Joan den igandean, Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatuta, Murumendin izan ziren Azpeitiko gaztetxoak. Agustin Linazisorok eman zien inguru haiek gordetzen dituzten kultur eta natur ondareen berri. Horrekin batera, Murumendiko hainbat kobazulo bisitatzeko aukera ere izan zuten. Aritz eta Mariren kondairak ere ez ziren falta ibilaldian, biak baitira Murumendin lekua hartu zuten pertsonaia mitologikoak. Goiz partea ingurune natural horretan pasa ostean, bazkaritara etxera itzuli ziren gaztetxoak. Argazkian,
|
Eguzkiak urtuak zituen Pagorriaga baserri inguruko izotzak, gaztetxoen autobusak iritsi zirenerako. Beheko zuloen ondoan, giro goxoa zen gain paregabean. Pagorriaga baserriko Agustin Linazasoro zain genuen bertan, inguru haiek gordetzen dituzten kultur eta natur ondareen ale batzuk gaztetxoei azaltzeko.
|
|
Ibiltzen hasi orduko Anboto erakutsi zigun mendebaldean, eguzkiaren gotorlekua eta Murumendi ekialdean sorlekua. Bien arteko bidean, Murumenditik Anbotora Mariren hainbat testigantza: Ermita bihurtuak gaur asko, Kizkitzakoa gertuen.
|
|
Ibiliz ibili Dantzaleku deitzen den lepora goaz, han Donejakue bidearekin bat eginez. Hainbat bilkuren testigu izandako gunea, erromeri gune ere, izenak dioen bezala. Tribuen kokaleku zaharra izan zen, bertan izandako kastroen aztarnak, harresiak, erakutsi zituen Agustinek. Bi begiratoki estrategikoren artean geunden. Ipar aldeko haitz muturretik, Ibai-ederrek zulaturiko arana ikus zitekeen oso osorik Izarraitzen barreneraino. Handik jaitsi eta bestalderantz Murumendiko tontorrera, Goierriko balkoirik ederrenetakora. Euskal Herriko tontorrak bueltan, Gorbeiatik Perineoetara, Aizkorri, Txindoki, Oiz edo Berian, batzuk aipatzearren.
|
|
Bertan hamaiketakoa egin eta Mariren basora garamatza Agustinek.
Ikazkinen txondor zuloen aztarnak ugari dira pagadian, ikatzak garrantzia izan zuen urteetan hainbat ikazkinen egonleku izan bait zen. Basoan behera Dama-zulora iritsi gara. Sarrera estuko kobazuloa, pasadizo estua haitzean, barruko ur putzuraino. Frontalak pizteko ordua gaztetxoentzat.
|
|
Sartu irtena banan bana.
|
|
Handik beste erreka zulora, erreka leizean sartzen den zirko txikira. Bitartean Murumendiko mitologian parte den Aritz eta Mariren legenda kontatu zuen Agustinek.
|
|
Hirugarren Leize-zulotik pasa eta gora Pagorriagara berriz ere. Han bukatu zen goizeko txangoa. Baserriko oreinak eta beste hainbait animalia laztantzeko aukera izan zuten autobusean sartu aurretik gaztetxoek. Motz gelditu zen goiza, inguruak eta Agustinen jakinduriak beste ibilaldi bat eskatzen zuten datorren urterako.
|