Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 1,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Argazkiak »  Hilabete bakoitza »  2005eko iraila

 ARGAZKIAK

 ORRI HAU...

 

2005eko iraila, argazkitan

Tenis pistak irailaren amaierarako bukatuko dituzte

Garmendipeko kirol gune berrian egiten ari diren teniseko bi pistak hilaren (iraila) bukaerarako amaituko dituzte. Beraz, urrian erabiltzeko moduan egongo direla uste dute Udal Kirol Patronatoko arduradunek. Oraindik, margotzea eta estruktura (sareak...) jartzea falta da.

Joxin Arrutiri ongi etorria egin diote

Joxin Arruti abuztuaren 23an utzi zuten libre, 5 urte eta erdi preso egon ondoren. Larunbatean ongi etorri ofiziala egin zioten Frontoi Txikian. Ondoren, manifestazioa eta herri afaria ere izan ziren. Argazkian, Joxin Arruti aurrean.

'Hitza' oporretan (zuzendariaren iritzia)

'Urola Kostako Hitza'-ko langileei ere heldu zaie oporrak hartzeko garaia, eta astelehenetik urriaren 3a arte izango dute jai. 'Hitza'-ren helburua (Uztarria, sortzaile eta bazkideetakoa da) urte osoan argitaratzea da, baina eskualdeko udalen diru laguntza handiagoa behar horretarako. (Informazio gehiago)

Bake nahia = kartzela?

Abenduan Azpeitian izan genuen Juan Joxe Petrikorena, Batasuneko Komunikazio arduraduna (ordukoa da argazkia), 'Orain herria, orain bakea' proposamena azaltzen. Atzo (astelehena), berriz, 100.000 euroko bermea ordaindu behar izan zizkion Espainiako Justiziari, kartzela saihesteko. Bake proposamena azaltzen ari dena kartzelara eraman nahi? Hori ez da bidea (MAIALEN). (Informazio gehiago)

Mendizaleak Neuvillen

Asteburuan Lagun Onak Mendi Bazkunakoak Neouvillen (3.091 metro) ibili dira (argazkian). Hilabete honetako hurrengo irteerak: BTT ibialdia, Iturriotz-Ernio (1.075 m.)... (Informazio gehiago)

Zaharberritze lanak aurrera doaz Enparan kalean

Aste honetan galtzada jartzen hasi dira Enparan kalean; Enparan zubitik behera. Modu honetan, herriko parte zaharraren zaharberritze lanen lehenengo fasea aurrera doa.

Labaka Mallorcan bai, berriz ere

Belauneko minarekin dabil Mikel Labaka Realeko jokalaria aste honetan, baina azkenean jokatuko du larunbat honetan Mallorcan. Hain zuzen, Labakak Realeko lehen taldearekin Mallorcan bertan jokatu zuen aurreneko partida ofiziala, iazko urrian. Argazkian, partida hartako elastikoarekin (gorde egin zuen), Azpeitian. (Informazio gehiago)

Zubillagari eta Arrietari Udalak oroigarriak

Aitor Zubillaga eta Alex Arrieta kirolariei oroigarri bana eman zien atzo, ostiralean (irailak 16), Azpeitiko Udalak udaran lortutako garaipenengatik. Arrietak hiru domina irabazi zituen uztailaren 30tik 31ra, Bartzelonan, Espainiako Igeriketa Txapelketan. Zubillagak plater-tiroko mundu mailako txapelketa irabazi berri du, taldeka, Madrilen. Argazkian, Zubillaga, Kandido Mitxelena Udaleko Kirol batzordeburua, Julian Eizmendi alkatea eta Arrieta, udaletxean.

Argazki saritua

‘Berria’-n udako argazkien lehiaketa egin dute aurten ere, eta azpeitiar batek irabazi du hirugarren saria: Ana Unanuek (Iruñean bizi da). Jaizkibel mendian ateratakoa da, uztailaren 3an, Azabaratzatik gora, Pasaiako superportuaren kontrako mendi martxan.

Zirkulazio seinaleen aldaketak

Gaurtik (irailak 22, osteguna) aurrera, zirkulazio seinaleen lau aldaketa izango dira herrian: Madalenarako herri sarreran, Garmendi gainean, Inox-Citroen aurrean eta Meola aurrean. Guztietan autoarekin ezkerretara hartzea galaraziko da. (Informazio gehiago)

Angel Otaegi zenari buruz, TVEn ere bai

Hilaren 27an 30 urte beteko dira frankismoak, besteren artean Angel Otaegi nuarbetarra fusilatu zuenetik (Uztarriak biografia atera zuen 2001ean). Gertaera hura gogoratzeko, hainbat komunikabidek erreportaiak egingo dituzte asteburu honetan: 'Gara'-k, 'Berria'-k... eta baita TVE1ek ere, gaur (zapatua) 'Informe Semanal' saio garrantzitsuan. Zein ikuspuntutatik jorratuko ote dute TVEn fusilamendu hura?

Ramon Etxezarreta, ‘Firin Faran’-en saio berezian

‘Firin Faran’-ek saio berezia egingo du gaur, astelehena (22:20, ETB1), bizkartzainekin bizi diren sei lagunei buruzko erreportaia eta mahai-ingurua botako duelako. ‘Itzalpean, nire bizitza haien eskuetan’ izango da dokumentala. Besteak beste, Ramon Etxezarreta Donostiako Udaleko PSE-EEko zinegotzi urrestildarraren testigantzak jasoko dituzte.

Aurtengo azken erromeria

Iraileko igande guztietan erromeria izaten da Zelatunen. Ernioko egunaren aitzakian, jende ugari biltzen da mendi buelta egin ondoren bertan. Atzo (irailak 25), aurtengo azken Ernioko eguna, giro polita izan zen Zelatunen, eguraldi txarra egin arren.

'Hitza', astelehenetik lanean berriro

'Urola Kostako Hitza' astelehenean hasiko da berriro lanean, langileen oporren ondoren, eta asteartetik etxeetan izango da. 'Hitza'-ren asmoa egunkariak berak oporrik ez hartzea da, baina udalen laguntza handiagoa behar du horretarako. Argazkian, azpeitiar irakurle batzuk, egunkariarekin. (Informazio gehiago)

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak