Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 1,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Argazkiak »  Hilabete bakoitza »  2006ko iraila

 ARGAZKIAK

 ORRI HAU...

 

2006ko iraila, argazkitan

'Hitza' irailaren 5ean itzuliko da

'Urola Kostako Hitza' egunkariak abuztuaren bigarren hamabostaldian oporrak hartu ditu. 'Hitza' irailaren 5ean itzuliko da etxeetara, asteartean.

Kuartel zaharra bota dute

Aurreko astean hasi ziren kuartel zaharra botatzen; aste honetan eraikinaren hondakinak kentzen ari dira. Bere lekuan, udal babeseko 20 etxe egitea aurreikusita du Udalak. (Informazio gehiago)

Roger Etxegarai, Azpeitian

Atzo (hilak 3) Roger Etxegarai kardinalak Loiolako basilikan meza eman zuen. Etxegarai Kolegioko dekanorde izendatu zuen Vatikanoak 2005ean. Atzoko ekitaldiekin, amaiera eman zitzaien Loiolako Inazioren heriotzaren 450.urteurren ospakizunei. Argazkia: Eitb24.com

Opor ondorengo bertsoa

Uztailetik, Erniarraitz Bertso Eskolako kideek Telefonican duten egoitzan hamabostean behin bertso bat jartzen dute leihoan. Iraileko lehen bertsoa honakoa duzue:
Igaro berri dugu
abuztuko langa
eta berriz abian
jartzen nahiko lan da.
Agur hondartza mendi
ta agur parranda,
txirrin gabeko loak
ta bidaien txanda...
Aukeran motza baina
polita izan da.

De Juanari elkartasuna adieraziz

Iņaki De Juana presoak 32 egun bete ditu gaur, osteguna, gose greban. Hori salatzeko, hainbat pertsonak atzo (hilak 6) arratsaldean saihesbidea itxi egin zuten 5 minutuz. Ekintza horrekin, De Juanaren egoera salatu eta elkartasuna adierazi nahi izan zuen Askatasunak.

Institutu berria

Ostiralean (hilak 8) hasi ziren martxan herriko ikastetxe eta ikastolak. Urola Ikastolako batxilergoko ikasleek lehen eskola eguna eraikin berrian hasi zuten. Eraikina oraindik ez dago bukatuta; beheko solairua eta kantxan azken lanak egiten ari dira. Horregatik, gainerako mailetako ikasleak hilabete batzuk beranduago hasiko dira bertan. Eraikin berrian ikasle bakoitzak bere takila izango du.

Igogailua datorren hilerako

Olazko Amaren plazatik Etxe Alai auzora egiten ari diren igogailua hil honen bukaerarako bukatuta egongo dela jakinarazi du Azpeitiko Udalak. Igogailua jartzeko obra nagusienak eginda dituzte eta aste gutxi barru martxan jartzeko moduan izango dutela iragarri dute.

Bruesa GBC 69-Valladolid 71

Atzo, asteartea, Bruesa GBC-k Valladoliden kontra lagunarteko partida jokatu zuen Azpeitiko kiroldegian. Atzokoa Bruesa GBC-ko aurredenboraldian jokatu dituen lau partidatatik galdu duen bakarra izan da. Partidako Bruesako jokalaririk aipagarrienak Bradley eta Davis izan ziren; 21 eta 23 puntu sartu zituzten. 500 lagun inguru izan ziren partida ikusten.

Euskal preso politikoen aldeko aldarrikapenak

Aste honetan hainbat aldarrikapen egin dituzte herrian euskal presoen izaera politikoa eta eskubideak aldarrikatzeko. Asteazkenean, autobus bat gelditu zuten eta hainbat lagun gainera igo ziren pankarta bat jartzera. Gaur, ostirala, Iņaki de Juana presoa ere gogoan izan dute. De Juanak 40 egun bete ditu gose greban. Hori dela eta, eguerdian Loiola 91 parean bidea itxi dute haren egoera salatzeko.

Giovannoniren lehen entrenamendua

Ostegun iluntzean egin zuen Rafael Giovannoni brasildar pibotak Lan Mobel Iraurgi saskibaloi taldearekin lehen entrenamendua. 2,02 metro neurtzen du eta Iraurgik hilabeterako fitxatu du. Argazkian, Giovannoni goian ezkerretik laugarrena, Azpeitiko Kiroldegian ostegunean.

Ardo dastaketa arrakastatsua

Ardo Dastaketa eguna izan zen larunbatean (hilak 16); plazako arkupeetan jende ugari bildu zen. Euripean egin zen dastaketa, baina hala ere, jendea edatera eta mokadutxoa jatera animatu zen. Antolatzaileek, 900 ardo kopa prestatuta zituzten eta 800 inguru saldu ziren. Plazako postuetan, 15 upeltegitako 22 ardo mota edateko aukera egon zen. (Informazio gehiago)

Perez Arregi plazako lanak hastear

Perez Arregi plazan urbaninazio lanak egingo dituzte eta lur azpiko azpiegiturak berritu egingo dituzte. Gaur, asteartea, obrak hasi aurreko lanak egiten hasi dira. Hori dela eta, seinaleak kentzen hasi dira goizean. Lan horiek bukatutakoan, makineria sartuko dute.

Patinaje ikastaroa

Gaur, asteazkena, 16:00etatik aurrera patinaje ikastaro izango da Betharrametan, haurrentzat. Ikastaroa, Gazteria eta Ingurumen Sailak Mugikortasun astearen baitan antolatu dute. Hala ere, ez da aste honetako egitasmo bakarra izango; ostiralerako bizikleta ibilaldia antolatu baitute.

Gregorio Azpiazu berriro monje

Irailaren 15ean Gregorio Azpiazu urrestildarra berriz ere monje izendatu zuten, behin betiko monje. Orain dela 49 urte ere izendatu zuten. Bigarren aldiz orain, beraz. Izan ere, lehen monje izateari utzi egin zion eta orain 10 urte berriro sartu zen mundu horretan; hain zuzen, 1996ko irailaren 15ean. Nafarroan dago orain, Oliba monasterioan,eta lehengo ostiraleko ekitaldira haren hainbat senide eta lagun joan ziren (argazkian). Uztarria herri aldizkariak erreportaia egin zuen Azpiazurekin uztaileko zenbakian. (Informazio gehiago)

Iraurgik Euskal Kopa irabazi du

Lan Mobel Iraurgik Euskal Kopa irabazi du. Igandean (hilak 19), Santurtzin joaneko partida jokatu zuen hango saskibaloi taldearen aurka, eta 79-80 irabazi zuen. Euskal Kopako bi partidak irabazi eta txapeldunak izatea lortu dute Iraurgikoek. Gaur (hilak 22), 18:00etan taldearen aurkezpena egingo dute Iraurgi Saskibaloi Elkartearen tabernan. Larunbatean, berriz, EBA Ligako lehenengo partida jokatuko du Lan Mobel Iraurgik etxean, Oviedoren aurka. Argazkian: Alex Astigarraga kapitaina kopa eskuan duela. (Informazio gehiago)

Iraurgiren aurkezpena

Gaur (hilak 22) arratsaldean Lan Mobel Iraurgi saskibaloi taldearen aurkezpena egin dute. Bertan, Iņaki Uria Iraurgi Saskibaloi Elkarteko lehendakaria, Lolo Encinas entrenatzailea, taldeko jokalariak eta babesleak izan dira.

Perez Arregi plazan ezin da aparkatu

Gaurtik (hilak 25) aurrera Perez Arregi plazako 1 eta 7 zenbaki inguruetako aparkalekuetan ezingo da autorik aparkatu. Honen zergatia, laster hasiko diren plazako eraberritze lanak dira.

Gudari Eguneko omenaldia

Atzo, asteazkena, 31 urte bete ziren Angel Otegi hil zutela, omenaldia izan zen Enparan atzean. Ekitaldian besteak beste, plaka bat jarri zuten, eta bi zuhaitz ere landatu zituzten gudarien omenez. Bestalde, zapatu goizean, 10:00etan omenaldia izango da Nuarben, Otaegiren etxe aurrean; 10:30ean Nuarbe-Azpeitia ibilaldi hasiera; eta 12:30ean ekitaldia Azpeitiko plazan. (Argazkian: Dionisio Aizpuru 'Kurro', Pedro Mari Isart 'Pelitxo' eta Otaegiren senideak omenaldiko une batean). (Informazio gehiago)

Otaegi omenduz, Nuarben

Angel Otaegi ETAko kidea fusilatu zutela 31 urte bete dira aste honetan eta haren aldeko ekitaldiak izan dira gaur ere (zapatua). Nuarben, bere etxe aurrean, omenaldia eskaini diote (argazkian). Gero Azpeitira oinez abiatu dira, ekitaldi txiki bat egiteko. (Informazio gehiago)

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak