Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 1,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Argazkiak »  Hilabete bakoitza »  2006ko uztaila

 ARGAZKIAK

 ORRI HAU...

 

2006ko uztaila, argazkitan

Etxebizitza aldarrikatuz

'Etxebizitza eskubidea borrokatuz, independentzia!' lelopean elkarretaratzea egin zuten ostiralean (ekainaren 30ean), plazan. "Azpeitian ere oso garesti dago oinarrizko eskubide unibertsal hau, eta Udalak du erantzukizun nagusia", esan zuten bilkura deitu zutenek.

Maider Egigureni ongi etorria

Larunbatean (uztailaren 1ean) Maider Egiguren preso ohiari ongi etorri ekitaldia egin zioten Frontoi Txikin. Egiguren, ekainaren 23an aske utzi zuten ia hiru urtez preso egon eta gero. Frontoi Txikiko ekitaldiaren ondoren, manifestazioa egin zuten. (Informazio gehiago)

Uztaileko agenda kalean da

Uztaileko ekintzak biltzen dituen eskuko kultur agenda kalean da: 4. zenbakia. Aurtengo apiriletik, hilabetero ari da ateratzen Uztarria Kultur Koordinakundea. Hilabetearen hasieratik herrian dauden ekintzen berri ematea du helburu. Guztira, 1.000 aleko tirada du eta taberna eta ohiko toki publikoetan eskura daiteke. Norbaitek bere ekimenen berri eman nahi badu, idatz dezala helbide honetara: kultura@uztarria.com

Damason jaietan ibili dira

Larunbatean (hilak 1), Damaso auzoko festak ospatu zituzten. Goizean, haur eta helduen lasterketa izan zen, besteak beste. Haurren lasterketan, nesketan, Ane Bereziartuak (argazkian) irabazi zuen, eta mutiletan, Pello Arruek. Arratsaldean ere, haur piloa ibili zen Damason antolatutako haur jolasetan. Argazkia: R. Larrinaga

Zezen-jolasak

Larunbatean, uztailaren 1ean, hazpandarrak Azpeitira etorri ziren. 80 lagun etorri ziren (tartean Hazparneko Idiak Zezenzale Elkartekoak zeuden) Azpeitia-Hazparne bi herrien arteko senidetza egin zeneko 20 urteurrena ospatzera. Hainbat ekitaldi izin ziren egunean zehar. Arratsaldean, berriz, zezen-jolasak izan ziren zezen-plazan. Iban Etxezabalek ateratako argazkiekin bilduma egin dugu. (Informazio gehiago)

Zubian lanetan ari dira

Etxe-Zuri aurreko zubiko farolak aldatzen ari direla eta, gaur egun osoan ezingo da zubian autorik aparkatu. Horretarako, zinta eta hesi batzuk jarri dituzte.

Haurrek sanferminak ospatu dituzte

Gaur (osteguna) eguerdian, udaleku irekietan parte hartzen ari diren haur eta gaztetxoek sanferminak ospatu dituzte. 12:00etan pregoia irakurri ondoren, txupinazioa bota dute Sindikatu Zaharreko balkoitik. Ondoren, entzierroa egin dute alde zaharreko kaleetan. Entzierroko argazkiekin bildumatxo bat egin dugu (Informazio gehiago)

'El Lunar' filmaren grabaketa

Gaur (hilak 6) eta bihar, Trenaren Euskal Museoko Lasaoko tren geltokian, 'El Lunar' filmaren eszenak batzuk grabatzen ari dira. Filma, Basque Filmsek ekoiztu du eta Miguel Angel Calvo Buttoni da zuzendaria. Filmeko protagonisten artean, Andoni Gracia eta Maria Pau Pigen daude, tartean ordea, Azpeitiko hainbat aktorerekin, Alaitz Olaizola eta Igor Aranbarrirekin esaterako, egingo dute lan.

Andriescuri babesa

'Emakumeon indarkeria aurre hartu!' Euskal Herriko Bilgune Feministak eta Azpeitiko Emakume Taldeak deituta atzo, osteguna, elkarretaratzea egin zuten plazan 19:30ean. Bertan bildu zirenek, astelehenean Basaurin (Bizkaia) hilda agertu zen Loredana Andriescu 23 urteko emakumearen hilketa salatu nahi izan zuten.

Graffiti egileen topaketa

Larunbatean (hilak 8), egun guztian zehar, Euskal Herriko eta Nazioarteko hainbat graffiti egileek bat egin zuten Betharrametan, bertako hormak margotzeko. Azpeitiko graffiti egileak eta Galiziakoak hormak margotzen aritu ziren; ikusmina sortu zuten herriko gazteen artean.

Txorimalo kuriosoa

Dagoeneko ez da ohikoa txorimaloak baratzetan ikustea, orain CDak-eta zintzilikatzen dituztelako txoriak uxatzeko. Hala ere, Landetako baratze batean, Urbieta Haundi baserriaren ondoan, bada txorimalo bat, eta kuriosoa. Madock kapitaina da goiko hori, eta gaztetxoei eta hain gaztetxo ez direnei ezagun egingo zaie, marrazki bizidunetako pertsonaia baita. Beraz, landetarrek ere badute beraien kapitaina... Argazkia, Uztarria herri aldizkariaren uztaileko zenbakiko 'Ikustekoa!' atalean dago.

Azpeitiko erraldoiak Katalunian

Asteburuan (hilak 8 eta 9) Azpeitiko erraldoiek eta horiekin ibiltzen diren Itsasiko dantzariek Montblanc-eko (Tarragona, Herrialde Katalanak) erraldoien jaialdian parte hartu dute. Sei mila erraldoi izan da jaialdian, eta 334 taldek parte hartu dute bertan. Azpeititik joan direnen hitzetan, "oso ondo pasatu" dute. Aitor Unanueren argazkiekin bildumatxo bat egin dugu. (Informazio gehiago)

Txernobilgo umeen bazkaria

Joan den igandean, uztailaren 9an, aurreko urteetan bezala, Txernobiletik (Ukraina) etorri diren 50 ume eta Euskal Herriko beraien familiak, Abetan (Meagas gainetik gertu) elkartu ziren urtero egiten duten bazkarian. Umeak orain 15 egun iritsi ziren Ukrainatik eta udara osoa pasatuko dute hemen. Azpeitira etortzen diren umeak ere han izan ziren.

Euskaltzaindia Bielen

Euskaltzaindia atzo (2006-07-11) Azpeitian izan zen Euskara Patronatua egiten ari den lana ezagutu asmoz. Hain zuzen ere, Bielen inplementazio fasean dagoen Hizkuntza-gestiorako Plan aitzindaria ezagutzeko etorri ziren. Argazkian, Amaia Okariz Euskaltzaindiko Komunikazio arduraduna, Andres Urrutia euskaltzainburua, Pello Telleria Euskaltzaindiko idazkariordea, Txomin Andonegi Bieleko zuzendari nagusia, Ana Mendizabal Azpeitiko Udalaren Euskara batzordeburua eta Maider Aizpuru Bieleko kalitate-prozeduren zuzendaria. (Informazio gehiago)

Sanferminetan izan dira Aitonenakoak

Aitonena Jubilatuen Elkarteak antolatuta, atzo (hilak 13) 114 lagun bi autobusetan joan ziren Iruņera. Goizeko 08:30ean atera ziren Astotegitik. San Fermin jaietan egunpasa egin eta festa giroan murgilduta ibiltzeko asmoa eraman zuten beraiekin. Larunbatean, urteroko usadioari jarraituz, jubilatuak Xoxotera joango dira.

Kanpoko igerilekua bost urtez zabalik

Gaurko egunez baina duela bost urte, kanpoko igerilekuak ateak zabaldu zituen. Urtetik urtera erabiltzaileek gora egin dute igerilekuan; iaz esaterako, 42.834 bisitari izan zituen uda osoan. Beste urteetan bezala, aurten ere irail erdialdean itxiko ditu ateak kanpoko igerilekuak. (Informazio gehiago)

Kiroltasunaren saria

Joan den larunbatean, uztailaren 8an, Gipuzkoako Futbol Federakuntzaren Batzar Nagusia ospatu zen Irungo Ficoba erakustazokan. Bertan, Kiroltasunaren saria Ikasberri Kirol Elkarteko 2. Erregional mailako taldeari eman zioten. Argazkian, eskubitik hasita, Ikasberriko 2. Erregional mailako delegatu Luis Mari Agirregomezkorta eta Gipuzkoako Futbol Federazioko Lehendakaria Juan Luis Larrea.

Jubilatuen Eguna, Xoxoten

Xoxoten San Inazioren irudia jarri zuteneko 50. urteurren izan zen larunbatean (hilak 15). Hori dela eta, ekitaldi txiki bat antolatu zuen Azpeitiko Udalak Xoxoten, irudia dagoen lekuan. Era berean, Jubilatuen Xoxoteko Eguna ere ospatu zuten. 30 autotan plazatik abiatu ziren jubilatuak Xoxotera. Behin mendian, hamaiketakoa jan eta meza entzun zuten. Xoxoteko irudiekin bildumatxo bat egin dugu. (Informazio gehiago)

Programa alternatiboa

Iosu Badiolak San Inazioetako programa alternatiboa proposatu du atari honetan duen blogean. Horretarako, Aste Santuetan Mauritanian atera zituen argazki batzuk jarri ditu: "Ez da urte batetik bestera asko aldatzen den programa. Ez egitura, eta ekitaldiak, ezta argazkiak ere. Beti berdintsuak. Aurtengo programarako argazki alternatibo batzuk eskaini nahi dizkiot dagokionari". Iruditan ikusten duzuen argazkiari 'Saninaziyo' izena jarri dio. (Informazio gehiago)

'Pantaila piztuta'

Erniarraitz Bertso Eskolako kideek Telefonican duten egoitza berrian bertso bat jarri dute leihoan. Bi astean behin bertsoa aldatzeko asmoa dute. Atzo (astelehena) jarri zuten lehenengoa, German Zelaiak egina. Honela dio bertsoak:
Kaixo herritar eta
kaixo erbesteko
iritsi da ordua
pantaila pizteko
hemen izango nauzu
pare bat asteko
alperrikan nagonik
ez duzu usteko
puntua jartzen dizut
bertsotan hasteko

Festetako egitaraua

Aste honen hasieran ekin zioten Udalak ateratzen duen Saninazioetako programa banatzeari. Herritarrek, etxean jasoko dute festa egitaraua. Argazkian dagoen irudia, aurtengo egitarauaren azala da.

Dopajea txirrindularitzan

Atzo (asteazkena) "Dopajea txirrindularitzan: hezkuntzaren esku-hartzea" hitzaldia izan zen Enparan Dorretxean. Jose Manuel Gonzalez Aramendik eman zuen hitzaldia, eta 30 lagun inguru izan ziren bertan. Hitzaldian eman ziren azalpenak www.kiroleskola.net webgunean eskuratu daitezke. (Informazio gehiago)

Ur festa

Udaleku irekietako Udan Jolas eta Udan Mugi taldeetako gaztetxoek Ur festa egin dute goizean. Bainujantzi eta txankletak jantzita atera dira kalera. Gero, balkoietara irteen ziren bizilagunei "ura, ura!" eskatzen aritu dira. Beroari aurre egiteko modu egokia aukeratu dute gaztetxoek. Ur festarekin bildumatxo bat egin dugu. (Informazio gehiago)

Elkarretaratzea Sistiaga Errekako harrobian

Asteazkenean (hilak 19) Sistiaga Errekako harrobian izandako istripuan hil zen kamioi gidariaren heriotza salatzeko ELA, LAB, ESK eta STEE-EILAS sindikatuek deituta 'Lan istripu gehiagorik ez!' lemapean elkarretaratzea egin dute gaur, ostirala, 11:30ean harrobian bertan. Ordezkari sindikalez gain, hildakoaren lankideak ere bertan izan dira. (Informazio gehiago)

Bukatu dira udaleku irekiak!

Uztaila bere azkenetara iristen ari da eta horrekin batera hilaren hasieran martxan jarri ziren udaleku irekiak ere. Gaur (hilak 21), udaleku amaierako Agur Jaialdia egin dute Frontoi Txikin 12:00etan. Dantzak, antzerkiak eta mozorroak izan dira nagusi gaztetxoen festan.

Scalextric lehiaketa

Santio jaien egitarauaren baitan, larunbatean (hilak 22) Azpeitiko umeek scalextrian jolasean aritzeko aukera izan zuten. Frontoi Txikian jarri zituzten hiru pista, eta goizean eta arratsaldean gazte ugari ibili zen auto txikiekin lehian. Egunean zehar gozokiak banatu zituzten gazteen artean, eta musikak girotuta aritu ziren scalextrian jolasean.

Presoen alde jende asko

Amnistia Eguneko manifestazioa egin zuten zapatu arratsaldean Azpeitian, 'Eskubide guztien jabe, euskal presoak Euskal Herrira' lelopean. Jende askok hartu zuen parte. Ondoren, afaria egin zuten Azoka plazan. Argazkian, manifestazioko une bat.

Beheko kantoia zabalik dago

Erdi kalean etxebizitzak egiten ari zirela-eta Erdi kaletik Eliz kalerako beheko kantoia urtebete baino gehiagoz itxita eduki dute. Oraindik kantoia txukundu gabe dago, baina zabaldu egin dute.

Txosnak jarri dituzte

Urtero bezala, aurten ere Zelai Luzen txosnak jarri dituzte. Atzo, asteazkena, hasi ziren lan horretan eta ostiralerako dena bukatuta egongo da. Honela, larunbat gauean irekita egongo dira txosnak. Guztira, zortzi txosna eta ogitartekoen beste bat egongo dira saninazio festetan.

Balkoia erori beharrean pasoan

Goiko eraikin hori herri erdian dago, Bustinzuriko errebalean; Urbanoneko etxea da eta aspalditik dago hutsik. Ikus daitekeen bezala, ez dago ondo eraikina, balkoi bateko lurra ere zintzilik dago, baina ez da hori airean dagoen gauza bakarra (egurrak teilatutik zintzilik daude, esate baterako). Etxe horren inguruan Errebalera igotzeko bidezidorra dago eta tarteka etxe aurrean dagoen zelaian umeak ibiltzen dira. Argazkia, Uztarria herri aldizkariaren abuztuko zenbakiko 'Ikustekoa!' atalean dago.

Etxebizitza eskubidea aldarrikatuz kalejiran

Gaztetxeko Jai Batzordeak eta Kale Gorrian kolektiboak etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko kalejira egin dute gaur (zapatua), 19:00etan, Plazatik abiatuta. "Eskubideak denontzako bermatu behar direlako; sexu, arraza edota aberastasun bereizketarik gabe. Bizitza duin bat garatzeko pertsona guztiok behar beharrezkoa dugu etxebizitza bat, horregatik da eskubide bat, eta horregatik bermatu behar zaigu gutzioi", esan du Kale Gorrian taldeak. Argazkian, kalejiran. (Informazio gehiago)

Ondo pasatu oporretan

Oporrak hartu behar badituzu abuztuan, ondo pasatu beraietan. Uztarriakook irailean 1a arte jai izango dugu.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak