Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 1,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Argazkiak »  Hilabete bakoitza »  2006ko maiatza

 ARGAZKIAK

 ORRI HAU...

 

2006ko maiatza, argazkitan

Langileen aldarrikapen jaia

Atzo, astelehena, Langileen Eguna, LAB sindikatuak eskualde mailako manifestazioa deitu zuen Azpeitian. 'Euskal Herria libre ta sozialista' lemapean 300 lagun inguru bildu ziren manifestazioan. Lan prekarietatea eta istripuak salatzeaz gain, testuinguru politiko berriari ekarpenak egiteko beharra nabarmendu zuten LABeko ordezkariek eta "Euskal Herri aske eta gorria" aldarrikatu zuten. ELA sindikatuko ordezkariek, berriz, Bilboko manifestazioan parte hartu zuten.

Maiatzeko agenda kalean

Hilabete honetako ekintzak biltzen dituen eskuko kultur agenda kalean da: 2. zenbakia. Apiriletik, hilabetero aterako du Uztarria Kultur Koordinakundeak eskuko kultur agenda. Agenda honek, hilabetearen hasieratik herrian dauden ekintzen berri ematea du helburu. Guztira, 1.000 aleko tirada du eta taberna eta ohiko toki publikoetan eskuratu daiteke. Norbaitek bere ekimenen berri eman nahi badu, idatz dezala helbide honetara: kultura@uztarria.com

Eskolarteko Bertso Jaialdia

Atzo, asteartea, Eskolarteko Bertso Jaialdia ospatuko zen Izarraitz Pilotalekuan. Bertan, Ikasberri Azpeitiko Ikastolako, Karmelo Etxegarai Ikastolako eta Iraurgi Ikastetxeko 5. eta 6. mailako gazteek parte hartuko zuten. Jaialdia girotzeko gazteek mozorrotuta egin zuten bertsotan, eta ederki aritu ziren jendaurrean kantatzen. (Informazio gehiago)

Argi postearen istorioa

Ez da broma, ez da muntaia... Sanjuandegi Salbe Auzoko etxe atze bat da argazkiko gunea eta trenbide zaharraren ondoan dago argi postea, eta postearekin deman dabiltza: dirua tartean dago, eta hor dabiltza nork kendu behar duen eztabaidan. Bitartean, bidea egin eta postea hortxe, kieto. Horixe obrak baldintzatzen dituen argi postearen istorioa. Argazkia, Uztarria herri aldizkariaren maiatzeko zenbakiko 'Ikustekoa!' atalean dago.

Euskal astea Iraurgi ikastetxean

Aurreko astean Euskal astea ospatu zuten Iraurgi ikastetxean. Tren museora irteerak, bertso saioa, Floreaga ikastetxean eta Ikasberri Azpeitiko Ikastolan emanaldiak, ipuin kontalaria... ekintza ugari izan zituzten Iraurgiko ikasleek. Hona hemen argazki batzuk (Informazio gehiago)

Aralar taldearen ekitaldia Amaren Egunean

Atzo, maiatzaren 7an, Amaren Eguna, aldarrikapen ekitaldia egin zuten Aralar taldekoek. Loiolako pasealekuan dagoen 'Amatasunari' eskulturan zenbait 'opari' utzi zituzten. Aralar taldeek omenaldi txiki bat egin nahi izan zuten "Amaren Eguna egunero dela" aldarrikatuz.

Etxenagusiaren argazki bilduma gailendu da

XXIX. Udaberriko Argazki Rallyko argazki bildumarik onena Iņaki Etxenagusia azpeitiarrarena izan da, baina estu ibili da. Bigarren sailkatu den Juan Mari Ibarzabalen bildumak eta Etxenagusiarenak berdinketa izan zuten. Sari banaketa larunbatean (hilak 6) Tren Museoaren aretoan egin zuten. Aurtengo argazki rallyan 43 partaide izan dira. Argazkian, saritu guztiak.

Loiolako lanak aurrera doaz

Apirilaren bukaeran hasi ziren lanak egiten Loiolan, eta dagoeneko nabaritzen dira aldaketa batzuk. Urolako trenaren geltoki zaharraren ondoan auto eta autobusentzako aparkalekuak egiten ari dira, eta beraz, inguru horretan oinezkoentzako ez dago pasabiderik. Lanak bukatu bitartean, Loiolako biribilgunetik tren geltokira dihoan errepidea itxita egongo da. Jardinetan, berriz, oinezkoentzako bideak egokitzen ari dira. (Informazio gehiago)

Amuko zubia itxi egin dute

Amuko zubia harrizko petril batekin itxi dute. Zubia, Corrugados Alfonso Gallardo enpresaren bi zatien erdian gelditzen da eta kamioi asko pasatzen direnez bertatik, oinezkoak zubi horretatik pasatu ez daitezen itxi dute. Goian, errepidearen parean, oinezkoentzako pasabide berri bat jarri behar dute, baina momentuz ezin da bertatik pasatu.

Bidezko Merkataritza saltokia, plazan

Larunbatean (hilak 13), Bidezko Merkataritzaren nazioarteko eguna izan zen, eta berau ezagutzera emateko eta gizartean sentsibilizazio kanpaina egiteko asmoz, Azpeitiko Misio Taldeak denda jarri zuen udaletxeko arkupetan. Produktuak saltzeaz gain, kafea dastatzeko aukera eman zuten, eta musikarekin girotu zuten ekitaldia. Jende ugari hurbildu zen saltokira, kafe, opilak eta bestelakoak erostera.

Mendizabal eta Uzkudun irabazle Elosiagako apustuan (ikusi argazkiak)

Larunbat (hilak 13) arratsaldean 1.500 lagun inguru bildu ziren Elosiaga inguruko zelaian, Azpeitiko lau gaztek -Uraitz Iturzaetak eta Jon Belokik Martin Mendizabalen eta Iņigo Uzkudunen kontra- jokatu behar zuten apustua ikustera. Egin beharreko lana, aizkoran bost kana-erdiko ebaki eta ordubete osatu arte segan txanda librean aritzea zen. Aizkoran Beloki eta Iturzaeta aurretik aritu baziren ere, azkenengo enborrean Mendizabal eta Uzkudunek aurre hartu zien. Segan alde handiagoa nabaritu zen. Izan ere, Mendizabalek eta Uzkudunek 3.581 kilo moztu zituzten; Iturzaetak eta Belokik, berriz, 2.767,5 kilo. (Argazkiak: Iņaki Aiertza) (Informazio gehiago)

Nazioarteko Museoen Eguna da

Gaur (osteguna) Nazioarteko Museoen Eguna da. Hori dela eta, Trenaren Euskal Museoak datorren igandean, maiatzaren 21ean, hainbat zerbitzu berezi eskainiko ditu. Igandean 10:00etan 14:00etara irekiko ditu ateak museoak eta Azpeitiko tren geltokitik Lasaoko geltokira arte hiru bidaia prestatu dituzte.

Zabaldu dute Loiolabide-Zahar elkartea

Aurreko asteburuan zabaldu zuten Loiolabide-Zahar elkarte berria. Herrian 31 soziedade daude, eta uda inguruan 32.a zabalduko dute. Loiolabide-Zaharren 25 bazkide dira, "baina urte bukaerarako 50 bat lagun izatea espero" dute Santi Merino elkarteko lehendakariordeak Uztarriak maiatzako aldizkarian herriko soziedadeen inguruan egin zuen erreportajean adierazi zuenez. (Argazkia elkarteko inaugurazio egunekoa, maiatzaren 13a, da) (Informazio gehiago)

Lakrikun Gaztetxean

Ostiral (hilak 19) gauean, Lakrikun antzerki taldeak 'Zintzilik' antzezlana taularatu zuen Gaztetxean. Antzerkia ikustera jende ugari joan zen Gaztetxera; 100 lagun inguru izan ziren bertan.

Agustin Quintanarentzat biak

Larunbatean (hilak 20) jokatu ziren Azpeitiko I.engo Tenis Openeko finalak, eta Agustin Quintana izan zen irabazle bi kategorietan: banaka eta binaka (Jorge Aranesekin batera). Argazkian, Agustin Quintana bera bi sariekin. (Ikusi argazki gehiago) (Informazio gehiago)

Errotaundi Okindegia mailaz igo da

Iraurgi Saskibaloi Elkarteko senior mailako Gipuzkoako Bigarren Mailako taldeak mailaz igotzea lortu du. Beraz, datorren denboraldia Gipuzkoako Lehen Mailan jokatuko du. Aurtengo denboraldia sailkapeneko bigarren postuan bukatu dute, eta azken partida galdu egin dute. Dena den, mailaz igotzea lortu du 'panaderoak' bezala ezagutzen den taldeak.

LABek elkarretaratzea egin du INEM aurrean

Urola Kostako LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du gaur, INEM bulego atarian, "lan erreformaren aurka". Uztarilaren 1ean indarrean jarriko den erreformarekin "kontrataziorako baldintzak eta langabezi prestazioak gogortzeko apustua" egin dutela adierazi du LABek.

Xoxoteko Egunean, giro ederra

Atzo, maiatzak 28, izan zen Xoxoteko Eguna. Urtero bezala jende asko igo zen tontorreraino eta aterpetxe inguruan ere jende ugari bildu zen. Azken urteetan ez bezala eguraldi ederraz gozatzeko aukera izan zuten.

Bruesakoak Iraurgiren tabernan

Bruesa Gipuzkoa Basket saskibaloi taldekoak goizean Azpeitian izan dira, Iraurgi Saskibaloi taldearen tabernan. Aurreko astean ACB Ligara igotzea lortu zutenetik ospakizun festetan dabiltza donostiarrak. Azpeitiara etorri aurretik, Astigarragan, Andoainen eta Tolosan egon dira. Azpeitian egon ondoren Eskoriatza, Oņati eta Arantzazun geldialdiak egin behar zituzten. Porfirio Fisac entrenatzaileak adierazi duenez taldeak "Donostiaz gain Gipuzkoari lotuta dagoela sentitu nahi du". (Informazio gehiago)

Kinttela zezen elkartekoak Hazparnen

Joan den igandean Kinttela zezen elkartekoak Hazparnen (Lapurdi) izan ziren hango Peņa Idiakek gonbidatuta. Azpeititik 20 lagun inguru joan ziren. Azpeitiarrak bisitan zirela aitzakia hartuta kalejira, bazkaria eta zezenak izan ziren Hazparnen. (Argazkiak: Joxe Ramon Larraņaga). (Informazio gehiago)

Amubeko biribilgunea inauguratu dute

Gaur goizean (hilak 31) Amubeko Biribilgunea inaugutu dute. Ekitaldian, Joxe Mari Etxeberria Corrugados Gallardo enpresako zuzendaria, Manuel Unanue Azpeitiko Udaleko zinegotzia, Julian Eizmendi alkatea eta Joxe Juan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako Aldun Nagusia izan dira, besteak beste. Biribilgunean eta bere inguruetan egin dituzten lanek 1,5 milioi euroko aurrekontua izan dute.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak