Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 1,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Argazkiak »  Hilabete bakoitza »  2006ko ekaina

 ARGAZKIAK

 ORRI HAU...

 

2006ko ekaina, argazkitan

Txakurren kaka jasotzeko ontziak

Txakurren kaka jasotzeko 10 ontzi jarri dituzte herriko toki ezberdinetan. Irudiko ontzia, Enparan dorretxe atzean dagoen zelaikoa da. Aurrera begira ere, beste 15 ontzi jartzeko asmoa dute. Ontzi horiek erabili nahi dituztenek udaltzaingora joan beharko dute zorro eta palaren bila.

Barraka Eguna Sanjuandegin

Udaleko Festa Batzordeak antolatuta, atzo (hilak 1), Sanjuandegiko festak hasi bezperan, haurrek Barraka Eguna ospatu zuten. 15:00etatik 19:00etara, epaitegi aurreko aparkalekuan dauden tiobibo guztietan ohi baino merkeago ibiltzeko aukera izan zuten: bi fitxa euro baten truke erosi ahal izan zituzten.

Uztarria eta 'Hitza' lokal berrian

Aste honetatik Uztarria eta 'Urola Kostako Hitza' Telefonica zenaren eraikinean daude, behean, eskubian. Sarrera, Perez Arregi plazatik du. Antxieta Arkeologia Elkartea, Erniarraitz Bertsozale Elkartea eta Azpeitiko Argazki Elkartea ere eraikin berean daude, baina sarrera, Enparan kaletik dute. Argazkian, Uztarriaren eta 'Hitza'-ren erredakzioa. (Informazio gehiago)

Giza-katea "errepresioaren" kontra

Azpeitiko ezker abertzaleko 80 bat kidek plazatik anbulategi aurrera giza-katea egin zuten atzo (ostirala), "errepresio politikoaren" kontra, eta anbulategian elkarretaratzea (argazkian). Euskal Herria "egoera ez demokratikoa" bizitzen ari dela diote eta "errepresioa handitzen" ari dela. Haien ustez, PSOEk ez du borondaterik gatazka politikoa gainditzeko eta EAJk "lagundu" egiten dio. "Baldintza demokratikoak sortu behar dira eta konponbideko prozesua martxan jarri". (Informazio gehiago)

Zer egin behar den gutuna botatzeko...

Interneta dagoenetik, jendeak ez du lehen bezainbeste gutun bidaltzen. Lehen ere asko ez eta... Noiz bota zenuen zeuk azkeneko gutuna, dena delakoa izanda ere? Egoera horrelakoa izanda, zailtasunik behintzat, ez jarri. Goiko argazkiko tokian, ordea, ez dago erraza: koska batera igo behar gutuna zuloan sartzeko. Astotegi ondoan dago, Rural Kutxan. Jakina, beste era bateko gutuna izango da horkoa, baina, hala ere... Argazkia, Uztarria herri aldizkariaren ekaineko zenbakiko 'Ikustekoa!' atalean dago.

Ekaineko agenda kalean

Ekaineko ekintzak biltzen dituen eskuko kultur agenda kalean da: 3. zenbakia. Aurtengo apiriletik, hilabetero ari da ateratzen Uztarria Kultur Koordinakundea. Hilabetearen hasieratik herrian dauden ekintzen berri ematea du helburu. Guztira, 1.000 aleko tirada du eta taberna eta ohiko toki publikoetan eskura daiteke. Norbaitek bere ekimenen berri eman nahi badu, idatz dezala helbide honetara: kultura@uztarria.com

Etxezarreta, mahai-inguru zabalean

Idiazabalen mahai-inguru politiko zabalean hartu berri du parte Ramon Etxezarreta PSE-EEko kideak. Joseba Egibar (EAJ), Joseba Alvarez (Batasuna), Onintza Lasa (EA), Antton Karrera (EB) eta Mikel Basabe (Aralar) izan zituen lagun. Etxezarretak esandako gauzetako bat: "Oraingo egoera hobea da edozein gauzari buruz hitz egiteko. Lehen harria, beraz, jarrita dago". Argazkian, Etxezarreta (eskubitik hirugarrena) eta besteak, mahainguruan (‘Goierriko Hitza’). (Informazio gehiago)

Kontsumo Iraunkorraren Gela Lapatxen

Lapatx zabortegiaren sarreran Kontsumo Iraunkorraren Gela egin dute, eta atzo (hilak 8) inauguratu zuen Urola Erdiko Zerbitzu Mankomunitateak. Argazkian, Manuel Unanue Azpeitiko Udaleko EAko bozeramailea, Luis Mari Oiarbide Ingurumeneko Foru diputatua, Julian Eizmendi Azpeitiko alkatea eta Mankomunitateko lehendakaria, eta Esther Larraņaga Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko sailburua, ingurumen hezkuntzarako ekipamendu berriaren inaugurazioan. "Honen asmoa kontsumoan oinarritutako gizarteak ingurumenean daukan eragina erakustea da, eta guztion sentsibilizazioa lortzea".

Ormazabal zenari buruzko liburua, aurkeztua

Xabier Ormazabal mendigoizale urretxuar zenaren bizitzaz 'Izarren hautsa' liburua idatzi du Gorka Quevedo zumarragarrak, eta atzo (osteguna) aurkeztu zuten. Ormazabalek 2003an 'Takolo beka'  jaso zuen. Bekako diruarekin 'Elurretako leopardoa' espedizioa gauzatu zuen. 2004ko urrian hil egin zen, Cho Oyu mendi inguruetan. Argazkian, Ane Miren Ormazabal (liburuaren diseinatzailea), Quevedo eta Andoni Ormazabal (Xabierren anaia), atzo ('Goierriko Hitza'). (Informazio gehiago)

Emakumeen I. Futbol Txapelketa

Larunbatean (hilak 10) jokatu ziren Emakumeen I. Futbol Txapelketako lehenengo partidak Garmendipeko belar artifizialeko futbol zelaietan. Parte hartze handia izan zen; guztira, 12 partida jokatu ziren bi zelaitan. Hurrengo partidak, datorren larunbatean (hilak 17) jokatuko dira. (Informazio gehiago)

Larunbatean, Txirrindulari Gaztetxoen Eguna

Hirugarren urtez, Eskolarteko Txirrindulari Gaztetxoen eguna izan zen larunbatean (hilak 10). Adinaren arabera banatutako bi ibildide egin zituzten txindulari gaztetxoek: txikienak Urrestilara joan etorria egin zuten, eta besteak, Aratz Errekaraino joan ziren. Ekimen hau, Udalak eta Lagun-Onak Txirrindulari Elkarteak antolatu dute Eskola Kirol Kontzeiluarekin batera, Aste berdearen baitan.

Kartelak ikusgai

Euskadiko XXIV. Euskal Antzerki Topaketen kartel lehiaketako 35 bat obra daude Betharrametako aretoan ikusgai atzotik (astelehena) ekainaren 25era arte. Ordutegia, berriz, astelehenetik ostiralera arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara; eta larunbat eta igandeetan 12:00etatik 14:00etara izango da.

Enparan kaleko garabia kentzen ari dira

Gaur goizean (hilak 15) Enparan kalean dagoen garabia kentzen hasi dira. Lan horrek Enparan kaleko garajeetako ibilgailuen sartu-irtenean eragina izango du. Enparan 20 karrera azpikoek ibilgailuak Plaza Txikitik sartu beharko dituzte garajeetan. Gainerakoek, arratsalde parterarte ezingo dute autorik garajeetan sartu.

Arrantzako Euskadiko Txapelketan txapeldun

Ekainaren 4an Tolosan Oria ibaian ospatu zen jubenil mailako Euskaldiko Arrantza Txapelketan Xabier Bastida lehenengo postuan sailkatu zen eta Ekaitz Agirrezabalaga, berriz, hirugarrenean. Biak 'latigo' berezitasunean aritu ziren. Hilaren bukaeran, Aragoin ospatuko den Espainiko Txapelketan parte hartuko dute. (Argazkian: Agirrezabalaga ezkerrean dago eta Bastida, berriz, eskubian).

Habea mosaikoa

Herritarrek osatutako mosaiko bat gorpuztu dute plazan Habeakoek. Ezker abertzalea legez kanpo jarri zutela hiru urte bete direla salatu dute eta herriari hitza emateko eskatu dute. Ondoren, herri afaria egiteko Frontoi Txikian bildu dira. (Informazio gehiago)

Bidezko Merkataritzako 16 postu

Udaleko Ingurumen batzordeak antolatuta, Bidezko Merkataritza eta bigarren eskuko produktuen azoka egin zuten larunbatean (hilak 17), plazan. Guztira, 16 postu jarri zituzten, eta azokan gastatzeko 12 euroko bost zozketa ere egin zituzten. Azokan era askotako produktuak eros zitezkeen: janariak, arropa...

Pedro Etxeberriari omenaldia

Itsasi Dantza Taldeak Pedro Etxeberria omendu zuen larunbatean (hilak 17) San Martin egoitzan. Etxeberria duela 50 urte hasi zen dantza erakusten. Hori dela eta haren ikasle izandakoak eta Itsasi taldeko dantzari txikiak bildu ziren Etxeberria omentzeko. (Argazkian, Pedro Etxeberria eskubikoa da)

Dantzari Txiki Eguna

Atzo (igandea) Dantzari Txiki Eguna izan zen. Itsasi Dantza Taldeko dantzariez gain Legazpi, Mutriku eta Zestoatik etorritako dantzari txikien erakustaldiak ikusteko aukera izan zen. Goiz eta arratsalde, herriko kaletan ibili ziren dantzan.

Elkarretaratzea

Atzo(hilak 22) arratsaldean elkarretaratzea egin zuten plazan 'Baldintza demokratikoak orain! Errepresioa ez da bidea' lelopean. Aurretik, San Agustinpen asanblea egin zuten Maider Egiguren eta Jose Antonio Cau Aldalurren egoeraren inguruan hitz egiteko.

200 lagun inguru EHEren manifestazioan

'Anbulatorioan euskaraz! Ofizialtasuna Euskal Herri osoan orain!' lelopean 200 lagun inguru bildu dira EHEk deitutako manifestazioara. Bertan, euskarak bizi duen egoera salatu dute eta Euskal Herri osoan euskararen ofizialtasuna aldarrikatu dute. (Informazio gehiago)

Maider Egiguren herrian da

Gaur (zapatu) goizeko 2:00ak inguruan iritsi da Maider Egiguren Azpeitira. Lagunak eta ezagunak zain zituen Erdi kalean, Orkatz aurrean. Egiguren kotxetik jaitsi denean, jendea txaloka hasi zaio. Kalearen barrenetik Orkatz aurreraino jendea aldamenetan zegoen ikurrin eta banderekin Egiguren ikusteko zain. Orkatz aurrean aurreskua egin diote, eta gero barruan lagunarteko ongi etorri txiki bat. Besteak beste, bere argazkia kendu du Egigurenek. Argazkian, Orkatzen. (Informazio gehiago)

'Hi sen bat' taldea irabazle Emakumeen I Futbol Txapelketan

Ekainaren 24ean, larunbatean, jokatu zen Emakumeen I. Futbol Txapelketako finala. Hi sen bat taldeak (argazkian gorriz) irabazi zuen partida. Hain zuzen ere Beteranak taldeari irabazi zion, 2-0. Txapelketa ekainaren 10ean hasi zen, eta 16 taldek hartu dute parte lehenengo edizio honetan. Argazkian, Alaitz Badiola, Sorkunde Garate, Maria Goņi ta Lorea Landa. (Informazio gehiago)

Loiolako berrikuntzak

Uztailaren 31ean Loiolako Inazio hil zela 475 urte beteko direla-eta Loiolako Santutegiko inguruak berritu dituzte. Gaur, ekainak 29a, San Inazio eta Jesusen Lagundiari buruzko erakusketa iraunkorra inauguratzen zen, eta lan batzuk bukatu dituzte. Argazki bilduma osatu dugu egindako lanekin. (Informazio gehiago)

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak