Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2010ko irailek 3,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Albisteak »  Udalaren euskara normalizatzeko ordenantza baliogabetu egin dute epaileek

 ALBISTEAK

 HARPIDETU

Eman zure e-posta, uztarria.com-eko albisteen sarrerako testua jaso nahi baduzu



Informazio gehiago

 ORRI HAU...

 

Udalaren euskara normalizatzeko ordenantza baliogabetu egin dute epaileek

EUSKARA | uztarria.com |  2007/03/19  09:38

Ordenantzak "euskara inposatu eta gaztelera baztertzen" duela uste du EAEko Auzitegi Nagusiak

Udalak helegitea aurkezteko asmoa azaldu du; EAJ, EA, PP eta PSE-EEk ordenantzaren alde bozkatu zuten

Euskal Autonomi Erkidegoko (EAE) Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin du Azpeitiko Udalaren ordenantza bat, "euskara inposatu eta gaztelera baztertzen" duela uste duelako. Estatu Abokatuak, Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren eskariz jarri zuen errekurtsoa eta epaiak arrazoia eman dio. Sententziaren arabera, ordenantzak "euskararen erabilera esklusiboa inposatzen" du eta "gaztelera erabiltzea libreki ezin da aukeratu".

2005eko abenduaren 1ean onartu zuten udalbatzarrean Azpeitiko udaletxean eta udalerrian Euskararen Erabileraren Sustapena eta Normalizazioa Bermatzea helburu duen udal-ordenantza, EAJ, EA, PP eta PSE-EEko aldeko botoekin; Habeak ez zuen bozkatu, udal aretoa utzi zuelako aurretik.

Ordenantzak Osasunean, Justizian eta Poliziarekin, eta leku, kale eta plaza izenak euskaraz izatea ezartzen du. Udakeko langileei, herritarrei zuzentzean, euskaraz egiteko agintzen die.

Horren aurrean, sententziak dio eskumena Euskal Autonomia Erkidegoak duela eta ez Azpeitiko Udalak. Horrez gain, arauak Espainiako Konstituzioan jasotzen diren aginduak eta hainbat lege urratzen dituela.

"Euskara da herriko hizkuntza"

Azpeitian biztanleen %90ek euskara erabiltzen dutela-eta ordenantzak dio euskara dela "herriko hizkuntza". Horren harira, epaiak zera galdetzen du: "Zer gertatzen da gainerako bizilagunekin, gazteleraz mintzatu nahi duten horiekin, edota Espainiako beste zonalde batzuetatik bertaratzen direnekin?". Harantzago doa epaia: "Biztanlego guztia euskaraz mintzatuko balitz ere, horrek ez lioke Udalari gai hori arautzeko ahalmenik emango".

Udalak dio ordenantzak ez dituela eskubideak urratzen, eta EAEko Auzitegi Nagusiaren sententziaren aurka helegitea aurkezteko asmoa azaldu du.

Informazio gehiago Gara , Urola Kostako Hitza eta Berria egunkarietan edota ikusi ordenantza osoa erabili.com-en

 

 

1.  uztarria - 2007-03-19 | 17:15
Idatzi honen bitartez, Uztarria Kultur Koordinakundeak Azpeitiko Udaleko Euskararen Udal Ordenantzak atzera botaz EAEko Auzitegi Nagusiak hartu duen erabakia kritikatu nahi du, ozen. Euskararen aurkako beste eraso baten aurrean gaude.

Azpeitiko Udalak ordenantza txukunak onartu zituen, gure ustez; euskararen normalizaziorako pauso bat suposa dezaketen udal ordenantzak. Bagenekien gauza bat ordenantzak onartzea dela eta beste gauza bat horiek betearazteko neurri bideragarriak martxan jartzea. Baina badirudi auzitegiek ez dutela hori egiaztatzeko aukerarik utzi nahi (helegiteek zer bide ematen duten ikusi beharko da).

Eta berriro ikus dezakegu euskara eta gaztelania ez daudela maila berean, ezta Euskal Autonomi Erkidegoan bertan ere. Bai, euskara eta gaztelania, biak omen dira ofizialak. Baina ez daude maila berean. Zer gertatuko litzateke Udalak herritarrei gazteleraz erantzun behar diela dioen udal ordenantza bat balego? Epaitegiek ez luketela ezer esango. Ofizialtasun maila ezberdinak daude. Eta legeak gaztelania babesten du, ez euskara.

Bidegabekeri honen aurrean tinko jartzea ezinbestekoa dela iruditzen zaigu, beharrezko diren lege errekurtsoak jartzeaz gain, Azpeitiak merezi dituen euskararen normalizaziorako pausoak eta konpromisoak hartuz. Euskararen normalizazioan, aurrera egiteko garaia delako, aurrera ez egitea atzera egitea baita, azpeitiar euskaltzaleok geure tokian tinko mantendu eta bide horretan geure lan umila baina sendoa eskaini beharra daukagu.

Uztarria Kultur Koordinakundea

 

 

Erantzuteko izena eman behar duzu



»» Pasahitza ahaztu zait
»» Lehenengo aldia da eta alta eman nahi dut

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak