Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 1,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Argazkiak »  Hilabete bakoitza »  2004ko azaroa

 ARGAZKIAK

 ORRI HAU...

 

2004ko azaroa, argazkitan

Negua hurbil da udazkenean

Udazken aroak hotza eta euriaz gain, orbel dantza ugari ekarri ohi digu. Negu giroa dei dakioke dabilen eguraldiari, oraindik zuhaitz batzuk hosto koloretsuei eusten badiete ere.

Antzerki Topaketetan Lakrikun

XXII. Antzerki Topaketen beste saio bat ikusteko aukera da, gaur, ostiralean. Lakrikun taldeko partaide diren Alaitz Olaizola, Idoia Uranga eta Gurutze Eizmendi aktoreek "Greban gaude" antzezlana eskainiko dute. 21:30ean hasiko da.

'Greban gaude' antzezlana taularatu du Lakrikunek

Lakrikun antzerki taldeak 'Greban gaude' antzezlana taularatu zuen ostiral gauean, Soreasun (ordukoa da argazkia). Alaitz Olaizola antzerki taldeko kidearen hitzetan, "jendea gustura azaldu zen ikusitakoarekin, eta gu ere eroso sentitu ginen antzezten". Lakrikunen emanaldia ikustera 350 lagun inguru joan ziren. Bestetik, Kaito Telebista, Azpeitiko antzerki taldeen lanak botatzen ari da egun hauetan; etzi (astelehenean) Epa pepa taldearen 'Antzezlanaren ipurdia' botako du, adibidez.

Behobia-Donostia

Atzo (igandea) izan zen Behobia-Donostia lasterketa, eta herritar ugarik hartu zuen parte bertan. Sailkapen osoak, antolatzaileen webgunean daude, argazki mordo batekin batera. Hangoa da goiko argazkia ere, lehen herritarrarena: Xabier Lasa. 1:06:10 egin zuen Lasak. (Informazio gehiago)

Gabonetako argiak kalean

Hilabete inguru falta da Gabonetako oporraldietarako. Badatoz beraz, eta udaletxeko langileak hasi dira herriko kaleak apaintzen.

Azpeitiko gehiengo sozialak Udalak 'Hitza' diruz lagun dezala eskatzen du

Esparru ezberdinetako ia 50 elkartek eta 150 herritarrek Azpeitiko Udalak 'Urola-Kostako Hitza' diruz lagun dezala eskatu dute. Laguntza eskatzeko arrazoiak hauek dira: euskarazko prentsa delako eta euskaltzalea; kalitatekoa eta plurala delako; azpeitiarrentzat zerbitzua eta plaza delako; euskarazko komunikabide indartsuak behar ditugulako; azpeitiarrek 'Hitza' nahi dutelako (2.200 ale banatzen dira egunero herrian). Eskaera: azpeitiar bakoitzeko hiru euro urtean, aurtendik bertatik. (Informazio gehiago)

Aranaren 'Lehenengo aldian' narrazioa

Literatura erotikoz osatutako liburua argitaratu dute Txalapartakoek. Gai bezala 'lehenengo aldia' hartuta 13 idazlek narrazio laburrak idatzi dituzte; tartean Aitor Aranak.

Maider Egiguren atxilotu zutenetik urtebete igaro da

Urtea bete da Maider Egiguren azpeitiarra atxilotu zutenetik. 2003ko azaroaren 19an gertatu zen, Arrasaten. Kotxera sartzera zihoala zortzi bat polizia gerturatu eta eraman zuten. Gaur egun, Alcala-Mecoko emakumeen kartzelan aurkitzen da. (Informazio gehiago)

Franko diktadorearen ikurrak Azpeitian

1975eko azaroaren 20an hil zen Espainiako buru zen Francisco Franco Bahamonde, Franko deitura soilez ezaguna. Diktadorearen ikurrak, baina, oraindik Azpeitiko kale batzuetan ikus daitezke, 29 urte eta gero. Noiz arte?

'Mendi azoka' ikusgai mendizaletako tabernan

Gaurtik, ostiraletik, hasi eta igandera arte mendiko materialen inguruko azoka egongo da mendizaleetako tabernan. Bertan, bigarren eskuko materialak erosteko aukera izango da. Arratsaldeko seietatik bederatzietara bitartean zabalduko da azoka.

Azpeitia udazken goiz batez

Udazkeneko goiz honetan Aņotatik ikus zitekeen bakarra Izarraitz mendia zen. Azpeitia behe-laino artean ezkutaturik zegoen; oraindik, izara azpian lo.

'Baite' eta Uztarria batu zirela urte bete

Urtea bete da 'Baite Euskara Elkarteak' eta Uztarria Kultur Koordinadorak bat egin zutenetik. 2001-eko otsailean sortu zen 'Baite', helburu nagusi batekin: Azpeitian euskara normalizatzea. 2003ko azaroaren 29an, erabaki zen Uztarriarekin bat egitea. Irudian 'Baite'ren izenean argitaratu zen azken zenbakia.

Zeuk ere lagundu 'Hitza'

Uztarria Kultur Koordinadorak bere harpidedunei eta bazkideei 'Urola-Kostako Hitza' egunkaria diruz laguntzeko deia egin die azkenengo berripaperean. Egunkariak irakurleen artean kanpaina hasi berri du, eta urte osorako 50 euro eskatzen ditu. Uztarriaren iritziz 'Hitza' lagundu behar da, "irakurleek ere 'Hitza'-ri zerbait aportatzeko, 'Hitza' euskaldunon egunkaria delako, gu ere 'Hitza'-koak garelako eta euskararentzat oso garrantzitsua" delako.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak