldi horrekin urteurreneko ospakizunak amaitu zituzten. Afarian, guztira, 325 lagun inguru elkartu ziren.
|
|
Mari Kruz eta Arantxa Azkue urteko kooperante
Atzo (astelehena) Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero ematen dituen 'Kooperanteari saria' banatu zuten Donostian. Aurtengo sarituak Mari Kruz eta Arantxa Azkue lekaime azpeitarrak izan dira. Bi ahizpa hauek Martuteneko presoei laguntzen ibiltzen dira. Argazkian, Mari Kruz eta Arantxa Azkue Joxe Juan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako Aldun Nagusiarekin. (Argazkia: Iosu Badiola)
|
|
Jostailuen erakusketa, Gabonen atarian
Udalak, ludotekako zerbitzu osagarri gisa bi ekimen antolatu ditu Gabonak direla-eta. Astelehenean, 'Nola aukeratu jostailu egokia' hitzaldia izan zen udaletxean, Txatxilipurdi elkarteko kideek emanda. Jostailuen erakusketa ere izan da bi egunez ikusgai, udaletxe azpiko lokalean. Erakusketako gidariak, Txatxilipurdi elkarteko kideak izan dira. Euskarazko produktuen katalogoa ere eskuragai izan da bertan.
|
|
Bi arrautza batean!
Ez da muntaia. Arrautza handi hori benetakoa da eta, kinderrak izaten duen bezala, horrek ere sorpresa izan zuen. Badiolegi baserriko oiloek beti egin izan dituzte arrautza handiak, baina azaroaren 12an oilategian jaso zuten arrautzak marka guztiak hautsi zituen: kilo laurden pisatu zuen. Arrautzak barruan sorpresa zeukan, beste arrautza
oso bat zuelako, azal eta guzti. Hamaika ikusteko jaioak gara! Argazki hau, Uztarria herri aldizkariko abenduko zenbakian atera zen.
|
|
Elordui hasi da lanean
Pasatu den astean Iraurgi Saskibaloi Elkartearen zuzendaritzak, EBA Ligako Lan Mobel ISB taldearen entrenatzailea aldatzea erabaki zuen. Lolo Encinasen ordez, Jorge Elordui bilbotarra da orain Lan Mobel ISB taldeko entrenatzailea. Atzo (astelehena) izan zen Elorduiren lehenengo entrenamendu saioa Azpeitiko kiroldegian. Datorren asteburuan Iraurgikoek Santurtzi hartuko dute etxean. (Argazkian, ezkeraldean ageri dena da Jorge Elordui).
(Informazio gehiago)
|
|
Elosiagako Santa Luzia Jaiak
Gaur, Santa Luzia eguna, hasiera eman diote Elosiagako festei. Goizean goiz, festen hasiera iragarriz, suziriak bota eta kanpaiak jo dituzte. Gero, 11:00etan, meza nagusia izan da Santa Luzia baselizan. Mezan, urtero bezalaxe, Jose Maria Altuna 'Moxorro' tenoreak abestu du. Elizkizuna bukatu ondoren, hamaiketakoa izan da Saioa eta Alabier trikitilariek alaituta.
|
|
Valentina Uranga, 103 urteko amama
103 urte beteko ditu gaur (abenduak 15) Valentina Urangak, Oņatz bailaran Zabaleta baserrian bizi den amamak. Horrenbeste urte harrapatzeko sekretua, "lan asko egin izana, ondo jan izana eta fede asko edukitzea" izan dela esaten du berak. Urangaren sendia, urtebetetzea ospatzeko, Zabaleta baserrian elkartuko da gaur afaltzeko.
|
|
Iraurgi Ikastetxeko Gabon Jaialdia
Pasatu den larunbata, abenduaren 16an, Iraurgi ikastetxeak bere Gabon Jaialdia ospatu zuen Izarraitz pilotalekuan. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleak aurretik prestaturiko hainbat ekitaldi eskaini zituzten. Pilotalekura hurbildu ziren lagunek antzerkia, kantuak eta dantza emanaldiak ikusi ahal izan zituzten.
|
|
Gabonetan ere gogoan
Gabonen atarian herriko kale eta erakusleihoak apain-apain eginda daude. Aranean, Zentenarioko etxeen ondoan dagoen zuhaitza euskal preso eta iheslarien argazkiekin apaindu dute; urte osoan bezala, gabonetan ere euskal presoak etxeratu ditzaten eskatuz. Modu honetan, abenduarean 24an 19:30ean elkarretaratzea izango da plazan. Eta urte zahar egunean, berriz, 19:00etan presoen aldeko manifestazioa izango da 19:00etan. Gero, 01:00etan toki berean presoen alde topa egingo dute.
|
|
|
|
Olentzeroren bisita
Goizean Iraurgi ikastetxeko txikienek Olentzeroren bisita izan dute. Umeak Olentzerorekin egon dira, eta ondoren, ume bakoitzak bere gutuna eman dio. Gaur, santotomas bezpera, Gabonetako oporrak hartuko dituzte umeek.
|
|
|
|
Gabonetako jaialdia
Musikak eta dantzek bete zuten asteazkenean Izarraitz pilotalekua, herriko hainbat taldek egindako jaialdia izan baitzen. Filmetako soinu bandak ardatz hartuta, ikuskizun koloretsua ikusteko aukera izan zen.
|
|
Hitza eta erabakiaren alde
'Gazteok hitza eta erabakia' lelopean, gazte ugari elkartu zen asteazken arratsaldean Azpeitiko Gaztetxean ekimena bultzatzeko. Aurretik, langileek eta emakumeek babestu zuten kanpaina, eta azkenik, gazteek hartu dute prozesuaren aldeko lekukoa. Guztiek, urtarrilaren 13an 19:00etan 'Euskal Herriak du hitza eta erabakia' lelopean izango den manifestaziorako deia egin dute
(Informazio gehiago)
|
|
Antzerki Topaketetako saria Aukeranentzat
Aukeran dantza konpainiak atzo, osteguna, jaso zuen XXIV. Euskal Antzerki Topaketetako Ikuslegoaren Saria. Antzerkia eta dantza uztartzen dituen 'Bideak' ikuskizunak irabazi du aurtengo saria, "jendearen iritziz antzezlan eta eszenografia ikusgarria" aurkeztu dutela esan du Azpeitiko Udaleko Kultura batzordeburu Aitor Gorrotxategik. Aiert Beobidek eta Edu Muruamendiarazek jaso zuten 600 euroko saria, eta taldearentzat "ohore handia" dela adierazi zuten.
|
|
Olentzero Azpeitiko kaleetan
Abenduaren 24an, Olentzero Azpeitiko kaleetan ibili zen herriko txikienekin. Aurten, aurrenekoz, herriko hiru ikastetxeek bat eginda Olentzerori egindako ongi etorri kalejiran parte hartu dute. Larunbat goizean, ume ugari bildu zen ikazkina ikusteko.
|
|
Kontzertu arrakastatsua
Orkatz Kultur Elkarteak antolatuta, Benito Lertxundi kantari oriotarraren kontzertua izan zen abenduraen 23an, Izarraitz pilotalekuan. 1.200 lagun bildu ziren emanaldian. Kontzertuko sarrerekin bildutako dirua, Orkatzek dituen gastu judizialei aurre egiteko izango da. Kultur Elkarteko kideek beren aldetik "kontzertuaren arrakasta" azpimarratu nahi izan dute. "Eskertzekoa da Orkatzek jasotako erasoaldien aurrean herritarrek adierazi duten atxikimendua. Eta hori kontzertuan islatu zen".
|
|
Gabonetako haur parkea
Azpeitiko Udaleko Industria, Merkataritza eta Turismo batzordeak, UEMEk eta Alde Zaharreko merkatarien elkarteak Gabonetako haur parkea jarri dute Izarraitz pilotalekuan. Urtarrilaren 4a bitartean egongo da zabalik haur parkea. Egunero egongo da zabalik, abenduaren 31ean eta urtarrilaren 1ean izan ezik. Jolas parkea 16:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, eta sarrera bi euro ordaindu beharko da.
|
|
500 euro Kamerumera
Abenduaren 20an, Gabonetako Jaialdia izan zen Izarraitz pilotalekuan. Bertan, 500 euro bildu ziren. Diru hori, Kamerumen "kalean bizi diren gazteentzat aroztegi tailerra, eraikuntza eta materiala" erosteko erabiliko da. Azpeitiko Udaletik jaialdian izandako herritarrek emandako laguntza eskertu nahi izan dute.
|
|
Urtarrilaren 13ra arte itxita
Urte berrian Xoxoteko aterpean zaindari berria izango da bertan. Oraindik ez dute jakitera eman postu hori nork hartuko duen. Dena dela, eta bien bitartean, urtarrilaren 13ra arte Xoxoteko aterpea itxita izango da.
|