Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2009ko urtarrilek 9,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Albisteak »  EAE-ANVk 'Guk Euskal Nazioa Independentzia!' manifestua aurkeztu du

 ALBISTEAK

 HARPIDETU

Eman zure e-posta, uztarria.com-eko albisteen sarrerako testua jaso nahi baduzu



Informazio gehiago

 ORRI HAU...

 

EAE-ANVk 'Guk Euskal Nazioa Independentzia!' manifestua aurkeztu du

POLITIKA | uztarria.com |  2007/11/13  11:38

Ezker Abertzaleak egindako bake proposamena berretsi dute; bide horrek marko demokratiko berri bat ahalbidetuko duela iritzita

Mobilizazioak deitu dituzte azaroaren 23 eta 24rako

Atzo, astelehena, aurkeztu zuten 'Guk Euskal Nazioa. Independentzia!' manifestua Aitonenan.


Guk Euskal Nazioa. Independentzia! lemapean EAE-ANVk Euskal Herri osorako egin duen manifestua aurkeztu zuten atzo (azaroak 12, astelehena) alderdi horrek Azpeitian dituen ordezkariek Aitonena Ien.

EAE-ANVren arabera, "PSE-EE eta EAJ alderdiek gatazka politikoa gainditzeko prozesuari ezezkoa eman eta gerra estrategikoaren bideari heldu ondoren, zurrunbilo egoera batean murgildu da Euskal Herria". Egoera horretatik atera asmoz, Ezker Abertzaleak egindako bake proposamena berretsi zuten. "Euskal jendartearen gehiengoak nahi bezala, Euskal Herriaren hitza eta erabakia errespetatzea gakoa izango da eta bide horretatik marko demokratiko baterako jauzia emango dugu". Haien iritziz, "marko horrek proiektu politiko guztiak berdintasunean defendatzeko bidea irekiko luke", eta horrek "indarkeria gabeko eskenatokia" ekarriko luke berekin.

EAE-ANVko ordezkariek uste dute "Euskal Herriak bizirik jarraitzeko aukera bakarra independentea izatea" dela. Ildo horretan, Ezker Abertzaleak independentziaren aukera "tinkotasunez" defendatzen jarraituko duela gaineratu zuten.

Horren harira, Guk Euskal Nazioa. Independentzia! lemapean mobilizazioak deitu ditu EAE-ANVk. Azaroaren 23an ikastetxe eta lantokietan ekimenak egingo dira. Azaroaren 24rako, berriz, manifestazioa antolatu dute 19:00etan Azpeitiko plazatik abiatuta.

Datozen asteotan hasiko dira manifestuaren inguruko atxikimenduak biltzen.

 

 

1.  Ander - 2007-11-13 | 12:20
Gora Nafarroako errepublika!

2.  ander - 2007-11-14 | 00:39
Nafarroa ez da behin ere errepublika izan...

3.  Ander - 2007-11-14 | 09:43
Ez gara Nafarroa berdinetaz hitz egiten ari. Euskaldun denok gara nabarroarrak, nafarroa bait da beste euskal lurren ama, nolabait esatearren. Zazpi euskal lurraldeez osaturiko estatuak Nafarroa edo Euskal Herria deitu beharko luke. Eta bai, badakit oraindik ez garela elkartu, baina estatu guztiek izan dute bere historian sorkuntza bat. Orain dela 400 urte baino gutxiago sortutako estatu inperialista gehienak, Espainia lehena, armaz, bortxaz,hilketen,lapurreten eta diruaren bidez jauntxoak erosten zituzten horiek, HERRIARI HITZA EMAN BEHARKO DIOTE.

4.  ander - 2007-11-14 | 23:59
Egia esan ander nafarroa galdua dago. Uste dut batzuetan kimeratan amesten dugula. Bidezkoa izan daiteke hori gainera, baina horrek badu arrisku bat, errealitatetik kanpo bizitzea, benetan garrantzitsuak diren gauzetaz ahaztea. Herriari hitza ematea? Ados nago, baina niretzat garrantzitsuagoa da hotz honekin azkoitiko zubi azpian bizi den gazte errumaniarra, beste edozer gauza baino...

5.  Ander - 2007-11-15 | 11:03
Nafarroa ez dago galdua. Aurten Nafarroan gertatu denak ez dauka hitzik. Nafarroa bai-ko ordezkariren bat izan zitekeen Iruņeako alkate eta Madrildik etorri den agindua zer izan da? Eskuin muturrarak gobernatu behar du. PSOE alderdia da dena galdua duena. Norantza eta txarragoa dena, kontzientzia sozialista. Espainiako historian eskuin muturraren lorpenik handiena alderdi sozialista domestikatzearena izan da. Ikusi besterik ez daukazu, Kristina Almeida bat (BIZI GUZTIKO KOMUNISTA), Monarkia goraipatzen Pasalo programan!! Eta lotsaren lotsaz "Pasalo" programako Iņaki Lopez aurkezleak: "Pero tu no eras de izquierdas?" Eta gajoak, zer erantzun ez zekiela geratu zen atzo, ahopean ezer garbirik esaten etzuela. Nora goaz bere ideiak garbi ez dituzten jendearekin? PSOEk argi al dauzka bere ideiak? Ezkerrekoak edo eskuindarrak dira? Nik ez dakit.

6.  jaione - 2007-11-15 | 12:21
anderrentzat. Ez dakit Berria erosteko edo irakurtzeko ohiturarik daukazun. Gaurkoa eskuartean hartzea gomendatzen dizut, 2. eta 3. orrialdeak bereziki. Amnesty International, zure gustoko elkartearen ikerketa eta salaketaren berri ematen du. Ez, beti beste aldeko indarkeria aipatzen duzunez. Ez du ezer berririk kontatzen. DENOK ezagutzen ditugun egiak badira ere, ondo dago hain elkarte errespetagarriaren ikerketak eta salaketak ezagutzea. Egia ebidente honen aurrean, nahiz eta beste gauza askotan oso alderantziz pentsatu, denok egon beharko genuke ados, ezta? Ez hitz epelekin bakarrik, esan nahi dut

7.  ander - 2007-11-15 | 18:24
Beno, lehenik Anderri. Ez duzu pentsatuko Ander gaur egun ezkertiar edo eskuindar izatea inori inporta zaionik ezta? Beste modu batera, hain da txikia eskuin edota ezkertiar pentsamoldearen artean dagoen muga, ia nabaritu ere ez dela egiten. Gaur egungo gure politikariek gose egarri galanta dute, besterik ez; eta gainera dirutan barra-barra murgiltzeko aukera badute hobe oraindik. Herriak nahi duena, askotan hor konpon. Politikari ASKOK dituzte hamaika interes pertsonal ezkutu eta hain ezkutuan ez daudenak. Horietako adibiderik garbiena gure herrian gertatu dena...
Bestetik jaione, uste dut nire iritzietan BETI argi eta garbi utzi dudala guztiz gaitzesten ditudala gizaki ororen duintasunari eraso egiten dieten hainbat eta hainbat egoera lazgarri, horien artean tortura. Norbaitek, polizia, ertzaina edota edozein gizon-emakume izan, norbait torturatzea guztiz iguingarria, lotsagarria eta salagarria dela iruditzen zait. Argiago ezin dut esan...
Hala ere, uste dut denak ez direla berdinak eta denak ez daudela maila berdinean. Ertzainak bere historioaren hasieratik kontu handiz saiatu izan da giza eskubideak defendatzen eta errespetatzen. Horren adibide dira polizi-etxeetako bideo sistemak eta atxiloketa aldian kalitate kontrolerako neurriak hartzea.

 

 

Erantzuteko izena eman behar duzu



»» Pasahitza ahaztu zait
»» Lehenengo aldia da eta alta eman nahi dut

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak