Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2010ko irailek 3,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Albisteak »  Euskara salbatzeko dekalogoa

 ALBISTEAK

 HARPIDETU

Eman zure e-posta, uztarria.com-eko albisteen sarrerako testua jaso nahi baduzu



Informazio gehiago

 ORRI HAU...

 

Euskara salbatzeko dekalogoa

IRITZIA | Pako Aristi (idazlea; 'Berria', 2008-06-01) |  2008/06/3  11:54

1. Euskara politizatu beharra dago, alegia, alderdi guztiek sar dezatela euren hauteskunde-programako lehen postuan. PPk promesa itzelak egingo ditu bere zabalkundeari buruz; PNV, hori hausteko, urrunago joango da; PSOEk, bere tradizio kaskarra ondu beharrez, euskara ikastera bidaliko ditu politiko guztiak. Ikus ditzaket EAko aseguru-etxeetako langileak besapean Saizarbitoria hartuta. Euskara politizatuta balego boto asko legoke jokoan. Politiko guztiek ikasiko lukete, eta boto-emaileak elkarren arteko konpetentzian sartuko lirateke, zeinek gehiago eta hobeto hitz egin, zorioneko pelean.

2. Hizkuntzaren legitimazio ez-errebindikatiboa planteatu behar da. Errebindikazioak ez daukagun zerbait eskatzea esan nahi du, eta guk ez badaukagu, beste batek daukalako ari gatzaizkio eskean. Eta beti eskean dabilenak bazter guztiak nazkatu egiten ditu, eta okerrena: bere buruari ezer eskatzea eta exijitzea ahazten zaio.

3. Horrekin lotuta, identifikazio-modu berriak aurkitu behar zaizkio euskarari. Hamarkada hauetan asko pobretu dugu gure hizkuntzari, inkontzienteki, lotzen zaion iruditeria: euskara=ikurrina=trikitixa=manifa.

4. Horretarako, infiltrazioa praktikatu behar da euskararekin, eta ez zokoraketa. ETBk praktikatzen du hizkuntz-zokoraketa, euskara ETB1era mugatuz, eta gaztelera ETB2ra, beti ere ekonomikoki euskara diskriminatuz. Euskadi Irratia/Radio Euskadi binomioarekin ere halatsu gertatzen da. Horrek bi bloke sortzen ditu, gero eta gehiago urrunduz hizkuntz-komunitateak. Telebistak bi ibaiertz hurbiltzeko zubi behar du izan.

5. Euskarari buruzko legeak betearazi salbuespenik gabe, lanpostu publikoetan, jende aurreko lanpostuetan, maila guztietan. Ez dakien jendeak ez dezala pentsa "ba, berdin dio, euskara ez jakiteari ez diote garrantzirik ematen", "zu aurkeztu oposaketara, euskarak ez dio axola, gero izango dituzu hamar urte ikasteko". Legedi zabala hor dago; seriotasun itxura eman beza hori betearazi behar duenak.

6. Gune estrategikoak garatu, pertsona erreferentzialen konplizitatea landu. Gizarte mediatiko honetan komunikabideak ispilu erraldoi bihurtu zaizkigu, eta jende masifikatuak imitazioz osatzen du bere nortasuna. Lan berezia egin behar du Jaurlaritzak komunikabideetan asko agertzen diren sektoreekin: kazetariak, kirolariak, politikoak, sukaldariak, reality show-kumeak eta abar. Telebista itzalitakoan gure inkontzientean jaso dugun munduaren irudian euskara entzun beza gure oroimenaren belarriak, jende famatuak euskara asko hitz egiten duen sentipena nagusitu dadin.

7. Utzi korritzeari euskararen alde. Utzi maratoiak. Karrera ziztrin bat prestatzen ematen duzuen denbora piloa, zientoka ordu horiek euskarari eskaini ez zaizkion orduak dira. Susmoa daukat zuen alarde fisiko eta jendetsuak benetako ardurari ihes egiteko amarruak baino ez direla. Hizkuntza batekin lau gauza egin daitezke: hitz egin, irakurri, idatzi edota produktuak erosi eta dastatu. Hori bakoitzak egin behar du, bere bakardadean, bere etxean, bere baitako indar batez. Euskararen alde korrika ateratzen zareten bakoitzean zeuon barruan dagoen arduragabekeriari eta gezurrari ihes egiten diozue. Eman aurpegia; izan ausartak.

8. Horretarako, psikomagiako ariketa bat proposatuko dizuet. Atera leihora eta esan euskarari buruzko gauzarik nazkagarrienak: euskara=koinazoa, euskara=ulertezina, euskara=astuna, euskara=tortura, euskarazko egunkaria=urteko harpidetza hartu nuen eguna madarikatzen dut. Orain heldu zure buruari, eta kendu lepo gainetik, metaforikoki noski. Hartu baloi bat, adibidez, eskuetan, sartu dutxan, ireki ura eta eduki hamabost minututan uretan garbitzen. Lehortu, kokatu berriro buru garbia lepo gainean, eta leihoari bizkarra emanez esan euskarari buruzko gauzarik ederrenak: euskara liluragarria da, beti hitz egingo dut, edonorekin, esan behar dudan guztia euskaraz esaten bai baitakit, Pello Lizarralderen azken liburua erosteko deseatzen nago, antzerkia euskaraz ikusteko irrikan, zer zorte daukadan euskararen eskaintza zabalarekin, zirraragarria da, emozionantea...

9. Madrileko gobernuak Berdintasunaren Ministerioa sortu duen bezala, Jaurlaritzak sor beza Hizkuntzen Arteko Berdintasunaren Kontseilaritza, Joan Mari Torrealdairen zuzendaritzapean.

10. Aholku hauek fotokopiatu bitez, sartu Interneten, blogetan, jarri lantokietako iragarki-tabloietan, pegatinetan laburbildu, Gabonetan herrietako megafoniaz errepikatu bitez etengabe, uhin espansibo baten moduan gizarte osora irits daitezen.

 

 

1.  EnekoitzEsnaola - 2008-06-03 | 16:28
Edo:

- 1. Euskara ofiziala Euskal Herri osoan. Bestela, ez dago justiziarik.

- 2. ‘Euskararen epailea’ figura sortu Euskal Herriko auzitegietan. Euskararen ofizialtasuna urratzen duenaren kontra egiteko eta euskaldunak euskararen herrian hizkuntza aldetik legez babesteko.

- 3. Gaztetxoen ‘komando’ euskaltzaleak sortu. Adin ‘txoro’ horretan kontzientzi lana egiteko-sustatzeko, eta euskararen erabilera ez eteteko haien artean (ikastetxeetan euskara ikasten dute, baina askok gero ez dute erabiltzen).

- 4. Eusko Jaurlaritzak ETB2 kendu, eta horra bideratutako dirutza ETB1en(-eta) inbertitu.

- 5. Euskarazko komunikabideen aldeko kontzientziazio kanpaina iraunkorra egin eragileek eta administrazio publikoek. Komunikabideen gizartean bizi gara.

- 6. Euskaldunok, euskararen alde egotetik, alde egitera pasatu. Jarrera aldaketa da. Erabakigarria. Ia gehienek aplikatzen ez dutena.

- 7. Gurean ere azkeneko 20 bat urtean bi iraultza gertatu dira: emakumeen presentzia soziala (sakontzen segitu beharrekoa) eta teknologikoa. XXI. mendean euskararen iraultzan ere sinetsi; lan eginez sinetsi.

- 8. Erdaraz dagoen bide seinalearen, kartelaren… gainean (zera publikoaren gainean, batik bat), mezu bera ageri den orria itsatsi (pintadarik ez egin, horrela ez baita euskaraz mezurik igortzen).

- 9. “Pertsona erreferentzialen konplizitatea landu”, baina etxepeko bizilagunengana iritsi, kuadrilakoengana, tailerrekoengana, ikaskideengana, dendariengana… Ez elitizatu. Izan ikuspegi horizontala, ez bertikala.

- 10. Korrika-n parte hartu, Kilometroetan, Herri Urratsen, Hizkuntz Eskubideen Egunean, Ikastolako jaialdian... Ondo pasatu (nahi duzuna eginez), eta norberaren memorian euskararen aldeko ekimenek txokorik izan dezatela. (Zergatik jartzen dituzte euskal idazle konsagratu batzuek zalantzan euskal kulturako ekimen handiak? Bernardo Atxagak Durangoko Azoka, Pako Aristik Korrika... Iñaki Uriak 'Egunkaria Eguna' zela-eta idatzi zuena: "Arnasa emango diguzue").

(eta abar)




2.  Ander - 2008-06-03 | 18:58
Eitb24.com defektuz euskaraz jartzea. Miloi bat aldiz esan diegu, beraien foroetan jarri dugu, Andoni Aizpurun saioan esan izan du Iban Garatek eta hala ere, hala ere...berdin. Teknikariek esan zidaten behin euskaraz jarri ezkero cookietan gordetzen dela. A ze tranpatxoa teknikariena. Eta cookieak ezabatzen badituk edo ziberkafe, liburutegi, ordenagailu publiko edo lagun baten ordenagailutik sartzen banaiz? Orduan zer? Tranparik ez! Ez gara tontolapikoak! Defektuz euskaraz.

 

 

Erantzuteko izena eman behar duzu



»» Pasahitza ahaztu zait
»» Lehenengo aldia da eta alta eman nahi dut

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak