|
|
|
Uztarriaren bosgarren Kulturaldia, hastear
KULTURA | Uztarria |
2006/10/11
18:29
Igandean, urriaren 15ean, hasiko da 2006ko Kulturaldia Gaztetxean izango den film laburren emanaldiarekin
.2002an antolatu zuen lehen aldiz Uztarria Kultur Koordinakundeak Kulturaldia eta aurten ere antolatuko du, herriko hainbat talderekin elkarlanean. Bosgarren aldia izango da. Hasiera hartan hausnarketa hauxe egiten genuen: "Herriko egoera ez da egokiena, eta horretaz hausnartu egin behar dugu denok ere". Orain ere horixe esaten dugu.
Urte hauetan gauzak egin dira. Kultur Etxea irekitzea eskatu genuen 2002an eta Udalak Soreasun kultur gunea egingo duela azaldu du; baina Soreasu egiteko oraindik denbora asko pasatuko da. Gainera, ikusi egin beharko da herriak eta taldeek behar dituzten azpiegitura guztiei erantzuten dien. Kultur Mahaia ere martxan hasi da eta denborak esango du zer fruitu ematen duen; denboraz gain, ezinbestekoa izango da kultur taldeen eta Udalaren elkarlana.
Egoera horretan antolatu dugu -berria ez den egoeran- bosgarren Kulturaldia.
Hain zuzen, urriaren 15ean hasiko da eta aurten ere hainbat arlo jorratuko dira: musika, antzerkia, poesia, bertsoak, zinema... Formato txikiko ekitaldiak dira eta horiek antolatzeko Azpeitian azpiegituretan dagoen gabezia, nabarmena da. Uztarriak bere garaian horregatik egin zuen Soreasun Kafe Antzokia egiteko proposamena, formato txikiko ekitaldiak antolatzeko gune aproposa delako. Uste dugu bide horretan eman behar ditugula pausoak denok, egoera hobetzeko.
Bosgarren Kulturaldiko egitaraua:
- Urriak 15 (igandea), 19:30ean. Film laburren emanaldia: Midori, Sarean, Urbaltzaga, Ecosistema eta 40 ezetz film laburrak eskainiko dira. Gaztetxean.
- Urriak 20 (ostirala), 22:30ean. Ima eta Joni Ubedaren emanaldi akustikoa. Orkatz Kultur Elkartean.
- Urriak 22 (igandea), 19:30ean.
Eman bira poesi antzeztua. Lan horretan ariko dira Alaitz Olaizola, Gurutze Eizmendi, Igor Aranbarri eta Kepa Urbieta. Enparan Dorretxe atzean.
- Urriak 27 (ostirala), 22:30ean.
Txirrita saioa. Unai Agirre, Jexux Mari Irazu eta Joxan Goikoetxeak bertso antologia eskainiko dute. Gaztetxean.
- Urriak 29 (igandea). AEK-k antolatutako Losintxa Lehiaketaren sari banaketa izango da. Lehiaketa martxan egongo da Kulturaldi osoan. Honako tabernatan kutxak egongo dira losintxak jasotzeko: Etxe Zuri, Korrale, Orkatz, Zuhatz, Txarrantxa, Lokotx. Irabazleak sari hau jasoko du: bi lagunentzat Perla-n (Donostia) zirkuitoa eta Argi�ano jatetxean (Zarautz) afaria. Saria Triku Festan banatuko da, Nuke eta Delorean taldeen kontzertuen tartean.
|
1. JR - 2006-10-16 | 10:00
Kulturaldi honek tonu erreibindikatiboa izan behar du, halabeharrez. Izan ere, Uztarriako taldeek egin zuten proposamenari (Kafe Antzokia Soreasun) Udalak eman zion erantzuna lotsagarria izan zen. Eta txarrena ez da erantzuna egokia zen edo ez, txarrena da Udalak, nere ustez, erabakia duela zer nahi duen, eta taldeekin montatu duen mahaia despiste maniobra bat dela. Simil bat egitearren: alderdien mahai famatua zergatik dago osatu gabe oraindik? Oinarriak adostu gabe daudelako, eta oinarriak adostu gabe horrelako mahaia martxan jartzeak ez duelako zentzurik. Azpeitian kulturaren mahaia martxan jarri da, baina oinarriak ez dira adostu taldeekin: mahaia zertarako izango den, zer helburu izango dituen, funtzionamendua, erabakiak nola hartuko diren.... Eta horrelako mahai bat horrela martxan jartzeak ez dauka zentzurik, nire ustez.
2. uztarria - 2006-10-16 | 14:12
Kaixo, JR.
Arrazoi duzu Soreasun Kafe Antzokia ezin izan dela lortu eta Udalaren formak ez zirela egokiak izan. Uste dugu arlo horretan ere pausoak eman behar ditugula eta Uztarria, herrian kultur azpiegitura onak lortzeko lanean ari da, alderdiekin hizketan hasi delako.
Hala, hauxe esaten genuen Uztarriako bazkideen iraileko berripaperean:
"Komunikazioa, Euskara eta Kultura arloetan etorkizuna oinarri sendoetan eraikitzeko asmoz, Uztarria Kultur Koordinakundea EAJ, Batasuna eta EA alderdi politikoekin hizketan hasi da, (...) eta eskatu genien ea prest al dauden hiru arloez hizketan hasteko. Orduantxe esan zuten prest daudela, eta bakoitzak ordezkari bana izendatu du. Uztarriak ere bai. Ikusiko dugu zer ematen duen, zer pauso segitzen ditugun denok, zer epe jartzen ditugun... Egun hauetan hasiko gara zehatzago hitz egiten. (...) Produktu eta proiektu estrategikoekin segitzea da Uztarriaren asmoa. Denon artean asko egin dugu Azpeitian, baina asko dugu egiteko Komunikazioan, Euskaran eta Kulturan. Denok ere lortu dugu arlo estrategikoetan sartzea Uztarria, herritarrak, eragileak, Udala...; hau da, euskarazko komunikabideetan sartzea, kultur azpiegituretan, euskararen normalizazioan. Baina etorkizuna oinarri sendoen gainean eraikitzeko baldintzak eta baliabideak sortzea falta zaigu".
Lan horretan ari gara.
Besterik gabe,
Uztarria Kultur Koordinakundea
3. JR - 2006-10-16 | 16:10
Uztarriari: pozten naiz. Eskerrik asko informazioagatik. Eta segi orain arte bezala lanean (ahal dela indar gehiagorekin, je....). Ondo ari zarete
4. Poldo - 2006-10-17 | 16:27
Oso ondo dago kulturaldia, baina penagarria da Urolako lehen kultur zirkuituan Uztarria ez egotea. Azkoitia, Zestoa eta Zumaiakoek literatura/poesia emanaldi bateratuak antolatu dituzte. Uztarriak urriaren 22an daukanak bertarako oso aproposa izanik, zein arrazoirengatik ez dago Urolako zirkuituan barne?
|
Erantzuteko izena eman behar duzu
|
|
|