Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2009ko urtarrilek 7,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Albisteak »  Azpeitiarrik ez, bertsolari finalean

 ALBISTEAK

 HARPIDETU

Eman zure e-posta, uztarria.com-eko albisteen sarrerako testua jaso nahi baduzu



Informazio gehiago

 ORRI HAU...

 

Azpeitiarrik ez, bertsolari finalean

KULTURA | Josu Azpillaga |  2003/11/24  09:59

Zarautzen aritu zen Jokin Uranga, beste bost bertsolarirekin batera, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren bigarren finalaurrekoan. Lan ona egin zuen, baina finalak ihes egin dio.

Sei bertsolari ziren atzokoan, kantari: **Nahikari Gabilondo, Iņaki Gurrutxaga, Jokin Uranga, Aitor Sarriegi, Iņaki Zelaia eta Ekaitz Goikoetxea**. Finalerako txartel zuzena, Ekaitz Goikoetxea beasaindarrak eraman zuen.

Atzoko saioa ez zen punta-puntako saioa izan, baina bai akatsik gabea eta detaile politak utzi zituena. Inor ez zen bereziki nabarmendu, eta "pronostikoak" egitea oso zaila zegoen saioaren bukaeran. Puntuazioak berak ere erakusten du denek artean izan zen oreka: aurrenekotik seigarrengora 27 punturen aldea baino ez zen izan. Eta, bigarrengotik bostgarregnora 10 puntu eskasena.

Jokin Uranga, oso txukun

Lasaitu ederra hartuko zuen atzokoan Jokin-ek. Txapelketa bikaina egin du, eta horren ondorioz, finaleko atarian gelditu da. Atzoko saioan ere lan polita egin zuen, txukuna oso.

Hamarreko txikian Aitor Sarriegi izan zuen kantulagun. Euskal Herrian denbora asko zeramaten bi emakume arabiarren azalean sartu ziren; Aitor beraien herriko erara jantzita eta Jokin aldatzeko prest.

Aitor Sarriegiren lehena:

Neure egin ditut euskara eta
hamaika kultur ondare
ta ikastolan matrikulatu
ditut hiru ume pare
nere begia hara begira
dago sarritan halare
Euskal Herrian bizi naiz baina
nor naizen ahaztu gabe

Eta Jokin Urangak hirugarrenean:

Gure janzkeraz jendea dabil
kalean kontu-kontari
kale ertzetik entzuten ditut
nik marmar guztiak adi
burua eta dena tapatuz
badegu tela ugari
bada garaia eman zaiogun
aurpegia munduari

Ondoren, hamarreko txikian aritu zen, oraingo honetan Nahikari Gabilondorekin, senar-emazte papelean. Nahikarik, emazteak, broma bat egin zion Jokini telebista saio batean. Hartara, neska polit baten bisita jaso zuen. Telebistan broma ikusi berri dute eta hizketan hasi dira. Jokin-ek, lehen bertsoan, hori ez zela "broma, putada bat baizik" bota zion.

Puntutan aritu ziren ondoren guztiak, Jokin Ekaitz Goikoetxearekin. Txapelketako kartelean agertzen diren bi aurpegiak norenak ote diren galdezka, elkarrizketan aritu ziren Jokin eta Ekaitz.

Bakarkada lana iritsi zen ondoren. Eskale bat etorri zitzion etxera Jokini. Baina ez zion dirurik eskatzen. Konpainia eske zetorren. Zazpi puntuko doinuan, ongi bideratu zuen Jokin-ek gaia lehen bertsoan, bukaera indartsuarekin. "Zuretzat beste badaukat eta, etorri zaitez barrura". Bigarren bertsoan historia borobiltzen saiatu arren, tarteko bi puntuek nahasi xamar utzi zuten historia. Hirugarrengoan, bere jokabidea "ejenplu izan dadila" esanez bukatu zuen.

Kartzelako lanean, seiko txikian, bikote papera hartu zuten, bi ume zituzten bikote papera. Banatzekotan zeuden.

Puntuazioa

Honako hau izan zen bukaera sailkapena:

  1. Ekaitz Goikoetxea 486
  2. Iņaki Gurrutxaga 480
  3. Iņaki Zelaia 474
  4. Jokin Uranga 470,5
  5. Aitor Sarriegi 469,5
  6. Nahikari Gabilondo 459

Txapelketa bikaina, Jokin-ek

Pozik egoteko moduan da Jokin, txapelketa bikaina egin baitu. Atzo ere, ale politak utzi zituen, eta akatsik gabeko saioa osatu zuen. Agurrean ere, umore finez, polikiroldegi osoa farrez utzi zuen. Eskertzekoa, txapelketetako saioetan umore hori. Zorionak, beraz, Jokini.

Lau azpeitiar abiatu ziren txapelketa honetan. Lautik bi gelditu ziren final-laurdenetarako. Bitik bat final-erdietarako, Jokin, eta ez da azpeitiarrik izango finalean.

Informazio gehiago www.bertsozale.com webgunean.

 

 

1.  aspaldiko l aguna - 2003-11-24 | 10:29
Finaleko atarin gelditu arren, zorionak jokin! Bertsotako behintzat baliozula argi uztezu ta!

2.  Aupa Jokin!!! - 2003-11-24 | 11:42
Zorionak jokin ein dekan txapelketa biribilleatik, ta batipat atzoko saiueatik, bikain eon hitzean.

Eta atzo Ekaitz lenen?????????? Etzuen merezi, ezta gutxiyoike!!!

3.  A.Z. - 2003-11-24 | 18:53
Zorionak Jokin,denagatik baina batez ere atzoko saioagatik.Erakutsi huan puxkaterako badugula bertsolari bat gutxienez herrian. Arkaitz Goikotxea lenen?? Frontoi guztia geratu zen harrituta. Galdera bat han egon ziten denei? Jokin eta Sarriegiren artean puntu bat besterik ez?

4.  Aupa Jokin!!! - 2003-11-25 | 08:06
Lotsagarriye bukaerako sailkapena, len esan detan bezela. Nere ustez ola izenberko luke.

Iņaki Gurrutxaga
Jokin Uranga
Ekaitz Goikoetxea
Aitor Sarriegi
Iņaki Zelaia
Nahikari Gabilondo

5.  ke pasō,guey!! - 2003-11-26 | 21:51
Aupa Uranga iyiye huan.ez etsi, hurrunguen bale izengo haiz.

6.  Ņo - 2003-11-27 | 11:24
Etzeate makalak sailkapen da guzti emateko gai bazarete. Saioa bertsoz bertso puntuatzeko gai izan al zarete? Nahiko lotsagarria iruditzen zaidak bertso saio batera futbol partida batera joaten direnak moduan joatea, naiz eta txapelketako saio bat izan.

3.ari idazterakoan zehatzagoa izan dedila eskatuko nioan izenak erabili behar baditu behintzat badelako beste bertsolari bat Arkaitz Goikoetxea deitzen dena.

Bestalde, ze kulpa dik Ekaitzek? zergaitik ez dituzue epaimaikideak kritikatzen?, eta bukatzeko, zuen bertsolariaren sailkapena bakarrik interesatzen bazaizkizue zergatik etzerate etxean geratzen eta irratitik entzuten azken emaitza?

7.  6garrenai - 2003-11-27 | 14:29
Gu ezgaituk makalak izengo baino hi itxura guztiyek ateatzeituk. Bertsuek gustatze bazaxkik ta ez baaiz eure pronostiko bat emateko gai, ba...

Txapelketa saio batea ni behintzet bertsuek aitzea jute nauk, ta beste danake baietz usteiat baietz, gero plazako alderaute puntuaziyue zeok. Ta bertsuek kritikatzeixkiaun bezela puntuaziyue kritikatzeko eskubidie eukoiau ez?

Beset kontu bat, eztiat uste emen iņok esan dula ekaitzek kulpaik dunik, ta argi geldiu dala epaimayek ein zula lan txarra. Ta irratiyen aitzien hori, ba, puntuaziyue emateko bertsuek aitu ein ber dituk ta usteiat hemen bertsuek aitu gabe kritikak eiten ai dan bakarra hi aizela.


8.  Ņo - 2003-11-27 | 17:12
Bai, arrazoia daukak, bertso saio konkretu hori ez nian entzuteik izan eta horregatik ez diat bertso saio hori kritikatu, zuen esanak baizik (edo zuen esateko erak).

Bai, egille dek iņork ez dula Ekaitzek kulpaik dunik esan, baina bere izena ainbeste aldiz entzuteak pentsaerazi egiten dik. Ez al huan kuriosoago geratuko zuzenean epaia ez zaizuela gustatu aipatzeak eta punto? ze uste diat Jokinen aurretik beste pare bat edo bazirela, ezta?

Bai, arrazoia daukak, eskubide osoa diagu guztiok elkar kritikatzeko edo gure opinioak hemen adierazteko, edo hire esanak ez dituk kritikagarriak?

Amaitzeko, aupa Jokin! zegizak gure belarriak gozatzeko lanean (eta bertsolari berriak hezteko langintzan), plazaz plaza eskertuko diagu.

 

 

Erantzuteko izena eman behar duzu



»» Pasahitza ahaztu zait
»» Lehenengo aldia da eta alta eman nahi dut

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak