Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 1,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Argazkiak »  Hilabete bakoitza »  2004ko urtarrila

 ARGAZKIAK

 ORRI HAU...

 

2004ko urtarrila, argazkitan

Manifestazio jendetsua

Abenduaren 31an, urtero moduan, manifestzioa egin Euskal Presoak Euskal Herrira lemapean. Bertara herritar ugari azaldu zen, Euskal presoak Euskal herriratzeko eskatzera.

Nuarbeko urtegia %94an dago beteta

Egun hauetan euri asko egin du eta bere eragina ekarri dio Nuarbeko urtegiari: orain %94 dago beteta. Apiril aldetik hasi zen Nuarbeko urtegiaren ur-maila jaisten. Abuztuaren erdian %71,7an egon zen. Kuotarik baxuena abenduaren 1ean harrapatu zuen, %55,1ekoa izan baitzen egun horretan zuen ur kopurua. Bistan da euri asko egin duela azkeneko hilabetean.

Lagun Onak M.B. Aitzgorrin eta Erlon izan zen

Lagun Onak M.B-koek urteari amaiera emateko Aitzgorrira egin zuten goiz ibilaldia. Urte berri egunez, berriz, Erlora joan ziren. Bi ibilaldietan eguraldia etsai izan bazuten ere mendian amaitu eta mendian hasi zuten urtea Azpeitiko mendizaleek. (Informazio gehiago)

Amaitu dira gabonak

Gabonak ere amaitu dira eta iritsi da etxeko pinua eta jaiotza kentzeko ordua. Herria ere gabonetarako apaindu ohi da eta orain apaingarri horiek kentzeko garaia da. Horretan ari dira udaletxeko langileak, kaleetan ipini ohi diren argiak kentzen.

Urola ibaian gasolina mantxa bat agertu da

Urola ibaian, Zelai-Luze parean, gasolina mantxa bat agertu da 15:00ak aldera. Izugarrizko gasolina usaina zegoen ordu horretan Zelai-Luze inguruan. Udaltzaingoak Uztarriari esan dioenez, oraindik ez dakite gasolina mantxa hori nondik etor liteekeen.

Leire Osa da Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteak egindako zozketaren irabazlea

Leire Osak irabazi du Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteak urtero egin ohi duen zozketa. Goizean ibili da Elkarteko dendetan bere saria gastatzen. Izan ere, zozketan, 6.000 euro zozketatzen dira elkarteko denda guztietan gastatzeko. Auto zahar bat ere ipini diote dendaz denda ibiltzeko eta bere erosketak gorde ahal izateko.

Zuzendariak gogor entseatzen

Aste honetan izango dira San Sebastianetako danborradetarako entsegu nagusiak. Joan den astean, helduen danborradako zuzendariak gogor hasi ziren entseatzen Jose Luis Frantzesena Udal Musika Bandako zuzendariarekin. Aurten doinu berria izango da, 'Txokolo Diana Txikia', eta entsegu gehiago izango dira. Argazkian, lehengo ostegunean zuzendariak eta Frantzesena.

Segabathor

Lau urte dira Segabathor musika taldeak Baionako Gazte Leiho maketa lehiaketako hirugarren saria jaso zuela. Han hasi ziren ezagun egiten. Geroztik lanean jarraitu dute, eta Durangoko azokarako atera zuten CDa da horren adibide: Gaua biluzten. (Informazio gehiago)

'Urola-Kostako Hitza'-ren 0 zenbakia prestatzen

Larunbatean ikusiko du argia 'Urola-Kostako Hitza' euskarazko egunkariaren 0 zenbakiak. Eskualdeko egunkari berri horrek zortzi orrialde edukiko ditu eta une hauetan zenbaki hori ari dira prestatzen, buru-belarri, 'Hitza'-koak. 0 zenbakiaren 28.000 ale banatuko dira Urola-Kostan, eta horietatik 5.200 Azpeitian. Otsailaren erdialdetik aurrera, asteartetik igandera bitartean kaleratuko da. Argazkian, Nerea Uranga kazetaria, 'Hitza'-ren 0 zenbakiko Azpeitiko orrialdea prestatzen ari da.

Iraurgiren webgune berria

Iraurgi Saskibaloi Elkarteak aurrera begirako kirol-proiektu ekonomikoa aurkeztu du. Eta, horrekin batera, www.iraurgisb.com webgunea ere estreinatu dute. (Informazio gehiago)

Giro ederra Zaharrak Berri Tourren

Atzo, hilak 16, egin zuten Azpeitian Jokin Uranga, Xabier Silveira eta Fredi Paiak Zaharrak Berri Tour bertso ekimeneko saioa, Oilo-Soro soziedadean, Haitz-Behetik-ek antolatuta. 40 bat lagun bildu ziren afaltzen, eta giro ederra egon zen. Gai librean jardun zuten bertsolariek, bizi-bizi jardun ere. Gainera, afaltzen zeudenen artetik pare bat animatu ziren tarteka haiei erantzuten (Aritz Etxeberria 'Ministro' eta Fede Aranbarri).

Hitza, banatuta

Larunbatan banatu zen Urola-Kostako Hitza-ren 0 alea, Oriotik Azkoitirainoko, 11 herritan. Gustora hartu zuen jendeak. (Informazio gehiago)

San Sebastianen aurretik sokamuturra.

Eguraldi eskasa egin bazuen ere, atzo igandea (urtarrilaren 18a), sokamuturra izan zen arratsaldean Azpeitiko kaleetan. Bihar, San Sebastian eguna, eguerdian eta arratsaldean ere sokamuturra izango da. Argazkia, Hartzubian sokamuturra ibili zen garaian aterata dago.

San Sebastianak

San Sebastianak dira, jaiak gure herrian. Eta jaietan, danborrada. Aurten, lehen aldiz, Oilo-Soro elkartekoak irtengo dira, helduen danborradan eta bandera jaitsieran. Argazkian, euren jantzi berriak, Erriberako artzainetan oinarritutakoak. (Informazio gehiago)

`Azpeitiko efemerideak´ liburuak salgai jarraitzen du

Uztarria Kultur Koordinadorak abenduaren 6an aurkeztutako `Azpeitiko efemerideak´ liburuak salgai jarraitzen du. Liburua Imanol Eliasek idatzi du eta, bertan, herrian egun bakoitzean gertatutako gertaera garrantzitsu guztiak azaltzen dira. Webgune honetan ere agertzen dira efemeride horiek eta bilaketa egiteko aukera ere eskaintzen da. Liburua Eklipse kultur dendan, Iratzar liburu dendan, Belaetxe liburu dendan eta Martinez inprimategian dago salgai. (Informazio gehiago)

Arrieta azkoitiarraren lanak Antxietan.

Iosu Arrieta azkoitiar margolariaren lanak daude erakusgai Antxieta etxean. Urtarrilaren 30a arte irekita egongo da, astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara. 23 lan bildu ditu Arrietak erakusketan, kolore biziko lanak dira.

Julian Barrenetxea Abesbatza Hernanin

Julian Barrenetxea Abesbatza Hernanin izan zen bertako sagardo denboraldiari hasiera emateko eta Azpeitia eta Hernaniren arteko anaitze ekitaldian danborra jotzeko. Ikusi anaitze ekitaldiaren argazkiak hemen. Abesbatzaz gain, Joxe eta Sebastian Lizaso bertsolariak, Udal Musika Banda eta Udaleko ordezkariak ere han izan ziren. (Informazio gehiago)

Egun hauetako euriak estoldak trabatu ditu

Egun hauetan egindako euriak herriko estolda batzuk trabatu ditu. Izan ere, euriak, inguruko zakarrak mugitu ditu eta estoldetan pilatu dira. Udaletxeko langileak estolda horiek garbitzen ibili dira gaur Julian Elorzako plazan.

San Sebastianak, berriro hemen, 361 egun barru

San Sebastianak pasa berri dira. Baina 361 egun barru berriro hemen izango dira. Tarte horretan ez ahazteko, argazki galeria bat egin du Uztarria.com-ek. (Informazio gehiago)

Asteburuan Lagun Onak M.B. Pantikosan izan zen

Joan den asteburuan, urtarrilak 24-25, Lagun Onak M.B.koak Pantikosan izan ziren. Bidaia horretan, eguraldia lagun izan ez bazuten ere, Garmo Negroko gainean izan ziren eta bertatik Vignemale, Infierno eta Balaitous ikusteko aukera izan zuten. (Informazio gehiago)

Joseba Albizu, azkenean, Euskaltel-Euskadira

Joseba Albizu azkenean, Euskaltel-Euskadin izango da denboraldi honetan. Uztarriarekin hitz egin zuen, eta berak esan zuenez, bi urtetarako sinatuko Euskaltel-Euskadirekin. Urtarrilak 27an sinatu zuen kontratoa eta asteburu honetan debutatuko du Palman egingo den txirrindulari proban. Proba hori, gainera, estatuan egingo den lehena izango da. Albizuk Uztarriari esan dionez "prozesu oso luzea izan da baina, azkenean, nahi nuen emaitza lortu dut". (Informazio gehiago)

'Azpeitiko efemerideak' liburua salgai

'Azpeitiko efemerideak' liburuak salgai jarraitzen du herriko liburu denda hauetan: Eklipse kultur denda, Iratzar, Belaetxe eta Martinezen. Uztarriako bazkideek 6 eurotan eros dezakete liburua, besteek, berriz, 12 euro ordaindu beharko dute. Liburua Imanol Eliasek egin du, eta bertan, Azpeitiko historian gertatu diren pasarte interesgarri guztiak bilduta daude.

14:00etatik 17:30era ura moztuko dute Santiago kalean

Gaur Udalak jakinarazi duenez, ura moztuko da Santiago kalean 14:00etatik 17:30era. Kale horretan bizi direnen karreretan ipini du oharra udalak, bertako bizilagunek ur mozketaren berri izan dezaten.

Tren Museoak inoiz baino bisitari gehiago izan ditu

Azpeitiko Tren Museoak 2002an baino 2.579 bisitari gehiago izan zituen 2003an. Orain arte izan dituen bisitari gehiena izan du 2003an: 41.789. Baporezko trenak ere 2002an baino 286 bidaiari gehiago izan zituen, 1.369 hain zuzen ere. (Informazio gehiago)

Kamioi bat errepidetik atera da

Zestoatik Azpeitirako bidean zetorren kamioi bat errepidetik atera da goizean. Kamioiko gidaria frantsesa zen eta Arcelor enpresara zihoan. Iristear zegoela atera da errepidetik eta bazterrean trabatuta gelditu da.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak