Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 1,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Argazkiak »  Hilabete bakoitza »  2006ko urria

 ARGAZKIAK

 ORRI HAU...

 

2006ko urria, argazkitan

Esnearen Ligaren lehen urteurrena

Zapatuan, irailak 30, Esnearen Ligako Azpeitiko taldeak bere lehen urteurrena ospatu zuen; horretarako Sindikatu Zaharrean taldeko kideak elkartu eta festa txiki bat egin zuten. Esnearen Ligak, beste behin ere, umeei bularra ematea aldarrikatu zuen.

Xabin Aranagaren arrazoi sentimentalak

Xabin Aranagak zapatuan seigarren egin zuen 100 kilometroko proban. Atzo, astelehena, Euskadi Irratiko 'Arratsaldekoa' saioan adierazi zuenez, "azkeneko urtean nire bi lagun-min hil dira (Jexux eta Juan Mari) eta haiei eskaini nahi nien proba. Arrazoi sentimentalek pisu handia izan zuten horretan, baita proba hau prestatzeko garaian ere". Argazkia, larunbatean (irailaren 30ean) Santa Cruz de Bezanan (Kantabria, Espainia) ateratakoa da. (Informazio gehiago)

Hazparnekoak, Pasaiakoekin ere bai

Azpeitia eta Hazparne senidetuta daude, baina Hazparnekoek beste herri batzuekin ere badituzte harremanak. Adibidez, hango Ikastolakoek Pasaia-Lezo Lizeoakoekin; azkenaldian harremanak egin indartu dituzte, gainera. Hala, Pasaian Arrokaundietako aterpetxean —argazkian— izan dira elkarrekin egun batzuk pasatzen (‘Oarsoaldeko Hitza’).

Eraikin bateko aldamioa kendu dute

Auto batek Enparan kaleko eraikin batean jarrita zegoen aldamioarekin talka egin zuen ostiralean eta, ondorioz, zapatu goizean su-hiltzaileek aldamioa kendu zuten, arriskurik ez sortzeko. Argazkian, aldamioa kentzen.

Tiple izandakoen eguna

Abuztuan bete ziren 50 urte Azpeitiko Parrokiko tipleak Eskoziara kantatzera joan zirela. Urteurren hori gogoan hartuta, tiple izandakoen eguna ospatu zuten atzo (igandea). Goizean, 11:00etako mezan abestu zuten parrokian (argazkian), eta 14:30ean bazkaria egin zuten Loiola jatetxean. (Informazio gehiago)

Mendizaleak Santońan

Pasatu den asteburuan Lagun Onak M.B-ko 41 lagunek Santońara (Kantabria, Espainia) mendi irteera egin zuten. Larunbat goizean, Buciero mendira joan ziren. Gaua Santońako aterpean igaro zuten eta igandean, berriz, piraguatan ibili eta hondartzara joateko aukera izan zuten etxera bueltatu aurretik.

Obrak ikustera

Jose Luis Montalban Eusko Jaurlaritzako Komertzio zuzendaria izan zen atzo, asteartea, Azpeitian. Aurrena, Udal Gobernua osatzen duten alderdien ordezkariekin eta UEME eta Alde Zaharreko Merkatarien Elkartekoekin bilera egin zuen. Ondoren, Jaurlaritzak lagundutako obrak ikustera joan zen. Hil honetan bukatzeko asmoa duten Etxe Alairako igogailua ikusi zuten, besteak beste.

Hurrengo urteetako Azpeitia

Datozen urteetan Azpeitia nola aldatuko den eta zer egingo den arautzen dituzten arau ordezkatzaileak, onartzeko bidean dira. Horren inguruan, datozen urteetan herrian izango diren aldeketez-eta erreportaia zabala egin du Uztarriak urriko aldizkarian. (Informazio gehiago)

Karta jokoarekin hasi dute Jubilatuen Astea

Jubilatuen Astea hasi dute gaur, astelehena, karta jokoarekin. Aitonena I-en punttuan eta musean aritu dira txapelketan parte hartu dutenek. Argazkian, museko txapeldunak, Fernanda Etxaniz eta Antonia Odria (erdiko bikotea) Aitonena Jubilatuen elkarteko bi kiderekin. (Informazio gehiago)

Museoko argazkiak Interneten

Larunbatean, urriaren 14an, Euskal Trenaren Museoak XII. urteurrena ospatu zuen eta bisitari asko etorri zen kanpotik. Hoietako batek, Julen Landa txanodunak, egun hortako pare bat argazki sarean jarri ditu. Dotore askoak biak ere. Argazkikoa Portugal lokomotora da, Alemaniako Henschel enpresak 1913. urtean egina. (Informazio gehiago)

Finlandiarrak Azpeitian

Gaur (osteguna) ongi etorria egin diete Azpeitiko udaletxean Finlandiako Tornio herritik etorri diren 18 ikasle eta bi irakasleei. Azaroaren 1a bitartean Azpeitia, Azkoitia, Zestoa eta Zumaiako famialia ezberdinetan egongo dira. Ikasle hauek, Azkoitia-Azpeitia Urola Ikastolako ikasle batzuekin elkartrukean etorri dira Euskal Herrira. Abenduan, hemengo ikasleak Finlandiara joan dira.

Bidegorriko lanekin hasi dira

Jose Artetxeko perretxikotik Garmendipeko kirol gunera bitartean joango den bidegorriko lanak egiten hasi dira. Hori dela eta, bide bazterrean zementuzko hesi bat jarri dute. Lanek 386.293 euroko aurrekontua dute. (Informazio gehiago)

Hasi dituzte lanak Betharramdarretako frontoian

Gaur, ostirala, hasi dituzte Betharramdarretako pilotalekuko lanak. Bertan, pilotalekua sare metaliko batekin itxiko dute, gradak jarriko dituzte eta hara sartzeko ate bat ere jarriko dute. Modu horretan, frontoia erramintekin-eta jokatzen prestatuko dute. (Informazio gehiago)

Ima eta Joni Ubedaren emanaldi akustikoa

Atzo, ostirala, V. Kulturaldiaren baitan antolatuako emanaldia izan zen Orkatz Kultur Elkartean. Ima eta Joni Ubedak emanaldi akustikoa eskaini zuten. Bertan, 1936ko gerrari buruz egin dituzten hainbat kantu entzuteko aukera izan zen. Igandean, berriz, 'Eman bira' poesi antzeztua izango da udaletxe azpian 19:30ean. (Informazio gehiago)

Odol emaileei omenaldia

Eskualdeko odol emaileek urteroko batzarra egin zuten larunbatean, Zarautzen. Meza ospatu zuten, hildako odol emaileen oroimenean. Ondoren, Xabin Urlezai Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteko zuzendari nagusiak bertan bildutako guztiei eskerrak eman zizkien, emaile izateagatik. Gainera, emaileei intsigniak eta diplomak banatu zizkieten. Argazkian, Azpeitiko odol emaileak, euren diplomekin. Bukatzeko, bazkaria egin zuten emaile guztiek. (Informazio gehiago)

'Eman bira' poesi antzeztua

Atzo, igandea, 'Eman bira... bestaldea ikusi arte' ikuskizuna izan zen udaletxe azpian. Ekitaldia, Uztarria Kultur Koordinakundeak antolatu zuen V. Kulturaldiaren baitan. Igor Aranbarri, Kepa Urbieta, Alaitz Olaizola eta Gurutze Eizmendi azpeitiarrek eskainitako saioak jende ugari bildu zuen. (Informazio gehiago)

Elkarretaratzea plazan

Espainiako Auzitegi Gorenak, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 'herriko taberna' guztietara batzorde judizialak bidaliko ditu, lokalen eta ondasunen inbentarioa egin dezaten. Besteak beste, Azpeitiko Orkatz Kultur Elkartera sartzea agindu dute. Hori dela eta, 'Utzi bakean Euskal Herria konponbide demokratikoa' lelopean elkarretaratzea egin dute plazan gaur, astelehena. (Informazio gehiago)

Irratiarekin jolasean

Ikusmin handia sortu zuen Azkoitian larunbatean (hilak 21) Euskadi Irratiak antolatutako jaialdiak. Txetxu Urbietak zuzentzen duen 'Hiru Erregeen Mahaia' irratsaioa zuzenean Kontzejupetik egin zuten eta kirolarekin zerikusia duten azkoitiar ezagun ugarik parte hartu zuten bertan. (Argazkia, larunbatean Kontzejupean aterata dago) (Informazio gehiago)

Erorien Gurutzean, plaka berria

Jarri dute hilerrian dagoen Erorien Gurutzean plaka berria, irailaren erdialdean ezezagun batzuk lehen zaudenak kendu eta gero. Larunbatean, urriaren 28an, ekitaldia egingo dute hilerrian 12:00etan plaka berriak direla-eta. Orain hau irakurri daiteke bertan: "1936-1939ko gerratean hildako azpeitiar guztien alde ezberdintasunak bake bidez konpon ditzagun". (Informazio gehiago)

Orkatzen aldeko manifestazioan, EAkoak ere bai

Orkatz Kultur Elkartearen aldeko manifestazioa egin dute gaur (osteguna), ertzainak atzo bertara sartu zirela-eta inbentarioa egitera, Espainiako Auzitegi Gorenaren aginduz. 'Utzi bakean Euskal Herria. Konponbide demokratikoa orain' lelopean, hainbat lagun bildu dira. Haien artean ziren Manuel Unanue, Kontxita Martija eta Kandido Mitxelena EAko zinegotziak. Argazkian, manifestazioko une bat. (Informazio gehiago)

Hasi da Triku Festa

Atzo, osteguna, hasi zen Triku Festa. Scum To the Leader eta Ainara Ledardonek ireki zuten lau eguneko iraupena izango duen musika jaialdia. Gaur, berriz, Nothink eta Anariren emanaldia izango da plazako karpan 22:00etan hasita. Iruditan, Ainara Legardon abeslaria. (Argazkiak: Oihan Amezua) (Informazio gehiago)

Urolako trena, memoriatik ezabatuz

Urolako trena kendu zuten eta orain badirudi trenari buruzko memoria ezabatu nahi dutela batzuek. Izan ere, Urretxuko Udalak Areizaga-Kalebarren plazan, txukuntze lanak direla-eta, Urolako trenaren oroigarria kendu egingo du (argazkikoa; 1991n jarri zuten). Pello Gonzalez alkatearen arabera, oroigarriak “gaur egun segurtasun arau bat ere ez luke beteko” (argazkia, ‘Goierriko Hitza’). (Informazio gehiago)

Xoxoteko San Inazioren irudia, konpontzen

Irailaren erdialdean, Xoxoten dagoen San Inazioren irudia puskatu egin zuten ezezagun batzuek. Orduan, Azpeitiko Udalak "gogor salatu" zuen ekintza hori. Hilabete beranduago, udaletxeko langileak San Inazioren irudia konpontzen hasi dira. (Argazkia: Eusebio Beloki). (Informazio gehiago)

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak