|
|
|
2005eko urria, argazkitan
|
Duela bost urte, Kilometroak Azpeitian
Bi aldiz izan dira Kilometroak Azpeitian, eta bigarrengoa orain dela bost urte gaurko egunez izan zen: 2000ko urriaren 1ean (aurrenekoa, 1979an). Duela bost urtekoa Ikasberri Azpeitiko Ikastolak antolatu zuen, eguraldia txarra izan zen, baina, hala ere, 70.000 lagun bildu ziren. Argazkian, Ikasberri atarian, inaugurazio ekitaldia. Bihar Kilometroak, Leintz bailaran.
|
|
'Hitza'-ren familian laster beste bat: Busturialdekoa
Zazpigarren 'Hitza' sortuko da laster, urtea bukatu baino lehen: Busturialdekoa (Gernika, Bermeo, Elantxobe...). Hori iragarriz, agerraldia egin dute gaur (zapatua) Gernikan eragileek eta EKTk (argazkian). Beraz, 'Urola Kostako Hitza'-k ere aurki beste tarteko bat izango du (Uztarria sortzaileetakoa eta bazkide da Urola Kostakoan).
(Informazio gehiago)
|
|
Eguzki eklipsea Azpeititik
Eguzki eklipse partziala ikusi ahal izan da gaur goizean. Ilargiak eguzkia estali du, baina agerian utzi du ilargiaren koroa. Honela, eraztun itxura hartuz.
Argazki hau, 11:00etan Azpeitian atera da.
|
|
Gaurtik berriro 'Hitza' etxeko postontzietan
'Urola Kostako Hitza' atzo (astelehena, urriak 3) hasi zen berriro lanean, langileen oporren ondoren, eta gaurtik etxeetan da. 'Hitza'-ren helburua (Uztarria, sortzaile eta bazkideetakoa da) urte osoan argitaratzea da, baina eskualdeko udalen diru laguntza handiagoa behar du horretarako.
(Informazio gehiago)
|
|
Uztarriak losintxa lehiaketa antolatu du
Aurtengo kulturaldiaren barruan losintxa lehiaketa antolatu du Uztarriak. Losintxa originalenak eta ederrenak sari bikaina irabaziko du: 'La Perla'n bi lagunentzako zirkuitu bainua eta Argiņanoren jatetxean afaria, bi lagunentzako hau ere. Losintxak idazteko azken eguna urriak 16a da eta sari banaketa berriz, urriaren 21ean izango da. Parte hartu nahi dutenek, herriko taberna ezberdinetan aurkituko dituzte irudian agertzen den bezalako ontziak.
|
|
'Hitza', Nazio Eztabaidan
Gaur (zapatua) Nazio Eztabaidaren eguna ospatu da, Zarautzen, eta 'Hitza' present izan da. Batetik, goizean batzarrean 380 eragileek 'Urola Kostako Hitza'-ren ale bana jasotzeaz gain, 'Hitza' proiektu osoaren berri zekarren idatzia ere jaso dute. Arratsaldez, azokan bere txokoa izan du (argazkian), elastikoak-eta saltzeko.
|
|
Aimar Irigoien panderoa jotzen... Suitzan
Aimar Irigoienek gero eta errazago igotzen ditu harriak, 200 kilotik gorakoak, baina ez du hori abilidade bakarra, panderoa ere ederki jotzen duelako. Abuztu bukaeran euskal segalariek Herisaun (Suitza) izan ziren, Nazioarteko Sega Txapelketan, eta haiei laguntzera joan zen Irigoien errezildarra; belar biltzen-eta jardun zuen. Panderoa ere jo zuen kalejira batean. Argazkia, Uztarria herri aldizkariaren urriko zenbakiko 'Ikustekoa!' atalean dago.
|
|
Azpeitiar presoen isolamenduaren kontra
Gotzon Aranburu eta Joseba Segurola azpeitiar preso politikoak isolamenduan daude kartzelan, eta hori salatzeko, solidario batzuek pankarta jarri dute gaur (asteartea) Azpeitian, autobus batean. Aranburuk 21 ordu ziegan pasatzen ditu eta hiru ordu patio txiki batean. Segurola, atxilotu zutenetik daukate isolatuta, eta uztailaren 2tik zigor ziegan. Presoen estatus politikoa ere eskatu dute gaur.
|
|
Kirol gune berria inauguratuta
Atzo (urriak 12, asteazkena) inauguratu zuten Garmendipe kirol gure berria. Inaugurazio ekitaldian, Azpeitiko Udaleko eta kiroletako ordezkariak, eta Eusko Jaurlaritzako hainbat ordezkari izan ziren. Goiz osoan, futbol partidak, eta tenis eta padelekoak ere jokatu ziren.
(Informazio gehiago)
|
|
Ipuin kontaketa
Pello Aņorga ipun kontalariak lau eta bost urteko umeei ipuinak kontatu dizkie gaur (urriak 17) 18:00etan hasi eta 18:45ak bitartean. Azken asteetan, adin ezberdinetako taldeetako umeentzako ipuin kontaketak izan dira Udal Liburutegian.
|
|
Azoka Plazako obrak
Gaur (hilak 18) 39 urte udaletxean aho batez erabaki zen Azoka Plaza handitzeko milioi eta erdi pezeta ordaintzea (ikus efemeridea). Lehen Azoka Plaza, gestio ugari egin ondoren, 1902ko uztailaren 14an inauguratu zuten, Urola ibaiaren gainean eraikita. Geroztik berritu eta handitu izan dute, baina gaur egun eskasa dago, zaharkitua.
(Informazio gehiago)
|
|
Kirol jarduera berriak, goizez
Udal Kirol Patronatuak kirol jarduera berriak antolatu ditu, goizez izango dira. Aquagyma, igerilekuan emango dute, astearte eta ostegunetan 09:10etik 10:00ak arte. Pilates ikastaroa, kiroldegian izango da, astearte eta ostegunetan, 10:15etik 11:00ak arte. Funky-hip hopa, kiroldegian da, larunbatetan. 10:30etik 11:30era, 10 urtetik 16 urte artekoentzat, eta 11:30etik 12:30ak arte, 16 urtetik gorakoentzat. Spinninga ere kiroldegian emango dute, astelehen eta asteazkenetan 10:15etik 11:00ak arte. Kirol jarduera horietarako izena igerilekuan eman behar da arratsaldez, 14:00etatik aurrera.
|
|
Musika Banda, estudioetan
Azpeitiko Udal Musika Bandako kideak larunbat goizean (urriak 22) Elkarren grabazio estudioetan izan ziren, Donostian. Sansebastianetako Azpeitiko danborradaren doinuak grabatu zituzten bertan. Gero, disko bat aterako dute.
|
|
Iņigo Esnal zenaren omenaldia Gaztetxean
Iņigo Esnal zenaren oroimenez haren lagunek kontzertu emanaldiak antolatu zituzten ostiralean eta larunbatean (urriak 21ean eta 22an). Esnal azkoitiarra zen, baina asko ibiltzen zen Azpeitian, eta lagun giroa egina zuen bertan. Horregatik Azpeitiko Gaztetxean izan ziren 16 talderen kontzertuak bi egun horietan, 'Gure omenaldi onena, oromena' lelopean.
|
|
18/98+ Kaiera ekimena Azpeitian
Gaur goizean, urriak 25ean, 18/98+ Kaiera ekimena Azpeitira heldu da. Goizeko jolasorduan Ikasberri Azpeitiko Ikastolan egon da Kaiera. Bertan, 18/98 auziari buruzko iritzia eman ahal izan da. Arratsaldeko 19:30etik aurrera Azkoitiko Plazan egongo da Kaiera koadernoa ekarpen gehiago jasotzeko. Bitartean, bertso, poesia eta dantzarien ekitaldia izango da plazan.
|
|
IV. Kulturaldiko ekitaldi gehiago gaur
Uztarria Kultur Koordinadorak antolatutako IV. Kulturaldia aurrera doa, eta asteburu honetan ere ekitaldiak izango dira. Gaur gauean, urriaren 28an, Beņat Lizaso eta Haritz Etxeberria 'Ministro' bertsolarien eta Haritz Unanue, Aitor Bengoetxea 'Ondarru' eta Ekaitz Garmendia musikarien emanaldia izango da 22:30ean, udaletxe azpiko arkupetan.
|
|
Azaroaren 21ean hasiko da 18/98 epaiketa
Espainiako Auzitegi Nazionalak gaur (ostirala) atera du 18/98 auziko autoa, eta azaroaren 21ean hasiko da epaiketa. 59 lagun epaituko dituzte kasu horretan, baina, azken batean, Euskal Herriko erakundeen kontrako eraso judiziala zabalagoa da, eta beste dozenaka lagun ere inputatuta daude. Haien artean, lau azpeitiarrak dira: Eneko Etxeberria eta Mikel Azkune ('Egunkaria' auzia), Miren Odriozola (Udalbiltza) eta Garikoitz Etxeberria 'Kafe' (Jarrai-Haika). Argazkian, Mariano Ferrer, urte hasieran 18/98+ taldea aurkeztu zutenean.
(Informazio gehiago)
|
|
'Busturialdeko Hitza'-ren 0 zenbakia
Gaur (urriak 31) banatu dute 'Busturialdeko Hitza'-ren 0 zenbakia; 20.000 ale denera 20 herrietan (Gernika, Bermeo, Mundaka?) eta Gernikako Azokan ere bai ehunka batzuk. Ohi bezala, bertako euskara elkarteak eta gizarte eragileak, eta Bertako Hedabideak (EKT) dira 'Hitza'-ren bazkideak. 1. zenbakia, berriz, abenduaren erdialdera banatuko dute. Argazkian, herritar batzuk 0 zenbakiarekin, Gernikan, gaur.
|
|