Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2009ko urtarrilek 6,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Albisteak »  HITZA zergatik lagundu behar den

 ALBISTEAK

 HARPIDETU

Eman zure e-posta, uztarria.com-eko albisteen sarrerako testua jaso nahi baduzu



Informazio gehiago

 ORRI HAU...

 

HITZA zergatik lagundu behar den

IRITZIA | Enekoitz Esnaola (Urola-Kostako Hedabideak S.L.-ren izenean) |  2004/09/13  18:30

Otsailean sortu genuen Urola-Kostako Hitza, eta, normala den bezala, hilabete batzuk lehenago hasi ginen proiektua mamitzen eta eskualdean azaltzen. Udalei, esaterako, iazko urte bukaeran hasi ginen azalpenak ematen, eta proiektuaren idatzia emanez, bideragarritasun plana ere bai, edozer zalantza-edo zutela deitzeko esanez... Orduan ona izan zen udalen harrera.

Proiektu hau komunikatiboki oso garrantzitsua da. Gainera, euskararen normalizazio planetan bete-betean txertatzen da, gero ikusiko dugun bezala. Urola-Kostako udal gehienak —zazpi herri handienetakoak— Eusko Jaurlaritzaren Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia garatzen ari dira, norbere herrira egokituta (Azkoitia, Azpeitia —2001 bukaeran onartu zuen, eta 2003 bukaeran jarri zituen martxan 2003-2007ko Plan Estrategikoa eta 2004ko Kudeaketa Plana—, Zestoa, Zumaia, Zarautz, Getaria eta Orio), baina iritsi da Hitzaren diru laguntza eskaerari erantzuteko garaia, eta orain arte jaso ditugun erantzunen arabera, Zestoako eta Getariako udalek ez diote eurorik emango Hitzari; Aizarnazabalgoak bai, eskatutakoa. Ikusi egin behar aste hauetan beste udalek zer dioten...

Zazpi hilabete dira egunkari hau sortu genuenetik, baina oraindik ere batzuen aurrean proiektu honen izaera, ezaugarriak eta garrantzia azpimarratu beharrean gaude.

UROLA-KOSTAKO HITZA egunkaria. 2004ko otsailaren 20an sortu zen Urola-Kostako Hitza, eskualdeko herri aldizkarien euskara elkarteen [besteak beste, Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinadoraren], Bertako Hedabideen (Euskarazko Komunikazio Taldekoa) eta Urola-Kostako gizarte eragileen artean [horietatik 4 Azpeitikoak], eta honatx egunkariak harrezkero 163 zenbakietan egin edota lortu duena:

  • Eskualdeari buruz informatzen du. [Normalean, Azpeitiak orrialde bat du egunero]
  • Euskarazkoa da.
  • Astean sei aldiz banatzen da, eskatzen duenari.
  • Eskualdean egunero 7.000 ale banatzen ditu Hitzak; tirada goraka doa. [Azpeitian egunero 2.200 ale banatzen dira, eta helburua 2.300 banatzea da]
  • 8 orrialdekoa da. Batzuetan 12koa. Herri informazioa euskaraz egunero prentsan ematean eskualdean zegoen hutsunea betetzeko sortu zen Hitza.
  • Bere oinarriak: euskaltzalea, plurala eta orekatua, baterakoia, parte-hartzailea, independentea, eta konprometitua eta profesionala.
  • Egunkariaren 100. zenbakian Hitzaren harpidedunen artean inkesta egin zen:

    %76k diote Hitza egunkari “ona” dela. %23k “oso ona” dela.

    %87k diote “erraz edo oso erraz ulertzen” dutela.

    %75ek diote “eskualdeko aniztasuna ondo errespetatzen” duela Hitzak (%21ek diote ez dakitela edo ez dute erantzun). %4k baino ez diote “ez” duela “ondo errespetatzen”.

    %85ek diote “erakundeen diru laguntza behar” duela. Ezezkoa, %2k.

EBPN eta UROLA-KOSTAKO HITZA. Euskara

Biziberritzeko Plan Nagusiaren “helburu nagusia, euskaraz bizi nahi duten herritarrei horretarako aukerak bermatzeko behar diren hizkuntza-politikako neurriak erabakitzea eta bultzatzea da. Euskal Herrian, maila pertsonalean, sozialean eta ofizialean, euskararen berreskurapen osoa lortzeko euskararen aldeko urratsak areagotzea”.

Hauek dira EBPNren “Plan Estrategikoaren hiru helburu estrategikoak:

  • 1. Euskara ondorengoetaratzea (...).
  • 2. Euskararen erabilera: euskararen aldeko auzogintza eta zerbitzugintza (...).
  • 3. Euskararen elikadura: hedabideak...”.

EBPN eta hedabideak.

  • Hauxe dio EBPNk: “Komunikabideen garrantzia gero eta handiagoa denez, euskarazko komunikabideak hizkuntza-normalizazioaren arlo estrategikotzat jo behar ditu administrazioak”. EBPNren hirugarren ardatz estrategikoak dio euskarazko komunikabideek “lehentasun altua” dutela eta “toki mailako euskarazko komunikabideak sustatu eta landu” egin behar direla.

Hauek dira Urola-Kostako Hitzaren helburuak, proiektuan jartzen duen bezala:

  • “Euskara, euskararen inguruko mugimenduak eta euskaltzaletasuna sustatzea eta laguntzea.
  • Euskararen normalizazioa eta garapena lortzeko baliagarri izatea.
  • Herritarrei eta taldeei hitza ematea.
  • Urola-Kostako euskarazko komunikabideen elkarteen eta Euskal Herri mailako euskarazko egunkariaren erakundearen artean elkar ezagutza handiagoa lortzea, guztien artean eskualdeko informaziorako Urola-Kostan erakunde bakarra eta sendoa sortzea, proiektu berrietarako akordioak lortzeko eta elkarrekin lan egiteko.
  • Euskarazko komunikabideen erreferentzialtasuna lortzea”.

Beraz, guk uste Urola-Kostan euskara zabaltzeko eta indartzeko, eta euskararen normalizazioa lortzeko bidean, helburu egokiak direla Hitza egunkariarenak.

  • EBPNk 1998an zioen “euskarazko herri aldizkariak baino ez” direla iritsi “irakurleria zabal batengana”, eta “euskarazko prentsa erdarazkoaren mendekoa” dela.

Urola-Kostako Hedabideen ustez, gure eskualdeko euskarazko herri aldizkariek (beste eskualdeetakoek bezala) oso lan ona egin dute eta egiten dute. EBPNk 1998an hori esan zuenean, Euskal Herrian ez zegoen eguneroko euskarazko herri/eskualde egunkaririk, eta logikoa zen hori esatea. Harrezkero, ordea, errealitatea bestelakoa da, gaur egun badaudelako eguneroko euskarazko herri/eskualde egunkariak: Hernaniko Kronika eta lau Hitza —urritik aurrera bost, Goierrin sortuko delako—. Gure eskualdeari gagozkiola, Urola-Kostako Hitzaren sorreraz geroztik, Hitza bera ez da “erdarazko prentsaren mendekoa”. Arrazoiak:

  • Dagoeneko eskualdean gehien banatzen den egunkariaren pareko tirada du Hitzak, eta laster lortuko du egunkaririk zabalduena izatea [Azpeitian lortua du, 2.200 banatzen dituelako, eta El Diario Vasco egunkari erdaldunak 1.300]. Beste Hitzekin gertatzen den bezala, euskarazko eguneroko prentsak inoiz lortu ez duena da hori.
  • Urola-Kostan Hitza da eskualdeari buruz gehien informatzen duen egunkaria, eta irakurleen ustez, “egunkari ona da”.
  • EBPN: “Jokaera enpresarial egokiaren aldeko apustua egin behar du prentsak. Produktu desberdinak eta merkatuan lehiatzeko modukoak eskaintzea ezinbestekoa da. Gobernuak [Eusko Jaurlaritzak] sektore ekonomiko bat dela onartu eta enpresa-trataera eman behar dio”.

Urola-Kostako Hedabideak ados dago: egitura eta produktu sendoen beharra du euskarazko prentsak, eta, beraz, Urola-Kostako Hitzak ere bai. Baina horretarako, baliabide ekonomikoak behar dira. Salmenta (harpidedunei borondateko diru laguntza eskatzeko asmoa dugu: 40-50 euro urtean, egunkaria 285 aldiz etxean jasotzeagatik; seguru gaude babes handia jasoko dugula), publizitatea (goraka goaz) eta diru laguntzak dira euskarazko prentsaren hiru diru baliabide garrantzitsuenak.

Diru laguntzen kasuan, ordea, gure ustez gaur egungo politika ez da egitura enpresariala sendotzeko egokiena. Oro har, ideia nagusi bat dute oinarrian laguntza horiek guztiek: euskarazko produktuak ez dira errentagarriak, urtero defizita sortzen dute, eta horri aurre egiteko gehienez ere defizita estaltzeko adinako laguntza emango da (kasu batzuetan ezta hori ere, Hitzak urtean biztanleko hiru euroko laguntza eskatua duelako eta, oraingoz, udal batzuek ez dutelako batere lagunduko). Defizita estaltzeko politika horrek ez du bide ona eskaintzen enpresa egitura sendotzeko, urteroko diru-sarrerak, jarduerari aurre egiteko baino gehiago ez duelako eskaintzen.

Beste era bateko planteamendua beharko litzateke; proiektu berriak, bideragarriak diren neurrian, enpresa sendotzera begirako laguntza jaso beharko luke lehen urteetan, eta bere bidea egin ahala defizita estaltzera bakarrik bideratu, laguntza publikoak urteko aurrekontuan gero eta pisu txikiagoa izateko modua jarriz, baldin eta proiektu berririk ez badu enpresak (‘defizita’ diogu, kontuan hartu behar baita euskara ez dagoela normalizatua: prentsan, adibidez, euskaldunen gehiengoak ez du euskarazko produktuak erosteko ohiturarik...). Gure planteamendu hori sektorearen eta instituzioen artean landu eta adostu beharreko gaia da, bestela beti ibiliko baikara urtero itota horrela dabilen egiturarekin.

Urola-Kostan Hitzak bide ona eta garrantzitsua zabaldu du, eta bada garaia eskualdeko erakunde publikoekin diru laguntzen kasuan behar bezalako adostasunera iristeko (Urola-Kostako Hitzak 2004an 631.000 euroko aurrekontua du).

Udal diru laguntzak. Eskualdeko udal bakoitzari urtean biztanleko hiru euroko diru laguntza eskaera egina diogu [Azpeitiko Udalari, beraz, 40.000 eurokoa]. Proiektu honek, hasieratik sendotasuna izateko, behar duen laguntza da, arrazoi hauegatik:

  • Euskararen normalizazioari ekarpen handia egiten dio Hitzak.
  • Gaurko gizartean komunikabideen alorra estrategikoa da, Euskal Herriak euskarazko komunikabide indartsuak behar ditu, eta bide horretan eta euskarazko komunikabideen erreferentzialtasuna lortzeko bidean, pauso handia da Hitza.
  • Herritarrei zerbitzu informatibo handia ematen die Hitzak.
  • Herriko eta eskualdeko plaza da Hitza, elkar ezagutzarako eta integraziorako bide ematen du; betiere egunkaria bera pluraltasunean oinarrituta.

 

 

1.  Independientea? - 2004-09-14 | 14:26
Maiz entzun dugu Hitza zein Berria egunkariaren independentziaz hitz egiten. Baina, tamalez, maiz zail egiten zait independentzia mota hori ulertzea. Independienteak inoren dependentziarik ez duela esan nahi badu behintzat.
Hitza herriaren proiektu bezala ulertu genuenok, jakin bagenekien hasiera hasieratik, horrelako proiektu batek diruaren beharra izaten duela. Gainera, nik neuk behintzat ongi ulertzen nuen horrelako proiektu batek herri instituzioetatik jaso behar duen atxikimendu eta laguntza ekonomikoa beharrezkoak (asko lagunduko zutela, behintzat)zirela, baina hortik aurreraxeago joaten ari dela uste dut nik.
Herri komunikabideek herrian gertatzen denaz informatu behar dute, gertatzen denaz. Eta aste berean mugimendu sozial zein politikoren batek 5 ekimen garrantzitsu egiten baditu, bostak egin ditu eta bostak informatzea izango litzateke independienteena. Ez ordea, independentzia zaintzeagatik bestelako mugimenduen albisteak ateratzen ibili, batzuk behin atera direlako. Zergatik? Agian gutxi atera direnek diru gehiago ematen dutelako eta haserretu egingo direlako?
Tamalez, euskal prentsari arazo txiki bat ikusten diot, eta ez dakit Egunkariaren afera hura izan zelako den edo zergatik den. Baina ezker abertzalea ez dela hain hain hain garbi utzi nahian, independentzia osoa galtzen ari dela uste dut.
Urola kostako hitza, behintzat, dirua ematen duten horietatik ez dela hain independiente esango nuke nik.

2.  Ados - 2004-09-14 | 15:47
Ados aurrekoarekin. Gauza bat da zabala izatea, bestea zabaltasunaren izenean boterea dutenek gustoko ez dituzten gauzak ezkutatzea edo garrantzia gutxiago ematea.

3.  1.ari - 2004-09-14 | 15:57
1. "Independienteak inoren dependentziarik ez duela esan nahi badu behintzat", esan duk. Independenteak, informatiboki, erabakiak hartzean... Hori beti. Gertatzen da ekonomikoki euskarazko produktuek oraindik diru laguntza publikoen beharra dutela. Betie ere, ahal den produkturik onena egiteko.

2. "Urola kostako hitza, behintzat, dirua ematen duten horietatik ez dela hain independiente esango nuke nik", esan duk. Baina zer ari haiz esaten, ez ditek-eta dirua ematen!




4.  3.ari - 2004-09-14 | 18:48
"Dirua jaso nahi duen hoietatik", agian egokiago. Baina edukiak bera izaten jarraitzen du. Bestalde, ez idatzi "hika" mutila balitz bezala, ez dakizun bitartean behintzat. Besterik gabe.

5.  LEHENENGOARI - 2004-09-15 | 11:10
Ez dago komunikabide independienteagorik, bi aldetatik kritika zorrotzak eta laudorioak jaso ditzakeenak baino. Eta iruditzen zait BERRIA zein HITZA hor kokatzen direla. Ezker Abertzale ingurutik, herri mugimenduen ingurutik jaso du kritikarik, baina baita PNV-EA ingurutik ere, bai latzak!!
Zaila da herri puta honetan guztien nahia egitea. Batzuetan alde bat moskeatuko da, hurrena bestea... baino hala ere egon daitezkeen egunkari independienteenetakoak direla iruditzen zait. Dependentzia politikoa badute, noski, euskararekikoa ordea.
Besterik ez
BERRIA eta HITZAko harpidedun bat

6.  Independientea??? - 2004-09-15 | 13:52
Nire ustez bai Hitza ta bai Egunkaria, biei falta zaie independente izateko dexente. Naiz eta noizean behin albiste batzuk atera Eaj-Ea alderdiak gustora usteko, orokorrean ezker abertzalera gehiegi lotuta daudela iruditzen zait.

Euskeraz euskaldunon egunkari bat den komunikabide ororentzat alderdikariak soberan daudela iruditzen zait.




7.  Andres - 2004-09-15 | 15:06
Doako akusazioak botatzen dituzuela iruditzen zait Hitza eta Berriaren aurka. Akusatzen duenak, frogak eman behar ditu. Adibideak. Eta horretaraxe gonbidatzen zaituztet, adibideak ematera. Adibide konkretuak. Ea zertaz ari garen hitzegiten.



8.  4.ari 3.ak - 2004-09-15 | 15:12
1. "'Dirua jaso nahi duen hoietatik', agian egokiago. Baina edukiak bera izaten jarraitzen du", esan duzu. Gauza bat da gauzak informatiboki ondo ez egitea (eta Hitzak ere egingo zituen gauzak gaizki), baina beste gauza bat norbaitekiko dependientea izatea. Eta Hitza, uste detenez, bere ildoan ez da dependientea inorengandik.

2. "Bestalde, ez idatzi 'hika' mutila balitz bezala, ez dakizun bitartean behintzat". Hor arrazoia.

Besterik gabe.

9.  6.ari - 2004-09-15 | 15:20
1. "Nire ustez bai Hitza ta bai Egunkaria, biei falta zaie independente izateko dexente. Naiz eta noizean behin albiste batzuk atera Eaj-Ea alderdiak gustora usteko, orokorrean ezker abertzalera gehiegi lotuta daudela iruditzen zait", esan dezu. Oraindik 'Egunkaria' aipatzen al duzu? Aizu, hura itxi zuten —armaz— eta 'Berria' sortu zen, eh, ez badakizu ere.

2. 'Egunkaria' aipatzen zabiltza. Ez dut uste 'Berria' asko irakurriko duzunik, beraz. Baina 'Berria'-rekiko betiko topikoetan, kanpeon zu zeu!

10.  Hitza eta berria - 2004-09-15 | 20:21
Ez dut uste Hitzak eta Berriak daramaten ildo informatiboa berbera denik. Berria ausartagoa iruditzen zait, lotura gutxiagokoa. Bestalde Tolosaldeko Hitza ere irakurtzen dut, eta hemengoa baino independienteagoa dela esango nuke, inguruko udalekiko dependentzia gutxiagokoa. Hitza eta Berriako harpideduna.

11.  10.ari Enekoitzek - 2004-09-15 | 21:17
Kaixo. Nik biak, Tolosaldeko Hitza eta Urola-Kostako Hitza, irakurle bezala ez ezik barrutik ere ezagutzen ditut, eta biek ildo informatibo bera dute: independentea.

Beste kontu bat da kazetaritza egiteko eran (eta edozein komunikabidez ari naiz), bat bestea baino ausartagoa den, pausatuagoa den... Faktore asko daude atzean: komunikabidearen ibilbidea, esperientzia, tokiaren ezaugarriak, irakurleen irizpide kritikoa (kazetariok eskertzen duguna)... Baina, euskarazko egunkarien kasuan (behintzat), ildo informatiboaren independentziak ez du zerikusirik faktore horiekin.



12.  Enekoitzi. - 2004-09-16 | 10:29
Zuk argi duzu Hitza-k edozein momentutan edozein albiste ateratatzeko ausardia izango lukeela, jakingo balu Azpeitiko udalari ez zitzaiola batere gustatuko?
Nik ez dut batere argi. Harpidedun bat.

13.  12.ari Enekoitzek - 2004-09-16 | 10:51
Albisteak informatiboki interesa badu, informazioa zehatza bada, kontrastatua bada... bai. Dudarik gabe.

14.  Laguntza bai edo ez? - 2004-09-16 | 10:53
Beno, laguntzei dagokionez, harira: Hitza bezelako proiektu bat lagundu behar al du udalak, bai edo ez? Nik oso garbi daukat: BAI. Euskarazkoa da, ona, eta beharrezkoa. Euskaldunok gure tresnak behar ditugu.

15.  Dependentzia ekonomikoa - 2004-09-16 | 12:40
Euskarazko egunkari eta herri aldizkarien zamarik haundiena instituzioenganako duten dependentzia ekonomikoa da. Proiektu hauek, espainolez egiten diren beste hainbat bezala, dirua ematen duten interesak eta errealitatearen kronika bat egitearen konpromisoaren artean kulunkatzen dira. Helburua egunkari independientea egitea izango da, baina gaurkoz ukaezina da HITZAri urrats batzuk falta zaizkiola helburu horretara iristeko. Badakigu udaletako diru laguntzak momentuan boterean dagoenari laguntzen zaionaren arabera izaten direla. Eta udalek dirulaguntzarik ez ematearen arrazoia HITZAren proiektua ahalik eta gehiena baldintzatzeko ahalegin batean ulertu behar genuke. Orain HITZA beraren esku dago udalek botatako enbidoari nola erantzun erabakitzea.
Amaitzeko,otsailetik egunero euskarazko egunkari bat kaleratzeko izaten ari zareten ahalmenagatik zoriontzea besterik ez.

16.  15.ari - 2004-09-16 | 14:49
1. "Euskarazko egunkari eta herri aldizkarien zamarik haundiena instituzioenganako duten dependentzia ekonomikoa da". Oso desberdinak dira dependentzia ekonomikoa eta ildo informatiboaren dependentzia. Jakina behar duela Hitzak udalen (eta erakunde publikoen) dirua. Euskarazko beste medioek bezala (ez ahaztu euskara ez dagoela normalizatua, eta jendeak ez duela euskarazko egunkariak erosteko ohiturarik). Baina gaur egun, euskalgintzan dependentzia ekonomiko hori ez da euskarazko komunikabideetan bakarrik gertatzen. Ikastolek ere behar dute erakunde publikoen laguntza, liburugintzak ere bai, eta abar.

2. "Badakigu udaletako diru laguntzak momentuan boterean dagoenari laguntzen zaionaren arabera izaten direla", esan duzu. Ez nago ados. Adibideak. Eusko Jaurlaritzak 1990 hamarkada hasieran ez zion Egunkariari diru laguntzarik ematen (Egunkaria sortu zenean). 1994an hasi zen ematen. Egunkariak ildo informatiboa aldatu zuelako? Ez. Hitza-ren kasuan (orduan Egunero), Tolosaldean EAJk ez zion diru laguntzarik ematen hasieran. Urtebetera hasi zen alde azaltzen. Egunero-k ildo informatiboa aldatu zuelako? Ez. Eta horrela gertatu da, tamalez, euskarazko prentsako ia produktu denekin. Azkenean iritzia eta jarrera aldatzen duena EAJ izaten da, ez euskarazko aldizkari edo egunkari hori. Izan ere, hauek beti independenteak dira ildo informatiboan eta oinarrietan; alegia, pluralak, zabalak, baterakoiak... Espainiako Estatuari (ere) horrenbeste mina ematen diona.

17.  12.ari - 2004-09-17 | 10:40
Zergatik egiten duzu galdera hori? HITZAk informazioren bat landu gabe utzi al du Azpeitian, zure ustez, apropos? Zer informazio? Ezker abertzaleak ez duela koberturarik HITZAn, hori esan nahi duzu? Ez ote da alderantzizkoa gertatzen: ezker abertzaleak herrian eragiten duen mugimendu urriarentzako (urtean ekitaldi solte batzuk) kobertura esajeratua ematen diola HITZAk???

18.  1.ari - 2004-09-17 | 10:42
"Eta aste berean mugimendu sozial zein politikoren batek 5 ekimen garrantzitsu" aipatu duzu. Ez zara Azpeitiagatik ariko, ezta? Aste berean 5 ekimen garrantzitsu ez dira ikusi azken urteetan....

19.  nahasten - 2004-09-17 | 10:47
Hamen jendie gauzek nahasten ari dek. Gauza bat dek, nere ustez, ez dakit zer talden edo mugimenduren ez dakit zer informaziyo ez argitaratzie. Baina hortik udalen dependientie dala esatera.... Adarra jotzen ari al zarete? Hor beste faktore asko daude: kazetari konkretu baten lana, talde hoyen komunikatzeko gaitasune, HITZAn egun hoyetan dauden best gayek zenbateainoko inportantiek dien...

20.  lagundu - 2004-09-17 | 11:14
Hemen dagoen iritzi artikuluek Hitza zeatik lagundu behar dan esaten du, eta ni ados nago. Aurrera euskarazko prentsa!


 

 

Erantzuteko izena eman behar duzu



»» Pasahitza ahaztu zait
»» Lehenengo aldia da eta alta eman nahi dut

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak