Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 6,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Albisteak »  Jon Alberdi eta Karmen Uzkudun: "Kezka sortu bada, igoal geuk ere ez dugulako ondo azaldu izan da"

 ALBISTEAK

 HARPIDETU

Eman zure e-posta, uztarria.com-eko albisteen sarrerako testua jaso nahi baduzu



Informazio gehiago

 ORRI HAU...

 

Jon Alberdi eta Karmen Uzkudun: "Kezka sortu bada, igoal geuk ere ez dugulako ondo azaldu izan da"

GIZARTEA | Urola Kostako Hitza |  2008/04/23  13:14

Elkarrizketa bidez coaching-az eta ikastaroez herrian sortu den jakin-mina "argitu eta baretu" nahi dute

Hitz egiteko prest daude, "ezkutatzeko ezer ez" dutelako

Jon Alberdi eta Karmen Uzkudun.


Coaching-ean dabiltza Jon Alberdi (Azpeitia, 1970) eta Karmen Uzkudun (Errezil, 1960). Alberdi, Bartzelonako ICD (Instituto de Coaching y Desarrollo) enpresako ikastaroak Euskal Herrian antolatzeaz arduratzen da. Uzkudunek, berriz, ikastaroa egin eta orain laguntzaile bezala parte hartzen du, "borondatez". Herrian gaiaren inguruan sortu den jakin-mina "argitu eta baretu" nahi dute, "ez delako sekta bat eta ezer ezkutatzeko ez dagoelako". Gainera, norbaitek kezkaren bat balu, hitz egiteko prest daudela diote. Coachingak hiru ikastaro (edo maila) ditu, eta nahi duenak batean edo bestean parte har dezake.

Coaching. Zer da hori?

Jon Alberdi: Coaching-ak, azken batean, helburu errealak bideratzen edota martxan jartzen laguntzen du. Gure ikastaroak nahasketa bat dira, psikologiarena eta coaching-arena. Bizitzan egiteko dituzun kontuak lortzen laguntzera bideratuta daude saioak. Aurrena, norberak barrura begira hausnartu behar du; horretarako psikologiatik ateratako ariketak egiten dira. Baina baten testuinguru osoa ere kontuan hartu behar da, eta pauta batzuk jarraitzen dira. Izan ere, orain arte bizitzan egindako ekintzekin helburuak ez badira bete, jakin egin behar da zer aldatu behar den helburu horiek lortzen joateko.

Ariketak nolakoak dira?

Alberdi: Ariketak norberaren bizipenetan oinarritutakoak dira. Batzuetan ariketa tontoak ematen dute, baina hainbat kontutaz jabetzeko gaitasuna ematen dute. Adibidez, galdetzen bada "gogoratzen al zara ikastolan ikasitakoaz?", gehienek ezetz erantzungo dute, laurdenarekin ere ez direla gogoratzen. Baina gogoratzen al zara emandako lehen musuaz?

Karmen Uzkudun: Beldurtzen zaizun egoera bat bizi ondoren, hori hor gelditzen da barrenean grabatuta, baita edertasuna bizi izan baduzu ere.

Nolakoak dira ikastaroak?

Alberdi: Hiru ikastaro dira. Aurrenekoa hiru egunekoa da; egunero bederatzi-hamar ordu sartzen ditugu, eta 375 euro kostatzen da. Azalpen teoriko batzuk ematen dira eta bizipenetan oinarritutako ariketak egiten dira. Bigarrengoa 550 euro kostatzen da, eta lau egunetakoa da. Hemen ariketa sakonagoak egiten dira, norbanakoan oinarrituta eta norberak barrura begiratuz: albo batera utzi ditugun gauzak, zein garen... Hirugarrena hiru hilabeteko entrenamendu bat da: areto batean, lagun talde batekin eta denak gauza berdinak bizitzen egonda, bada ondo eta euforiko sentitzen da bat. Baina dinamika hori guztia zailagoa da bakoitzak bere bizitzan ezartzea; azken finean, helburu batzuk jartzen dira, eta horiek betetzera joaten gara. Hiru hilabeteoetan helburuak betetzera bazoaz, barruan zerbait geldituko zaizu. Nik txirrindularia izan nahi badut, egunero ordu batzuk sartu behar ditut; honetan ere bai. Ikastaroan azaleratu duzun potentzial guztia praktikan jartzen da hiru hilabete horietan. Ikastaro hori 720 euro kostatzen da, baina hiru asteburutako saioak ordaintzen dira horrekin.

Uzkudun: Gauza bat lortu nahi denean bizitzan, barruan beldur bat sortzen zaigu, eta askotan lehenengo sentipen horretan gelditzen gara. Baina zerbait desberdina egin nahi badugu, bizikletan ikastea esaterako, guk gure aldetik jarri behar dugu. Lehen egunean igoal erori egingo zara, eta bigarrengoan ere bai, baina behin ziurtasuna hartuta bizikletan ibiltzen ikasiko duzu. Batik bat, atzera botatzen gaituena nik ezin dut hori da; baina gaitasuna barrutik hazten joaten da, eta gai zarela sentitzen hasten zara. Helburua jarri eta ekintza desberdinak egindaz, hori lortzen ari zara. Baina erosotasun horretatik irtetea asko kostatzen da.

Batzuk kezkatuta daude, ingurukoak ikastaroetan dabiltzalako. Kezkatzeko arrazoirik badago?

Alberdi: Kezka hori sortu bada, igoal gaizki ulertu delako da, edota gu ere ez garelako ondo azaldu. Hori guk onartzen dugu. Ikastaroetako ariketak azaltzen hasiz gero, agian ikastaroetan parte hartu nahi duten beste batzuk mugatu egiten ditut. Alegia, nik ariketak era batera biziko ditut, eta hori entzunda beste bat ikastarora badoa, bestea nire esperientziara mugatuta doa; uste izango du niri gertatutakoa berari pasatuko zaiola. Aurreiritzi batekin joango da. Baina, azken batean, pertsona bakoitza memento desberdin batean dago. Esaterako, liburu bat hamar laguni eman eta bakoitzak ondorio desberdinak aterako ditu liburu bakarretik. Egia da, eta orain konturatzen gara, pasatu dena pasatu ondoren, igoal ez dela egokia izan kontua horrela azaltzea. Jendeak sekretismo bezala hartu du eta guk intimitatea gorde nahi genuen. Agian horixe da kezka sortu duena.

Ikastaroko gauzak ez kontatzeko kontratu bat sinatu behar dela diote. Hori horrela al da?

Uzkudun: Zerorri gertatzen zaizuna esatea badaukazu, baina han besteei gertatzen zaiena konfidentziala da, eta ikastaroetan hori sinatzen da. Bakoitza berari dagokiona esateko libre da, baina ez besteena kontatzeko; sentimenduak direlako, norberaren bizipenak. Hori besteekiko errespetuagatik egiten da; han elkartzen garenok geure barrua lasaitasunean askatzeko. Kontratuarena horrela da, baina kalean esandako beste kontu asko ez dira benetakoak, eta zurrumurruetan gauza piloa sartu dute ikastaro honen baitan: beste terapia batzuetako ariketak, eta diru kontuak ematen dituztenak, zelula kasu, honekin lotu dituzte. Horiek ez daukate zerikusirik ikastaro hauekin.

Alberdi: Baita ere esan da ikastaro hauetara doanak beste hainbat pertsona sartu behar dituela. Hori ez da horrela. Beste ariketa batzuetaz ere hitz egin da, eta horiek beste terapia batzuei dagozkienak dira.

Zuek Bartzelonan ezagutu zenituzten ikastaro hauek, ez da hala?

Alberdi: Bai, horrela da. Bartzelonan ikastaro hauek ematen zituzten, eta guk hango lagun baten bidez jakin genuen; geuk han egin genituen. Ikastaroetan genbiltzala, Esteban Pinottiz eta Coaching-az Interneten hainbat orrialde agertu ziren. Gu espreski harekin hitz egitera joan ginen Bartzelonaraino, eta zer gertatzen ari zen galdetu genion. Ezer ezkutatzeko ez zuela azaldu zigun, eta guretzako gauzak nahiko argi gelditu ziren. Interneten ariketen inguruan esaten dena mespretxuz dago jarrita; nik ariketa horiek egin ditut, eta ez ditut modu horretan bizi izan.

Orduan, Interneten Esteban Pinottitaz esaten dutena gezurra dela diozue. Dena dela, berak ematen al ditu ikastaroak?

Alberdi: Bai, Esteban Pinottik ematen ditu ikastaroak. Bartzelonan dago ICD (Instituto de Coaching y Desarrollo) eta presidentea Eduard Guardino da. Pinotti Bartzelonara Corralito-agatik eta Argentinako egoera politikoagatik etorri zen, eta orduan hasi zen ICDn ikastaroak ematen. Inteneten azaldutakoak ez dira Estebani leporatzen dizkiotenak, gehiago sartzen dira antzeko tailerrak egiten dituen Argentina Works enpresarekin. Gainera, horrelako beste hiru enpresa gehiago daude han. Pinottik bere gain hainbeste akusazioak baldin badauzka, nolatan utzi zioten Argentinatik irteten?

Uzkudun: Pinottik esan digu Argentinatik lasai-lasai irten zuela. Guk galdetu genion zerbait ba al daukan, eta garbi dagoela esan zigun.

Zuek Bartzelonan egin eta gero Euskal Herrira ekarri zenuten ikastaroa...

Alberdi: Bai, guk ICDkoei galdetu genien ea Euskal Herrira ekartzeko modurik bazegoen. Haiek prest zeuden eta aurrena ikastaro bat antolatu genuen Donostian. Lehenengo tailerra egin genuen eta jendea oso gustura irten zen; harrera ona izan zuen. Ikastaroak antolatzeko lan asko egin behar da, eta nik Euskal Herrian ikastaroak antolatzeko ardura hartu nuen. Gero, ikastaroak aurrera eramaten beste hainbat pertsonek laguntzen dute, borondatez: talde handiak osatzen direnetan hainbat ariketa egiteko jendea behar delako laguntzeko. Diru truke bateren bat ari bada lanean, hori ni naiz, eta ez beste inor. Ikastaroak antolatzeak asteko egun denak eskatzen dizkidalako, azken batean, lan batek bezala.

Uzkudun: Nik laguntzaile bezala parte hartzen dut ikastaroetan. Ez dugu kobratzen, baina asko ikasten dugu guk ere.

Alberdi: Borondatez jardutea ezin bada ulertu, Euskal Herrian bertan horrelako beste adibide batzuk badaude. DYA Azpeitian badago, eta neu han jardundakoa naiz; jendeak ez du kobratzen han ibiltzeagatik. Rallyetan dabilen jendea; zenbat dago lan piloa egiten duena eta ez duena kobratzen... Edota Kilometroetan. Sinesgaitza al da jende batek dirurik ez dagoen tokian laguntzeko borondatea izatea?

Uzkudun: Zeu gustura sentitzen zarelako egiten duzu.

Azpeitiar asko dabil ikastaro horietan. Herrian nolatan zabaldu da horrenbeste?

Alberdi: Azpeitiarrak izan gara antolatu dugunak eta, beraz, aurreneko ikastaroan gehienak azpeitiarrak ginen. Zergatik? Gure inguruko jendea zelako. Ahoz aho zabaltzen joan den kontua da, bestelako publizitaterik egin gabe. Baina kanpotik etorritakoek ere parte hartu dute: Oñati, Bergara, Oiartzun, Burgos (Espainia)...

Uzkudun: Jendea ikastaroa eginda gustura eta ondo sentitu da, eta ingurukoek ere etorri nahi izan dute. Batik bat, ahoz aho zabaldu da; familia osoak ere egin dute. Azken batean, denok nahi dugu egunetik egunera zoriontsuago edota askeago izatea. Datu bat: Euskal Herrian 113 pertsonak egin dugu eta lagun bakarra ere ez da damutu.

 

 

1.  Bego - 2008-04-23 | 14:47
Gaurko Noticias de Gipuzkoan tema honi buruz bi orri datozte. Batetik Largantza elkartearen salaketa, hauek <coaching> honi sekta deitzen diote.
http://www.noticiasdegipuzkoa.com/ediciones/2008/04/23/sociedad/gipuzkoa/secta.php
Eta bestetik, Eduard Guardino, Instituto de Coaching y Desarrollo izenekuen presidentien adierazpenak.
http://www.noticiasdegipuzkoa.com/ediciones/2008/04/23/sociedad/gipuzkoa/d23gip6.1005489.php


2.  Bego - 2008-04-23 | 14:54
Barkatu, gaizki idatzi det. Largantzak, sekta ez, <montaje fraudulento> bat dela salatzen du.

3.  MAITE - 2008-04-23 | 16:34
Mila esker argitzen saiatzeagatik.
Baina zalantza batzuk dauzkat oraindik:
- Jon, zeure bizipena kontatzeko libre zaudenez, azalduko al zeniguke argi eta garbi zer egin behar izan duzun lehenengo egunetik hasita? Ariketak, emozioak, ondorenak...
- 113 Euskaldunek egin dutela kurtso hau diozue. Eta hain ona bada, zergaitik gutxienez 1000 pertsona dago aurka edo bildurrez? Nik uste dut konbentzitu egin behar duzuela jendea.
- Arazo psikologikoak dituenak ez du jakiten noiz bukatuko duen psikologoarekin hasten duen terapia.
Zuek 3 maila eta 3 sesio aipatzen dituzue. Zer gertatzen da hauen ondoren ez banaiz ondo jartzen? Nora jo beharko nuke?
- Nork eta zergaitik asmatu ditu Pinotti-ren kontuak? Eta interneteko orrietako kontu negatiboak? Denak faltsuak al dira?

Gaur gabean Kalaka saioan zerbait argituko duzuela espero dut.
Herrian kezka nabaria da eta zeuek ere ez zaretela harrituko espero dut. Pentsatuko zenuten, ez?


4.  sorgintxoa - 2008-04-23 | 16:57
Uzkudunek dioen besala egunetik egunera zoriontzuago edota askeagoa bizitzea nai dugu..................
ez al gea ba zoriontxu eta askeak?kurtso horietara joan behar al degu hori ikastea? ni beti izan naiz zoriontxu baitte ere triste,lagun baten edo senidearteko baten eriotzak,maite dugun horrek utzi egin gaituelako,lanean arazoak euki ditugulako.....tristetasun fasea da hori ere,eta bizitzan dago. Ta askotan falloen ondoren ikasi deu ez egiten berriro.La vida no es un cuento de hadas siempre.
Uzkudun EZIN DUT esan dezu:ados,afrikan goZes dagoen bati entxuten badiozu,ezin dut jan dirurik ez daukadalko,zer esango zenioke?balezakela jan.......
Beti zoriontasun horren bila,gure barnean sortu behar deu hori,eta jota zaudenien psicologo batena jun edo ta lagun on bati laguntze eskau.
Horrela esan da pentzatzet ez zeatela zuen buruekin gustoa bizi eo ta zuen bizitsan pixket bakarrik egon zeatela eo arazo larriren bat pazau dezuetela,beti zeozerren bila zabiltzatela.Bizi hontan badago mila gauza zoriontxu egingo gaittuena eta ikusteko eta ez kurtso hoietan sartute egoteko.
Zulokotez bizi zeratela ematen dezue..................behar duzuten maitetasunik gabe? hori txikitatik ez delako konpondu izaten da.ez etxean bakarrik,lagunen artean eta abar.
neri behitzat ez didazue ezer aklarau,berdin berdin segitzet.Noski bat antolatzailie eta bestie voluntaria,proganda ona egin behar dezue.........hori ere ulertzet.
barkau euskerie,erdi euskaldun berrie naiz.
COMO DECIA MI ABUELA,EN ESTE MUNDO DESAPARECERAN LAS DESGRACIAS CUANDO NO EXISTAN LAS ARMAS,CUANDO LA INVIDIA Y SER MAS QUE NADIE LA SUPERIORIDAD EN FIN DEJEN DE EXISTIR Y CUANDO SEAMOS TODOS IGUALES.


5.  haizeaburuan - 2008-04-23 | 17:08
Aupa Sorgintxoa. Barkamena ez zenuke euskaragatik eskatu behar, erdaragatik baizik. Ahalegindu behintzat euskaraz esaten erdaraz idatzi duzuna.
"Beti zoriontasun horren bila,gure barnean sortu behar deu hori,eta jota zaudenien psicologo batena jun edo ta lagun on bati laguntze eskau" esaten duzu. Ba hori zure aukera da, baina beste batzuek beste aukera batzuk egiten dituzte, eta zilegi dela iruditzen zait hori ere.


6.  Ander - 2008-04-23 | 18:42
Argi dago zuek ez zaretela enpresa gizonak prestatzeko garapen pertsonaleko monitoreak. Beraz, zuen Coaching-a, "txar" bezala har genezake. Beharrik ez duen gazte asko ardiak bezala, bat bestearen atzetik joan dira. Garai batean Martins botak izan ziren bezala. Uste dut Azpeitian ez dela egongo Martins botak jantzi ez dituenik, bere garaian. Sekulako kaja egiten ari zarete, zuek agian ez, borondatez omen zaudetelako. Sinetsi egin behar, zaila bait da sinestea gaur egun gauzak musutruk egitea, jakinda laguntzen ari zaren "monitorea" urrezkoa egiten ari dela. Kontuak aterata sesioko 20.000€ ateratzen ditu delako Pinottik. 10 sesio egiten baditu 200.000€.Zenbat egin ote ditu bizitza osoan zehar! Hori aberasteko era hori. Horrek egingo dizkik parreak etxera heltzen denean, argentinarra izan behar! Lotsagabe galanta. Eta hemengo jendeak ematen du garunik ez duela pentsatzeko.


7.  uztarria - 2008-04-23 | 19:08
Albiste honen erantzunetan mezu bat edo mezuaren parte bat ezabatu bagudu, iraingarriak zirelako izan da. Mesedez, arauak errespetatu!

8.  emai - 2008-04-23 | 19:19
Argi dao hemen suei egur gehio botatzeko gogue daola.

Zeatik ezteu errespetatzen bakoitzek bere buruekin in nai duna?
Zein da iñor esateko bestiek ze inberdeben?nola billauberdun zoriontasune..bakoitzeik ikusikouba askiek gean eo ez, ezta?eo hori danok garbi dakeu?Ze ni ikusten ai naiz ezgeala...

Nik lanien mejora bat naetenien jute naizba ikastaron batea?horrek eztu nai esan lanien geixki nabilleniken, baiño bai mejoraleikela!!!hemen zeatik ezin det eiñ mejora pertsonaleako kurso bat?







9.  naikuedeu - 2008-04-24 | 10:53
aiiii eon eon, earki jokoizue ta adarra argentinuek...

10.  Ander - 2008-04-24 | 13:03
Nik atzo Kalakan bi mutil on ikusi nituen. Gizarte honetarako onegiak. Egia da lotsagarria dela telebistara joan beharra zertan gastatu duzun dirua esatera. Hala ere, ez ninduen konbentzitu. Niretzako kalera ogia erostera gona motzetan joatea ez baita lotsa galdu arazteko proba bat, neretzako horrelakoak karnabaletan bakarrik egin behar dira. Gauzak bakoitzak bere denbora eta lekua du eta horrelakoak egiten astea beste edozein egunetan ez zait ongi iruditzen. Zergatik ez naiz oraintxe bertan aterako kalera kantzontzilotan eta kantatzen hasi etxe aurrean?Bai, egin nezake, baino kukurutxoa eta astotxoa hartu eta Arrasatera joateko moduan egongo nintzateke. Uste diat lotsa galtze horrek ere, bere limiteak izan behar dituela, buruz arinegiak ez baldin bagara behintzat. Nola nahi duzue jendeak proba horiek normaltzat hartzea?

11.  itukin - 2008-04-24 | 13:40
lotsagarria telebista jutie, esateko zertan gastau dun dirue?

barkau, baño hortakore txoriye bezain libre da, ta beak erabaki baldin badu, hor konpon. hainbesteko mesedie in baio "kursilluek"-e, baitare hor konpon. Gauza raro bat bestien gañin... nola ezgea ba moskeauko?

ta ander!!! gauzatxo bat: nik eztitut iñoiz martins batzuk euki!

12.  Ander - 2008-04-24 | 14:14
jajaja. Itukin, ba nere garaian inortxo ere ez zegoen Martinsik ez zeukanik! Gaur egun ordea asko aldatu da moda! Alajaina! Garai batean jendea ez zen gaur bezala apaintzen kalera irteteko. Look-a asko aldatu da. Bi mutil horiek presioa ezin jasanda joan ziren eta aurpegia eman duten bakarrak izan dira. Ni ez nago inondik inora ados coachingarekin, are gutxiago Pinottirekin. Atzo gutxi hitz egin zuen baino hitz egin zuenagatik ezer garbirik ez. Hotela, hegazkina eta lokala alokatzea 20.000€? Merkeago neuk aurkituko nioke, dedio!

 

 

Erantzuteko izena eman behar duzu



»» Pasahitza ahaztu zait
»» Lehenengo aldia da eta alta eman nahi dut

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak